Gaur goizaldean Errusiak beste erasoaldi masibo bat egin du Ukrainan. Ukrainako iturri ofizialen arabera, Moskuk 496 drone eta 74 misil jaurti ditu guztira, eta Kiev hiriburuan izan dira kalterik handienak, beste behin. Ukrainako Gobernuak jakinarazi duenez, gutxienez hamazazpi lagun hil dira han. Ukrainako armadak, berriz, pertsona bat hil du Errusian, aire bidezko eraso batean.
Ukrainako aire armadak zabaldu duenez, 476 drone eta 48 misil atzeman ditu gaur goizaldean, baina gainerako jaurtigaiek —20 dronek eta 26 misilek— Ukrainako 33 kokaleku jo dituzte.
Ukrainako lehen ministro Julia Sviridenkok Telegram bidez zabaldutako mezu batean adierazi du erasoaren helburu nagusia Kiev zela, eta han eragin dituztela kalterik handienak. Nabarmendu duenez, gutxienez hamazazpi lagun hil dira Ukrainako hiriburuan, eta hogei eraikin inguru jo ditu Errusiako armadak.
Errusiako Defentsa Ministerioak gaur Max mezularitza sistema propioaren bidez adierazi duenez, «helburu militarrak» jo ditu erasoaldian. Besteak beste, misilak egiteko beharrezkoak diren osagaien fabrika bat eta droneen biltegi bat, esan duenez.
Defentsa Ministerioak zabaldutakoaren arabera, Kieven «irrati elektronikako osagaiak muntatzen dituen Radioniks instalazioari» egin diote eraso. Azaldu dutenez, instalazio horretan irismen luzerako misilentzako nabigazio sistemak dauzkate, baita hainbat eratako misilak ere. «Fabrikako ekoizpen horiek eragin zuzena daukate Ukrainako aire armadaren gerrarako gaitasunean», gaineratu dute.
Kallasek errusia babesten duten enpresak zigortu nahi ditu
Errusiak Kieven egindako erasoaldiaren ostean, Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuak gaur esan du Errusiako base industrial-militarra babesten duten enpresei zigor gehiago jartzea proposatuko duela. «Gaitzespen hitzek ez dituzte Kieven aurkako erasoak geldiaraziko. Ukrainari laguntza militarra emanda eta Mosku estuago hartuta soilik lor daiteke hori», gaineratu du X sare sozialean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen erantzuna X sare sozialaren bidez iritsi da. Gaur goizean zabaldutako mezu batean, Europari eta AEBei eskatu die aireko defentsa sistemen ekoizpenean aurrera egiteko.
G7ko herrialdeetako liderrek goi bilera bat egin zuten ekain erdialdean Evian-les-Bainsen, Frantzian, eta Ukrainako presidentearekin bildu ziren. Batzar hartan, Zelenskik laguntza militar handiagoa emateko eskatu zien munduko ekonomia nagusietako liderrei, batez ere AEBei. Izan ere, Washingtonek aireko defentsarako Patriot sistemak ekoizten ditu, eta horiek fabrikatzeko lizentzia eskatu zion Zelenskik Donald Trump AEBetako presidenteari.
Ukrainari aireko defentsa sistema eta irismen luzeko arma gehiago ematea adostu zuten orduan G7koek, eta, gainera, prest agertu ziren armak ekoizteko Ukrainaren gaitasuna «aztertzeko», eta, beharko balitz, gaitasun hori handitzeko.
Ukrainaren erantzuna, airez
Ukrainak ere eraso egin du Errusian, Ukrainako Gobernuak berak onartu duenez. Hainbat drone erabili ditu Lukoil hiriko findegi bati eraso egiteko, Nizhni Novgorod eskualdean, Moskutik 450 kilometro ingurura. Hango alkate Gleb Nikitinek Max mezularitza sistema propioan zabaldu duenez, Ukrainako armadak pèrtsona bat hil eta beste lau zauritu ditu eraso horretan.
Nikitinek gaineratu duenez, Ukrainako armadak jaurtitako 30 drone inguru atzeman ditu Errusiak, eta nabarmendu eraitsitako droneen pusketek «kalte arinak» eragin dituztela industria instalazio batean eta zenbait etxebizitzatan.