Errusiak hamabi pertsona hil ditu Kieven

Errusiak esan du energia instalazioak eta azpiegitura militarra zein industriala izan dituztela helburu. Errusiaren kontrako presio ekonomikoa areagotzeko eskatu die Ukrainak bere aliatuei.

Pertsona bat larunbatean Kieven aldirietan, Errusiak bonbardatutako etxe baten kanpoaldean. MIKOLA TIMCHENKO / EFE
Pertsona bat larunbatean Kieven aldirietan, Errusiak bonbardatutako etxe baten kanpoaldean. MIKOLA TIMCHENKO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 1a
09:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Konponbidea urrun dago oraindik Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran. Errusiak berriro bonbardatu du Kiev, eta gutxienez hamabi pertsona hil ditu Ukrainako hiriburuan eta haren aldirietan, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. 

Seigarren egunez jarraian jo dute Ukrainako hiriburua Moskuren droneek eta misil balistikoek. Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi duenez, energia instalazioak eta azpiegitura militarra zein industriala izan dituzte helburu, argudiatuta instalazio horiek Ukrainako armadarentzako materialaren zein erregaiaren biltegi gisa erabiltzen dituztela.

Ukrainaren esanetan, zortzi lagun hiriburuan bertan hil dira, eta lau aldirietan. Informazio horren arabera, hildakoetatik sei Ukrainako trenbide enpresa publikoaren langileak ziren. Errusiak jaurtitako droneek eta misilek hainbat etxebizitza bloke ere hondatu dituzte. Moskuk, gainera, herrialdearen hegoaldea ere jo du, jakinarazi duenez Odesa hiriari ere eraso egin baitio; Ukrainak ekipamendu militarra gordetzeko baliatzen zituen hainbat biltegi txikitu ditu, Defentsa Ministerioak azaldu duenez.

Horiek horrela, Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak nabarmendu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez duela bakerik nahi. X sare sozialean idatzitako mezu batean eskatu die Mendebaldeko aliatuei areagotzeko Errusiaren kontrako zigor ekonomikoak.  

Ukrainak ere Errusiaren kontrako erasoak areagotu ditu hilabeteak pasatu ahala, eta, nagusiki, Moskuren energia azpiegiturak ditu helburu. Atzo bi pertsona hil zituen Belgorod eskualde mugakidean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA