Kremlinek segitzen du fronteko lerrotik urrun  ere Ukrainari eraso egiten. Errusiaren eraso batean gutxienez 25 lagun hil dituzte gaur goizaldean, Ukraina mendebaldeko Ternopil hirian; hala jakinarazi du Volodimir Zelenski herrialdeko presidenteak sare sozialetan. Iturri ofizialen arabera, Errusiak jaurtitako bi misilek bi etxebizitza bloke jo dituzte, eta 75 lagun zauritu, gainera. Ternopil hiriari ez ezik, Errusiak eraso egin die Ukrainaren luze-zabaleko zenbait garraio eta energia azpiegiturari ere; guztira 470 drone eta 48 misil jaurti ditu, Ukrainako armadaren arabera —horietako gehienak eraitsi egin dituzte—.
Halaber, Errusiako Defentsa Ministerioak gaur sare sozialetan adierazi du Ukrainaren 65 misil eraitsi dituztela goizaldean. Misil horietako lau AEBetakoak ziren, eta Voronezh hirian bota dituzte —izen bereko eskualdeak muga egiten du Ukrainarekin—.
MOSKUK ETA WASHINGTONEK PLAN BAT ZIRRIBORRATU DUTE, KIEV GABE
Ankarara joan da gaur Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, Recep Tayyip Erdogan Turkiako bere homologoarekin elkartzera. Aintzat hartzekoa da Kieven eta Moskuren delegazioek Istanbulen hiru bilera egin zituztela maiatza eta uztail amaiera artean, eta presoak trukatzea eta gerra frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea adostu zutela negoziazio horietan —Moskuk esan du asteon prest dagoela Ukrainarekin berriro Istanbulen biltzeko—. Steve Witkoff Errusiarako eta Ekialde Hurbilerako AEBen ordezkaria ere joatekoa zen gaur Ankarara, baina bidaia bertan behera utzi du, Axios hedabideak gaur kaleratu duenez.
Are, AEBetako eta Errusiako iturri ofizialak aipatuz, AEBetako hedabide horrek jakinarazi du Washington eta Mosku gatazka amaitzeko 28 puntuko plan bat osatzen ari direla. Witkoffek berak eta Kiril Dmitriev Kremlinen ordezkariak parte hartu dute elkarrizketa horietan; hortaz, ez da izan ez Ukrainako, ez Europako ordezkaririk, nahiz eta solaskideek hizpide izan dituzten gerraren osteko «segurtasun bermeak».
Zelenskik esan du, Erdoganekin bildu ondoren, espero duela «aktibatutako ahalegin diplomatikoek» gatazkaren amaiera eragitea.
«Erasoaldi bakoitzak erakusten du Errusiari presio egitea ez dela nahikoa», esan du Zelenskik, sare sozialetan idatzi duen mezu batean: «Baleko zigorrek eta Ukrainari laguntzeak bakarrik alda dezakete hau guztia». Europako herrialdeetako agintariek, oro har, Errusiak frontetik urrun egindako eraso hori gaitzetsi dute.
Eta Poloniak uste du Errusia dagoela Polonia Ukrainarekin lotzen duen trenbideari igandean egindako erasoaren atzean. Horren harira, Zelenskik Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin hitz egin du gaur telefonoz, eta ondoren sare sozialetan idatzi duenez, gertatutakoari buruzko «informazio bera» dute Ukrainako eta Poloniako iturri ofizialek. «Egitate guztiek adierazten dute Errusia dagoela honen guztiaren atzean. Errusiak izan ezik, inork ez du interesik honetan».
«Ikuspegi orekatua»
Poloniak neurriak hartuz erantzun dio gertatutakoari. Batetik, Errusiak herrialdean zabalik zuen azken kontsuletxea ixtea erabaki du; Gdansken zegoen, eta Radoslaw Sikorski Atzerri ministroak eman du gaur erabakiaren berri, Poloniako Parlamentuan.
Bestetik, Varsoviak atzo jakinarazi zuen 400 soldadu hedatu dituela trenbide azpiegiturak gainbegiratzeko, eta Wladislaw Kosiniak Defentsa ministroak nabarmendu du gaur beren asmoa dela armadako beste 10.000 kide inguru hedatzea, herrialdeko azpiegitura kritikoak babesteko. «Helburua da sabotaje ekintzei aurre egitea, eta poloniarren segurtasuna handitzea», esan die kazetariei.
Poloniako trenbidean gertatutako leherketari «erantzun irmoa» ematearen aldekoa da Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburua. Halere, «ikuspegi orekatu bat» defendatu du gaur, defentsa esparruko ekimenak aurkezteko Europako Batzordeak Bruselan emandako prentsaurreko batean. «Gure erantzuna indartsuegia baldin bada, beldurra areagotu egiten da, eta hori da, hain zuzen, Errusiak nahi duena».
120Zenbat euro gutxiago jasoko dituzten errefuxiatu ukrainarrek Alemanian. Herrialdera aurtengo apirilaren 1aren ondoren iritsi diren errefuxiatu ukrainarrek jasotzen dituzten laguntzak 120 euro murriztea onartu du Alemaniako Ministroen Kontseiluak gaur. Lan Ministerioak ondu du lege proposamena, eta adierazi du helburu duela ukrainarrak lan merkatuan txertatzea. Orain arte, 563 euro jasotzen zituzten hilero.
Â