Atzean geratu zen Gerra Hotzeko espazio lasterketa. NASAk lortu zuen, Apolo 11 misioari esker, gizakia lehenbizikoz ilargiratzea, 1969ko uztailaren 20an. Satelitearen ekuatoretik hurbil egin zuten geldialdia. Dena dela, norgehiagoka bat amaitu orduko hasten da hurrena: inork, gaurdaino, ez du lortu Ilargiaren hego polora iristea. Eta horixe bera lortu nahi du Errusiak. Luna zeritzon Ilargia ikertzeko haren programari (1959-1976). Tarte horretan 24 misio bidali zituen. Gaur, jarraipena eman dio, Luna-25 misioarekin.
Harantz doa jada Rocosmos Errusiako Espazio Agentzia Federalaren espaziontzia; gauerdi aldera jaurti dute. Ilargiaren hego poloa zona baliotsua da; izan ere, eguzkiak ez du inoiz jotzen han, eta gainazalaren azpian izotza dago. Zientzialariek uste dute Ilargiko ur izoztua baliagarria izan daitekeela erregaia eta oxigenoa lortzeko, baita edateko ere.
Errusiako zundak Boguslawsky kraterra du helmuga. Bost egun barru helduko da, eta, ilargiratu aurretik, bost, sei edo zazpi egunez orbitatuko du. Abuztuaren 21a egutegian markatua dute.
Zerbaitengatik deritzo lasterketa: Errusiak lehiakide du ISRO Espazio Ikerketarako Indiako Agentzia. Aurrea hartzeko asmoa du: Indiak uztailaren 14an bidali zuen Chandrayaan-3misioa, baina espero dute hura abuztuaren 23an helduko dela Ilargiaren gainazalera.
Ezbeharrik ezean, misio horiek bi eguneko tartearekin helduko dira. Luna-25ek Bogulawskyn egingo du geldialdia; Chandrayaan-3k, berriz, Manzinus eta Simpelius kraterren artean. 120 kilometro ingurura egongo dira bata bestearengandik.
Lurraren sateliteko arrokak hona ekartzea lortu du Errusiak aurreko hiru misioetan. Oraingoan ez da hala izango. Bidali duten astromobila gai da 25 zentimetroko sakoneran diren laginak hartu eta bertan analizatzeko. Hemendik aurrerako misioen xedea, ordea, horiek Lurreraino ekartzea izango da. Aleksander Bloxenko Rocosmoseko proiektu aurreratuen zuzendariak aste honetan eman du Luna-26 misioaren berri; Ilargiaren orbitan geratuko da hori.
AEBak atzetik, baina sasoian
AEBek ere entzun dute irteteko pistola tiroa. Atzetik doaz epeari dagokionez, baina pauso bat aurrerago ere bai. Artemis deritzo NASAren misioari, eta roverbat ez, gizakia ilargiratzea da jomuga. Joan den urtearen amaieran egin zuten lehen urratsa, Artemis I misioarekin. Bidaiaririk gabeko Orion ontziak 26 eguneko bidaia egin zuen Lurretik Ilargira, eta berriz Lurrera itzuli.
2024ko azaroan emango diote segida, Artemis II misioarekin. Lau astronautak parte hartuko dute, baina ez dira ilargiratuko. Gregory Wisman izango da komandantea, eta harekin joango dira Christina Hammock Koch, misioko lehen emakumea, eta Victor Glover, lehen beltza. Jeremy Hansen kanadarra ere izango da. 2025erako dute aurreikusia Artemis programa amaitzea, Artemis III misioarekin. Martxoan aurkeztu zituzten hartako astronautek eramango dituzten jantziak. Ziur asko, NASA+ bidez ikusi ahalko dira biak ala biak. Plataformaren aurkezpen bideoan bertan entzun daiteke emakume bat hau esaten: «Goazen!».