Gerra amaitu ondoren Ukrainarako nazioarteko indar bat sortzeko konpromisoa hartu zuen Europak asteartean. Egun batzuk geroago, Errusiak mezu bat bidali die Kievi eta haren aliatuei: Orexnik misil hipersonikoa jaurti du Ukrainaren mendebaldeko hiri nagusira, Lvivera, Poloniako mugatik 70 kilometro ingurura. Horiek horrela, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «erantzun argi bat» eskatu dio munduari; «batez ere AEBei, Errusiak horiek kontuan hartzen baititu», idatzi du sare sozialetan. Errusiak, gainera, aire eraso gehiago egin ditu gaur Ukrainan, eta Kiev hiriburuan, esaterako, gutxienez lau pertsona hil ditu, eta 24 zauritu.
Kremlinen esanetan, Orexnik misil bat jaurti dute, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Nizhni Novgorod eskualdean duen etxe baten kontrako erasoa egin zuelako Ukrainak abenduaren 29an. Arrazoi hori eman du Defentsa Ministerioak, ohar batean. Kievek eta AEBek diote, baina, ez ziotela presidentearen etxebizitzari eraso egin, gezurra dela.
Kieven arabera, gaur Lviven egindako erasoak ez du biktimarik eragin, baina ezinbesteko azpiegitura bat hondatu du. Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak salatu du Errusiaren eraso hori «gerra krimen bat» dela, hain zuzen «azpiegitura kritiko bat» jo duelako.
Esanguratsua da bai misil hori jaurtitzea, bai noiz jaurti duen. 2024ko azaroaren 21ean lehen aldiz erabili zuen Errusiak, eta orduan Dnipropetrovsk eskualdeko fabrika militar bat jo zuen. Moskuk jakinarazi zuen 5.500 kilometroko bidea egin dezakeela misilak, eta buru nuklearrak garraiatu ditzakeela. Ordutik berriro jaurti gabea zen. Errusiako iturriek gaur esan dutenez, orduko 13.000 kilometroko abiadura hartu du misilak.
Moskuk abenduaren 30ean adierazi zuen Orexnik misilak hedatu zituela Bielorrusia herrialde aliatuan. Bideo bat baliatu zuen horren berri emateko, eta, bertan, Putinek esaten zuen antzemanezinak direla eta abiadura soinuarena halako hamar baino are azkarragoa dela. Dena den, azken urtean hedabideek galdetu dietenean Mendebaldeko aditu militarrei misil molde horren eraginkortasunaz, adierazi izan dute ez dutela gudu zelaian abantaila lortzeko modurik ematen.Â
Errusiak ez du zehaztu nondik jaurti duten Orexnik misila, baina Ukrainako iturri militarrek azaldu dute Astrakhan eskualdetik jaurti dutela; hau da, 2.000 kilometro inguruko bidea egin du. 2024ko azaroan ere handik jaurti zuen Moskuk.Â
«Ohartarazpena» Europari
Ukrainako Atzerri ministro Andri Xibigak azpimarratu du Orexnik misila EB Europako Batasunaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen mugetatik gertu erori dela, eta «mehatxu larri bat» dela kontinentearen segurtasunarentzat. Are, sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi du globala dela mehatxu hori, eta, hortaz, «erantzun globalak» behar direla.Â
Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak gaitzetsi egin du Errusiak Lviven aurka egindako erasoa, eta nabarmendu Europari eta AEBei egindako «ohartarazpen bat» dela. X-n idatzitako mezu batean planteatu du, batetik, EBko herrialdeek indar gehiago jartzea beren aireko defentsa sistemak indartzeko orduan; eta, bestetik, Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezartzea. Adierazi du, bide batez, Putinek ez duela «bakerik» nahi, «ahalegin diplomatikoei» misilen bidez erantzuten dielako.
Hain zuzen, Errusiak 36 misil jaurti ditu gaur, eta horietatik hemezortzi erorarazi ditu. Hori esan du Kievek. 242 drone ere baliatu ditu Ukrainari eraso egiteko, eta Ukrainaren aireko defentsa sistemek 226 erorarazi dituzte. Â
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroaren bulegoak argitaratutako ohar baten arabera, Starmerrek berak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak erasoaz hitz egin dute, eta «onartezintzat» jo dute. Alemaniako Gobernuak berak ere Errusiaren jarrera kritikatu du. «Probokaziorik egon ez den arren, Errusiak gatazka koska bat estutzen segitzen du», adierazi du prentsa agerraldi batean Steffen Meyer gobernuaren bozeramaileak, gertatutakoaz galdetu diotenean.