Washington eta Mosku Ukrainako gatazka izozteko plan bat prestatzen ari direla kaleratu du gaur AEBetako Bloomberg hedabideak, zenbait iturri aipatuz. Hau da, akordio hori lortuz gero, Errusiak erasoak etengo lituzke, eta Moskuren esku geratuko lirateke Ukrainan okupatu dituen lurraldeak. Datozen astean dira batzartzekoak Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako haren homologoa, eta, ordurako, adostasun batera heldu nahi dute Etxe Zuriak eta Kremlinek, Bloombergek aipatzen dituen iturrien arabera. Hain zuzen ere Poloniako lehen ministro Donald Tuskek adierazi du gaur «gerraren izozte bat» etor litekeela hurrengo egunetan, Putinek eta Trumpek egitekoa duten bilerari erreferentzia eginez.
Gaur amaitu da Trumpek Moskuri ezarritako hamar eguneko epemuga. Tarte horretan, Ukrainarako menia bat adostuko ez balu zigorrak ezarriko zizkiola egin zuen promes Etxe Zuriko maizterrak. Ez du, baina, oraingoz, halakorik egingo duenik baieztatu.
Putinek Krimea —Errusiak 2014an anexionatua— eta Donbass osoa nahi ditu bere esku. Horretarako, baina, Ukrainak tropak atera beharko lituzke Donbassko bi eskualde nagusietatik, Luhansk eta Donetsketik. 2022an gatazka hasi zenetik, bi eskualde horiek partzialki okupatu ditu Errusiako armadak, baita Kherson eta Zaporizhia ere. Bloombergen arabera, oraindik ez dago argi Washingtonek eta Moskuk zer baldintza adostuko dituzten, baina, iturri horien arabera, Moskuk ez luke eraso gehiago egingo Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan.
AEBen eta Errusiaren arteko akordio posible hori ikusita, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik EB Europar Batasunean bilatu nahi du babesa. Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoff Putinekin bildu zen asteazkenean, eta, ordutik, EBko zenbait agintarirekin bildu da Zelenski; besteak beste Poloniako, Italiako, Alemaniako eta Frantziako liderrekin.
Ukrainan bakea lortzeko konpromisoa dutela berretsi dute agintariek bilera horietan, Zelenskik sare sozialetan zabaldu duenez. Datozen egunetan herrialde gehiagotako ordezkariekin hitz egingo duela ere iragarri du Ukrainako presidenteak. Bestalde, nazioarteko beste goi kargudun batzuen babesa ere jaso du Zelenskik; besteak beste, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenena eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari Kristalina Georgievarena. Biek ala biek Ukrainari babesa ematen jarraituko dutela gogorarazi dute azken egunetan.
Bake negoziazioetatik kanpo geratzeko arriskuarekin kezkatuta agertu da Zelenski, asteartean Witkoff eta Putin bildu zirenetik. Ukrainarren iritziari eta baldintzei erreparatu gabe AEBak eta Errusia ados jartzea eragotzi nahi du Kievek. Su etenaren inguruan eztabaidatzeko negoziazioak hiru herrialdeen artekoa —Ukraina, Errusia eta AEBak— izan beharko lukeela adierazi du Zelenskik azken egunetan, baita Ukrainak eztabaida horietan parte hartzea «biziki garrantzitsua» dela ere.
Zelenski, negoziazioetatik kanpo
Bada, Ukrainako presidenteak negoziazio horietan parte hartzeko aukera apaldu egin da azken orduetan. Izan ere, Putinek atzo jakinarazi zuen Trumpekin aurrez aurre bilduko dela, eta guztiz baztertu zuen Zelenski batzar horretan egotea. Trumpek, ondoren, Putinen hitzak berretsi zituen. Are eta egoera okerragoan geratuko da gaur Bloombergek zabaldutakoa betetzen bada. Gatazka hasi zenetik, Ukrainako lurraldearen osotasuna defendatzen aritu da Zelenski.
Atzo gauean egindako bideo adierazpenetan gogorarazi zuen Kievek baduela zer esana negoziazio horietan: «Bidezkoa da Ukrainak negoziazio horietan parte hartzea. Errusiako gerra Ukrainaren aurkakoa da, gure independentziaren aurkakoa, eta Europako nazio guztien independentziaren aurkakoa», adierazi zuen.
Horiek horrela, Ukrainako presidenteak berriz ere eskatu du Kievek eta Moskuk zuzenean murgildu behar dutela bake negoziazioetan, eta zera adierazi zuen atzo: «Ukraina ez da bileren beldur, eta Errusiaren aldetik jarrera ausart bera espero du».