Washington eta Mosku Ukrainako gatazka izozteko plan bat prestatzen ari direla kaleratu zuen atzo AEBetako Bloomberg hedabideak, zenbait iturri aipatuz. Hau da, akordio hori lortuz gero, Errusiak erasoak etengo lituzke, eta Moskuren esku geratuko lirateke Ukrainan okupatu dituen lurraldeak. Bada, gauerdian bai AEBek eta bai Errusiak jakinarazi dute Donald Trump AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako haren homologoak datorren ostiralean egingo dutela bilkura. Eta Bloombergek aipatzen dituen iturrien arabera, ordurako ados jarri nahi dute Etxe Zuriak eta Kremlinek. Hain zuzen ere, Poloniako lehen ministro Donald Tuskek atzo adierazi zuen «gerraren izozte bat» etor litekeela hurrengo egunetan, Putinek eta Trumpek egitekoa duten bilerari erreferentzia eginez.
Atzo amaitu zen Trumpek Moskuri ezarritako hamar eguneko epemuga, ostiralarekin. Etxe Zuriko maizterrak promes egin zuen tarte horretan Ukrainarako menia bat adostu ezean zigorrak ezarriko zizkiola Oraingoz, baina, ez du baieztatu halakorik egingo duenik. Albistea, ordea, gauerdian iritsi da. AEBetako presidenteak Truth Socialen daukan kontua baliatu du Putinekin noiz bilduko den jakinarazteko. «Nire eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen arteko bilera, hainbestek espero zuten hori, datorren ostiralean egingo da, Alaskako estatu handian». Errusiak minutu batzuk geroago baieztatu du aurrez Trumpek iragarritakoa. «Errusia eta Estatu Batuak gertuko bizilagunak dira, mugak partekatzen dituztenak. Eta guztiz logikoa da Alaskak hartzea bi herrialdeetako buruzagien bilera garrantzitsu hori, hainbestek esperotakoa», adierazi du Juri Uxakov Errusiako presidentearen Nazioarteko Gaietarako aholkulariak. Era berean, Putinen aholkulariak esan du bi presidenteek «Ukrainako krisiarentzat epe luzerako irtenbide baketsu bat lortzeko aukerak» aztertuko dituztela. Gainera, Uxakovek nabarmendu du Moskuk gonbita egin diola Trumpi hurrengo bilkura Errusian egin dadin, eta hala izatea espero dutela.
Putin 2021ean bildu zen azkenekoz AEBetako presidentearekin. Orduko hartan, Joe Biden zegoen Etxe Zurian, eta Genevan egin zuten bilkura. Ez da, ordea, Putin eta Trump aurrez aurre bilduko diren lehen aldia izango. 2018an ere bildu baitziren, Helsinkin.
Bilkuran adostu beharrekoari dagokionez, Putinek Krimea —Errusiak 2014an anexionatua— eta Donbass osoa nahi ditu bere esku. Horretarako, baina, Ukrainak tropak atera beharko lituzke Donbassko bi eskualde nagusietatik, hau da, Luhansketik eta Donetsketik. 2022tik, gatazka hasi zenetik, bi eskualde horiek okupatu ditu Errusiako armadak, baita Kherson eta Zaporizhia ere. Bloombergen arabera, oraindik ez dago argi Washingtonek eta Moskuk zer baldintza adostuko dituzten, baina, iturri horien arabera, Moskuk ez luke eraso gehiago egingo Kherson eta Zaporizhia eskualdeetan.
AEBeen eta Errusiaren arteko akordioa gauzatzeko aukera dagoela ikusita, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik EB Europako Batasunean bilatu nahi du babesa. Etxe Zuriaren Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoff Putinekin bildu zen asteazkenean, eta, ordutik, Zelenski EBko zenbait agintarirekin bildu da; besteak beste Poloniako, Italiako, Alemaniako eta Frantziako liderrekin.
Ukrainan bakea lortzeko konpromisoa dutela berretsi dute agintariek bilera horietan, Zelenskik sare sozialetan zabaldu duenez. Datozen egunetan herrialde gehiagotako ordezkariekin hitz egingo duela ere iragarri du Ukrainako presidenteak. Bestalde, nazioarteko beste goi kargudun batzuen babesa ere jaso du Zelenskik; besteak beste, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenena eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari Kristalina Georgievarena. Azken egunetan biek ala biek gogorarazi dute Ukrainari babesa emango diotela aurrerantzean ere.
Bake negoziazioetatik kanpo geratzeko arriskuarekin kezkatuta agertu da Zelenski, asteartean Witkoff eta Putin bildu zirenetik. Kievek eragotzi egin nahi du AEBak eta Errusia ados jartzea ukrainarren iritziari eta baldintzei erreparatu gabe. Su etenaren inguruan eztabaidatzeko negoziazioak hiru herrialdeen artekoa —Ukraina, Errusia eta AEBak— izan beharko lukeela adierazi du Zelenskik azken egunetan, baita Ukrainak eztabaida horietan parte hartzea «biziki garrantzitsua» dela ere.
Zelenski, negoziazioetatik kanpo
Bada, Ukrainako presidenteak negoziazio horietan parte hartzeko aukera apaldu egin da azken orduetan. Izan ere, Putinek ostegunean jakinarazi zuen Trumpekin aurrez aurre bilduko dela, eta guztiz baztertu zuen Zelenski batzar horretan egotea. Trumpek, ondoren, Putinen hitzak berretsi zituen. Are eta egoera okerragoan geratuko da atzo Bloombergek zabaldutakoa betetzen bada. Gatazka hasi zenetik, Ukrainako lurraldearen osotasuna defendatzen aritu da Zelenski.
Ostegun gauean egindako bideo adierazpenetan gogorarazi zuen Kievek baduela zer esana negoziazio horietan: «Bidezkoa da Ukrainak negoziazio horietan parte hartzea. Errusiako gerra Ukrainaren aurkakoa da, gure independentziaren aurkakoa, eta Europako nazio guztien independentziaren aurkakoa», adierazi zuen.
Horiek horrela, Ukrainako presidenteak berriz ere esan du Kievek eta Moskuk zuzenean murgildu behar dutela bake negoziazioetan, eta zera adierazi zuen atzo: «Ukraina ez da bileren beldur, eta espero du Errusiak ere jarrera ausarta izatea».