Errusiak erantzun egin dio Ukrainaren azken egunetako oldarraldiari, eta misil eta drone bidez jo du Kiev eskualdea. Gutxienez hamazazpi pertsona hil dira erasoetan, eta 44 zauritu. Hala jakinarazi du gaur goizean Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik sare sozialetan.
Presidentearen arabera, Errusiak 24 misil balistiko eta 115 drone jaurti ditu goizaldean, eta, batez ere, enpresa zibilen biltegiei eraso die. Kieveko azpiegiturak eta tren geltoki bat ere jo ditu Moskuk.
Zelenskik azpimarratu du bonbardatutako lekuek ez dutela zerikusirik gerrarekin: «Garagardotegi bat, eraikuntza materialerako biltegi bat eta logistika zentro bat dira». Errusiako Defentsa Ministerioak, ordea, komunikatu baten bidez adierazi du «armak eta droneak biltzeko eta hornitzeko erabiltzen diren zentro logistikoen aurka» jo dutela.
Horren harira, Zelenskik adierazi du Ukrainaren aliatuek emandako laguntza ez dela nahikoa, eta esan du misilen kontrako defentsa sistemak edukiz gero Ukrainako armada gai izango litzakeela heriotzak eragozteko. Hortaz, aliatuei eskatu die arma horiek lehenbailehen bidaltzeko, berriro halakorik gertatu ez dadin.
Eskaerari erantzuteko, EB Europako Batasunak adierazi du beste 1.400 milioi euro bidaliko dituela Ukrainara, «Ukrainak Errusiaren legez kanpoko gerraren aurka duen etengabeko erresistentzia babesteko». Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek iragarri du neurria, eta azaldu du diru hori EBk gerraren ondorioz Errusiari ezarritako zigor ekonomikoetatik aterako dutela, bereziki Errusiako Banku Zentraleko aktibo izoztuen interesetatik. «Errusiak ordaindu egin behar du eragin duen suntsipena, eta Errusiako aktiboen diru sarrerak erabiltzen ari gara horretarako», gaineratu du Von der Leyenek.
Kieven erasoak nola gelditu
Ukrainak gaur ere Errusia bonbardatu du. Errusiako armadak 475 drone ukrainar eraitsi ditu goizaldean, eta Wildberries merkataritza elektronikoko konpainiaren beste zentro logistiko bat jo du, oraingoan Tula eskualdean. Hala ere, Tulako gobernadore Dmitri Miliaievek Errusiako Max sare sozialean azaldu du droneen erasoak piztutako sua dagoeneko itzalita dagoela, eta ez dela inor hil.Â
Azken egunetako bonbardaketak direla eta, Errusia defentsa sistemak hobetzen saiatzen ari da. Azken egunetan 30 zibil inguru hil dira Errusian, eta, hortaz, Mosku aldaketak egiten ari da defentsa estrategian, egoerari aurre egiteko.Â
Hala, Errusiako presidente Vladimir Putinek defentsarako beste zerbitzu bat sortuko duela azaldu du Kremlinen egindako bilera batean. Putinek defentsa sistema guztiak «esku bakarrean» bildu nahi dituela adierazi du, eta Ukrainako erasoei erantzun hobea emateko helburua duela esan. Bestalde, Moskuko alkate Sergei Sobianinik hiriburuko defentsa indartzeko Defentsa Ministerioarekin batera lanean ari direla azaldu dio goizean TASS agentziari.
atentatu bat egin dute Errusiako drone enpresa bateko buruaren aurka
Errusiako Uraldronzavod drone enpresako zuzendari Vladimir Tkatxuren aurkako atentatua egin dute gaur goizean, eta egoera kritikoan dago. TASS agentzia errusiarrak eman du erasoaren berri, Polizia iturriak aipatuz, eta jakinarazi du bonba bat jarri dutela Tkatxuren autoaren azpian. Enpresaburua zainketa intentsiboan dagoela ere adierazi dute. Autoan, drone enpresako buruaz gain, bizkartzaina ere bazihoan; leherketan bertan hil da. Â
Uraldronzavod enpresa Errusiako drone ekoizle nagusietako bat da, eta 2022an Ukrainako gerra hasi zenean sortu zuten. PV Upir drone kamikazeak egiteagatik da ezagun, batez ere; Errusiako armadak maiz erabiltzen ditu drone horiek. 2024an, Vladimir Putin presidentea bera fabrikan egon zen, eta Tkatxuk bisita gidatu bat egin zion.
Azken urteetan, Mendebaldeko gobernuek zigorrak ezarri dizkiote bai enpresari, baita Tkatxuri ere, gerran Errusiaren alde egiteagatik. Gainera, enpresaburuak Gerrarekin obsesionatuak deituriko Telegrameko kanal bat du. 500.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta soldadu errusiarrentzat ekipamendu militarra erosteko dirua biltzeko erabili izan du.