Errusiak Ukrainari eraso egin dio, Abu Dhabin bilduta jarraitzen duten bitartean

Bereziki azpiegitura energetikoak kaltetu ditu. Kievek zalantzan jarri du Moskuk benetako borondatea duenik gatazka amaitzeko.

Ukrainako armadako kideak Kieveko herritarren artean bazkaria banatzen, erasoen ondoren. MAXYM MARUSENKO / EFE
Sant Egidio komunitateko kideak Kieveko herritarren artean bazkaria banatzen, erasoen ondoren. MAXYM MARUSENKO / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 24a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat goizaldean Errusiak eraso egin dio Ukrainari. Hango armadak jakinarazi duenez, Moskuk 21 misil jaurti ditu eta 375 drone erabili ditu, batez ere Kiev, Sumi, Jarkov eta Txernihiv eskualdeetan. «Eraso basati honek berriro ere erakusten du [Vladimir] Putin ez dagoela negoziazio mahaian eserita, eta auzitegi berezi bateko auzipetuen aulkia egon beharko lukeela», idatzi du Ukrainako Atzerri ministro Andrii Sybihak X sare sozialean.

Erasoa Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) AEBetako, Errusiako eta Ukrainako agintariak egiten ari diren elkarrizketen testuinguruan gertatu da. 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik lehen aldiz bildu dira hiru herrialdeetako ordezkariak. Errusiak onartu du negoziazioen oztopo nagusia Donbaseko auzia dela, eta baldintza gisa jarri du Ukrainako tropak eskualde horretatik erretiratzea.

Gaurko erasoarekin loturik Ukrainako armadak jakinarazi du jaurtigai gehienak geldiaraztea lortu duela, baina bi misil eta hemezortzi dronek zuzenean jo dutela herrialdea eta gutxienez pertsona bat hil dela eta hogeitik gora zauritu daudela. Bereziki azpiegitura energetikoak kaltetu dira, milioi bat pertsona baino gehiago argindar, berokuntza eta urik gabe utziz. Kalte larrienak Jarkoven izan dira: ospitale bat, barne desplazatuentzako egoitza bat, medikuntza fakultate bat eta etxebizitza eraikinak kaltetu dituzte, beti ere Ukrainako agintarien arabera.

Erasoaren ondoren, Volodimir Zelenski presidenteak aliatuei eskatu die aire defentsarako sistemen bidalketa ez atzeratzeko. Haren esanetan, Patriot edo NASAMS misil bakoitza funtsezkoa da azpiegitura kritikoak babesteko eta neguko hotzari aurre egiteko. Kremlinek, berriz, ohartarazi du ez dela behin betiko su etenik izango Donbaseko auzia konpondu arte. Hala ere, bi aldeek berretsi dute elkarrizketek aurrera jarraituko dutela, «inork ez duelako atea kolpez itxi». Zelenskik, baina, adierazi du ezin dela lurralde kontzesiorik onartu Errusiak bonbardaketekin jarraitzen badu, eta zalantzan jarri du Moskuk benetako borondatea duenik gatazka amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.