Ukrainako gatazkaren inguruko elkarrizketak abian dira, baina Errusiaren negoziazioak ez dira diplomaziara mugatu. AEBetako, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak Abu Dhabin batzartuta zeuden bitartean, Moskuk eraso egin dio Ukrainari gaur goizaldean. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, Errusiak 21 misil jaurti ditu eta 396 drone erabili ditu gaurko erasoaldian. Batez ere Kiev, Kharkiv, Sumi eta Txernihiv eskualdeetan egin ditu bonbardaketak. «Bakea lortzeko negoziazioak? Hiru aldeko bilkura Arabiar Emirerri Batuetan? Diplomazia? Errusiak beste behin terrorea zabaldu du Ukrainan», idatzi du Ukrainako Atzerri ministro Andrii Sybihak X sare sozialean.
Ukrainako armadak jakinarazi du jaurtigai gehienak geldiaraztea lortu duela, baina bi misilek eta hemezortzi dronek zuzenean jo dute herrialdea. Gutxienez pertsona bat hil da Kieven. Eta Kharkiven 30 zauritu baino gehiago eragin ditu Errusiako armadaren erasoak. Azken neguetan ohikoa bihurtu den moduan, Errusiak jomugan izan ditu gaur ere energia azpiegiturak.
Ukrainako Gobernuaren arabera, 1,2 milioi pertsona baino gehiago argindar, berokuntza eta urik gabe geratu dira herrialdean; horietatik 800.000 baino gehiago hiriburuan bertan. Gaurko erasoaldiak Kharkiven eragin ditu kalterik larrienak, herrialdearen ipar-ekialdean, Errusiako mugatik hurbil. Eskualde horretan, ospitale batek eta barne desplazatuentzako egoitza batek izan dituzte kalteak, baita medikuntza fakultate batek eta etxebizitza eraikin batzuek ere.
Erasoaren ondoren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan idatzitako mezu batean aliatuei eskatu die ez atzeratzeko aireko defentsarako sistemen bidalketa. Haren esanetan, Patriot edo NASAMS misilak funtsezkoak dira azpiegitura kritikoak babesteko, neguko hotzari aurre egiteko beharrezko baitituzte.
Azken erasoaldia gertatu denean Arabiar Emirerri Batuetan zeuden Ukrainako Gobernuko hainbat ordezkari. Atzo hasitako hiru aldeko bilkuraren bigarren eta azken saioa egin dute gaur Abu Dhabin. 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik lehen aldiz bildu dira Ukrainako, Errusiako eta AEBetako ordezkariak.
Atzokoa bezala, gaurko saioa ere ateak itxita egin dute, eta ez dute bertan hitz egindakoen inguruko xehetasun handirik eman. TASS Errusiako berri agentziak iturri ofizial bat aipatuz kaleratu du bilkura amaitu dela, eta posible dela datozen egunetan elkarrizketek aurrera jarraitzea. Gainera, iturri horrek azpimarratu du saioa baliagarria izan dela. Geroago, Zelenskik ere jakinarazi du amaitu dela Abu Dhabiko bilera sorta.

Ukrainako presidenteak sare sozialetan azaldu duenez, atzoko eta gaurko bileretan ordezkariek asko eztabaidatu dute, baina eztabaidak «eraikitzaileak» izan dira. Gaineratu du «gerra amaitzeko parametroak» izan dituztela hizpide, eta eskerrak eman dizkio Etxe Zuriari bilkura horiek egiteko modua emateagatik.
The Kiev Independent egunkariak, Ukrainako ordezkaritzako iturri bat aipatuz, zehaztu du bileran landutako gai nagusiak Donbassen etorkizuna eta energia azpiegituren aurkako erasoak eteteko proposamena izan direla. Kieven arabera, AEBek eta Ukrainak su eten partzial hori jarri dute mahai gainean. Errusiako armadak, baina, azpiegitura horiek izan ditu jomugan gaurko erasoaldian. «Putinen misilek ez dute soilik gure jendea jo, negoziazio mahaia ere jo dute», gehitu du Ukrainako Atzerri ministroak.
Bigarren mailako ordezkaritza
Abu Dhabin bigarren lerroko diplomazialariak batzartu dira; ez dira bertan izan ez Errusiako presidente Vladimir Putin, ez Zelenski. AEBetako ordezkariak Steve Witkoff eta Jared Kushner izan dira. Errusiako ordezkaritza militarrek osatu dute, eta Igor Kostiukov izan dute buru, Errusiako inteligentzia militarreko agentziako zuzendaria. Eta Ukrainako ordezkariak hauek izan dira: Rustem Umerov Segurtasun Kontseiluko idazkaria, Kirilo Budanov presidentearen kabineteko burua, Sergui Kislitsia haren ondokoa, David Arakhamia Zelenskiren alderdiko buruzagia eta Andrii Gnatov Estatuko Indar Armatuen burua.
Aldeek onartu dute negoziazioen oztopo nagusia Donbasseko auzia dela, eta Moskuk esana du Ukrainako tropak eskualde horretatik erretiratu arte ez duela behin betiko meniarik onartuko. Luhansk eta Donetsk eskualdeek osatzen dute Donbass; Errusiak okupatua du lehena, eta bere armadaren kontrolpean dago Donetsken %80 inguru ere. Zelenskik adierazi du ezin dela lurralde kontzesiorik onartu Errusiak bonbardaketekin jarraitzen badu, eta zalantzan jarri du Moskuk benetako borondatea duen gatazka amaitzeko.
Halere, ez Kievek eta ez Moskuk ez dute baztertu bilkura gehiago egitea. Horrekin lotuta, Zelenskik aipatu du Ukraina prest dagoela elkarrizketekin jarraitzeko, eta posible dela datorren astean bilera gehiago egitea.