Erresuma Batua

Errusiako 23 diplomazialari kanporatu ditu Londresek

Sergei Skripalen espioi ohiaren eta haren alabaren aurkako erasoaren erantzule egin du Mayk Errusia, eta ez du baztertu haren aurkako neurri gehiago hartzea.

Espioi ohia eta haren alaba agertu ziren ingurua ikertzen ari da Polizia. GERRY PENNY, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko martxoaren 14a
15:19
Entzun

Erresuma Batuko Gobernuak astebeteko epea eman die kanporatutako diplomazialariei herrialdetik irteteko. Errusia zigortzeko neurria izan da 23 ordezkarien kanporatzea, izan ere, Londresek hura egiten du Sergei Skripal espioi ohiaren eta haren alabaren aurkako erasoaren erantzule.

Kanporatzeaz gain, Theresa May lehen ministroak giza eskubideak urratzea egozten dio Errusiari, eta ez du baztertzen haren aurkako neurri gehiago hartzea. Auzi honetan babesa eskatu die Londresek aliatuei.

Skripalek espioi bikoitz modura lan egiten zuen Erresuma Batuko MI6 inteligentzia agentziarentzat. Ordea, 2004an atxilotu egin zuten Errusian eta hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2012an itzuli zen Erresuma Batura, AEBen eta Errusiaren arteko akordio bat medio. Baina martxoaren 4an hura eta haren alaba konorterik gabe aurkitu zituzten Salisburyn.

Errusiak uko egin dio azalpenik emateari, baldin eta Skripal eta haren alabaren aurka erabilitako pozoiaren lagin bat ematen ez badiete. NATOk eta Europako Batasunak, berriz, babesa agertu diote orain arte Londresi, eta hark eskatutako azalpenak emateko galdegin diote Vladimir Putinen gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.