Errusiako adituek ondorioztatu dute Arafat ez zela pozoituta hil

Suitzako lantaldeak esan du nekez sinets litekeela berez hil zela; PANek ikertzen jarraituko du

Erredakzioa
2013ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Jasser Arafat buruzagi palestinarraren heriotza ikertzen diharduen Errusiako aditu taldearen arabera, berez hil zen, eta ez pozoituta. Vladimir Uiba Errusiako Agentzia Mediko-Biologikoko eledunak atzo jakinarazi zuenez, ez dute nahikoa zantzurik topatu polonioak eragindako gaitzek hil zutela esateko. PAN Palestinako Aginte Nazionalak iragarri du ikertzen jarraituko duela .

Arafat 2004ko azaroaren 11n hil zen, Frantzian. Hilabete inguru zeraman eri, urriaren 12an bat-batean ondoezik sentitu ondotik. Gaitza konplikatu eta odolera hedatu zitzaion; eta Parisko ospitale militar batean hil zen. Gaixotu zen garaian Ramallahen zegoen itxialdian, Israelgo armadaren zaintzapean; horregatik, haiek pozoitu zutela salatu dute buruzagi palestinarraren gertukoek, besteak beste, Suha Arafat alargunak. Autopsiarik, baina, ez zioten egin hil ostean; ingurukoek ere ez zuten eskatu.

Hiru ikerketa talde

Handik urte batzuetara, Al-Jazeera telebista kateak eta Suitzako analista talde batek ohi baino polonio maila altuagoa topatu zuten haren ondasun pertsonaletan, eta ikerketa hasi zuten. Frantziako Justiziak ere hilketa argitzeko agindua eman zuen bere kabuz. 2012an lurpetik atera zituzten PANeko presidente ohiaren gorpuzkiak, eta hainbat lagin hartu zituzten. Nazioarteko hiru ikerketa taldek aztertu dituzte ordutik. Frantziako Justiziak izendatutako adituek baztertu egin dute Arafaten senideen teoria: heriotza «infekzio orokortu» batek eragin ziola jakinarazi zuten iazko abenduan.

Lausanneko (Suitza) Unibertsitateko Ospitaleko ikertzaileek, berriz, horretarako «aukera txiki bat» ikusten zutela jakinarazi zuten joan den udazkenean. Orain, Errusiako taldeak ere ukatu egin du aukera hori: suitzarrek ere «hasierako adierazpen exajeratuak» alde batera utzi eta eurekin bat egin dutela esan du Uibak. Laussaneko adituek, ordea, bereari eutsi diote. «Diagnosirik gabe, nekez sinets liteke Arafatena berezko heriotza izan zela», azaldu du Darcy Christen eledunak.

PAEk eskertu egin du errusiarren lana, baina ez du ontzat eman ondorioa. «Errespetatzen dugu haien jarrera, eta balio handia ematen diogu egin duten lanari, baina lanean jarraitzea erabaki dugu», esan dio Faed Mustafa palestinarren Errusiarako enbaxadoreak Ria Novosti berri agentziari. «Emaitza bat behar dugu, behin betikoa eta zehatza izango dena, gai hau mahai gainetik kentzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE