Errusiako armadak droneen bidez egindako erasoek argiztatu dute beste gau batez Ukrainako zerua. Goizaldean egindako eraso horietan gutxienez bi pertsona hil dituzte Kiev eskualdean; herrialdearen erdialdean eta hegoaldean ere egin dituzte bonbardaketak, hala nola Kryvyi Rih eta Odesa hirietan. Ukrainako armadaren arabera, Moskuk 146 drone jaurti ditu gaur goizaldean. Gainera, atzo gauean bidaiari tren bati eraso zion Moskuk Kharkiv eskualdean, herrialdearen ekialdean, eta bost pertsona hil. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu duenez, herritarrak daramatzan tren baten aurka egitea «terrorismoa» da, eta ez du «justifikazio militarrik».
Erasoaren berri izan ostean idatzi zuen mezu hori Ukrainako presidenteak, sare sozialetan, eta zehaztu zuen drone batek berrehun bidaiari baino gehiago zeramatzan tren bateko bagoi bat bobardatu zuela. Haren esanetan, bagoi horretan hemezortzi bidaiari zeuden, eta horietatik bost hil zituzten, Kharkiv eskualdeko fiskaltzak adierazi duenez. Horrelakoak eraso «terroristak» direla esan zuen Zelenskik, «izan Europan, izan Ameriketan, izan arabiar munduan, izan Txinan edo izan beste edozein tokitan».
Hain justu, gauza bera leporatu dio gaur Kremlinek Zelenskiri, hau da, eraso «terroristak» egitea. Maria Zakharova Errusiako Atzerri ministroak Sputnik irratiari adierazi dionez, Kiev zibilei eraso egiten ari da. Errusiako TASS berri agentziak jaso ditu adierazpen horiek. Albiste agentziak jasotako hitzetan, baina, Zakharovak ez du xehetasunik ematen eraso horien inguruan. «Nola erantzuten die Zelenskiren erregimenak negoziazioei? Behar militarrekin eta gerrako egoerarekin loturarik ez duten erasoak eginez», gaineratu du Zakharovak. Errusiako armadaren arabera, Kievek jaurtitako 75 drone suntsitu ditu gaur.
Joan den asteburuan hiru aldeko bilkura egin zuten Errusiak, Ukrainak eta AEBek Abu Dhabin. Bereziki lurraldetasunaren auzia izan zuten hizpide, eta aldeek ziurtatu zuten hori dela Errusia eta Ukraina ados jarri ahal izateko ebatzi beharreko gairik konplexuena. Bestalde, atzo Andri Sybiha Ukrainako Atzerri ministroak azaldu zuen lurraldetasunaz gain eztabaidagai izan zutela Zaporizhiako zentral nuklearra noren esku geratuko den ere; gaur-gaurkoz, Errusiako armadak okupatua du.
Gainera, Sybihak European Pradva Ukrainako agerkariari adierazi dionez, Zelenski prest dago Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu eta bi kontu horietaz eztabaidatzeko. Zelenskik herenegun egindako agerraldi batean jakinarazi zuen datozen egunetarako beste bilkura bat prestatzen ari direla AEBetako, Errusiako eta Ukrainako ordezkaritzak.
Hildako ugari
Otsailean beteko dira lau urte Ukrainako gerra hasi zenetik, eta, ordutik orain arte, soldadu ugari galdu dituzte bi aldeek. CSIS Ikerketa Internazional eta Estrategikoetarako Zentroaren txosten baten arabera —AEBetan du egoitza—, litekeena da aurtengo udaberrirako bi milioi ere izatea. «Aparteko prezioa ordaintzen ari dira irabazi txikien truke», dio oharrean, eta aipatzen du azken bi urteetan Errusiak Ukrainako eremuaren %1,5 baino gutxiago hartu duela.Â
Datuak xehatu dituzte txostenean: Errusiako 1,2 milioi soldadu hil, zauritu edo desagertu dira, eta Ukrainako 600.000 inguru. CSISen arabera, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez da izan Errusiako armadak baino galera gehiago izan duen potentziarik, eta irizten dio herrialde horren gainbeheraren erakusgarri dela hori: «Errusia bigarren edo hirugarren mailako potentzia ekonomiko bihurtzen ari da».
Azken zenbaketa hori Ukrainaren eta Errusiaren arteko azken bileren ostean argitaratu da. Abu Dhabin egin zituzten bilerak, ostiralean eta larunbatean, AEBak bitartekari zirela eta gatazkaren irtenbide bat adosteko helburuarekin.