Errusiako armadako buruzagi bat hil dute Moskun

Auto bat leherrarazi dute Errusiako hiriburuan, eta barruan zegoen Fanil Sarvarov jenerala, Estatu Gorenaren operazio militarren burua.

Gaur Moskun leherrarazi duten autoa. Barruan zihoan Fanil Sarvarov jenerala. EFE
Gaur Moskun leherrarazi duten autoa. Barruan zihoan Fanil Sarvarov jenerala. EFE
Igor Susaeta.
2025eko abenduaren 22a
10:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiako armadaren Estatu Goreneko buruzagi bat hil dute gaur Moskun, atentatu batean. Auto bat leherrarazi dute Mosku hegoaldeko kale bateko aparkalekuan, eta Fanil Sarvarov jenerala zegoen ibilgailu horren barruan; Estatu Gorenaren operazio militarren burua zen. Armadako buruzagi batek ohar batean jakinarazi duenez, hainbat ikerketa lerro daude abian erasoaren atzean nor dagoen argitzeko, eta hipotesietako bat da Ukrainako espioiak izatea erantzuleak.

Iazko abenduaren 17an antzeko eraso bat gertatu zen Moskun, eta orduan Errusiako armadako babes nuklearrerako, biologikorako eta kimikorako tropen buru Igor Kirillov teniente jenerala hil zuten bonba eraso batean. Ukrainak bere gain hartu zuen hilketa hura.

Bien bitartean, Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko bilera gehiago egin dituzte asteburuan Miamin (AEB). Nor bere aldetik, Errusiako eta Ukrainako ordezkariak AEBetakoekin batzartu dira han —Europako potentziekin ere bildu da Washington—. Eta alde guztiek antzeko mezu bat plazaratu dute: elkarrizketak eraikitzaileak izan direla.

6

Zenbat hilabetez berritu dituen EBk Errusiari ezarritako zigorrak. EB Europako Batasunak beste sei hilabetez berritutu ditu Errusiari ezarritako zigor ekomikoak; hortaz, gutxienez 2026ko uztailaren 31ra arte segituko dute indarrean. Horren berri eman du Europar Kontseiluak, ohar batean. 

Dena den, Juri Uxakov Kremlinen aholkularia «ziur» dago Ukrainaren eta Europako herrialdeen planteamenduek edo egin asmo dituzten proposamenek ez dutela «hobetzen» Donald Trump AEBetako presidenteak Errusiaren oniritziarekin aurkeztutako 28 puntuko zirriborroa. Halere, Uxakovek onartu zuen, atzo, Interfax berri agentziari egindako adierazpen batzuetan, ez dituela kontraproposamenak idatziz ikusi. 

Gerrak bere horretan jarraitzen du ia lau urte geroago, eta, duela hilabete inguru negoziazioak hasi zirenetik, ez dute aurrerapausorik eman. Hain zuzen, lurraldetasunaren auzian eta Ukrainak eskatutako segurtasun bermeetan kateatuta segitzen dute, ez atzera, ez aurrera. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak larunbatean adierazi zuen Washingtonek hiruko negoziazio mahai bat proposatu duela Errusiaren, Ukrainaren eta AEBen artean. Moskuk erantzun du oraingoz ez duela aurreikusten gisa horretako bilerarik egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.