Errusiako armadaren hegazkin batek ezbeharra izan zuen atzo iluntzean Krimeako penintsulan. TASS albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz gaur goizaldean jakinarazi duenez, labar baten kontra jo zuen, eta, ezbeharraren ondorioz, 30 pertsona hil dira, eskifaia osatzen zuten seiak eta 24 bidaiari. Errusiako agintarien arabera, akats tekniko batek eragin zuen istripua. Baztertu egin du, bide batez, ezbeharra Ukrainaren eraso batek eragin izana.
AN-26 modeloko hegazkina —garraiorako erabiltzen dute— Krimeako penintsula gainetik ari zen hegan. Moskun 18:00ak zirenean galdu zuten haren seinalea. Lehen zantzuen arabera, hegazkinak ez zuen kalterik izan erori aurretik, eta horregatik baztertu dituzte akats teknikoa ez den beste hipotesiak.
Hegazkinarekin kontaktua galdu bezain laster, erreskate taldeak mobilizatu zituen Errusiak. Krimeako penintsula Errusiak kontrolatzen du 2014. urteaz geroztik, anexionatu zuenetik. Ukrainaren menpe egon zen ordura arte, baina nazioarteak onartu ez duen erreferendum batean, Errusiarekin bat egitea erabaki zuten herritarrek.
1960ko hamarkadaren amaieran hasi ziren modelo horretako hegazkinak erabiltzen, eta azken hamarraldian hainbat istripu eduki dituzte. Ukrainako armadaren abioi batek lurra jo zuen 2022an Zaporizhia eskualdean, eta pertsona bat hil zen. 2020an, Ukraina mendebaldean egiten ari ziren prestaketa hegaldi batean, armadaren modelo horretako hegazkin bat amildu zen, eta, inguruan zegoen pertsona bat izan ezik, barruan zihoazen gainontzekoak ere hil ziren: 26 guztira. Urte berean, Hego Sudanen lurra jo zuen abioi batek, eta zortzi pertsona hil ziren; tartean, zortzi errusiar.
Erasoek etenik ez
Itsaso Beltzerako sarbidea kontrolatzeko duen kokapenagatik, toki estrategikoa da Krimea, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaren iturrietako bat da. Eta hain zuzen, Errusiak Ukrainari eraso egiten segitzen du. Kieveko iturri militarren arabera, Moskuk 339 drone jaurti ditu gaur; 298 erorarazi dituzte.
Drone horietako batzuek Jmelnitski eta Lutsk eskualdeetako zenbait azpiegitura jo dituzte, herrialdearen mendebaldean. Horren berri eman dute hango iturri ofizialek. Eta, hain zuzen, eraso horiek «probokazio» gisa interpretatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, hark AEBetako ordezkari Jared Kushnerrekin eta Steve Witkoffekin hitz egin baino ordu batzuk lehenago gertatu direlako.
Ukrainako presidentea gaur da haiekin mintzatzekoa, eta, atzo aurreratu zuenez, proposatuko die su eten bat ezar dadila Pazko ortodoxoaren bueltan —apirilaren 12an da aurten—. Errusiak jada baztertu egin du planteamendu hori. «Guk menia bat proposatzen dugu, eta haiek droneekin erantzuten dute», kexatu da Zelenski, sare sozialetan.
Eta Errusiak, gainera, argi utzi dio Zelenskiri negoziazioetan aurrepausoak eman nahi baditu tropak Donbasstik atera beharko dituela. Hori nabarmendu du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Moskuk jakinarazi du Ukrainak jaurtitako 42 drone erorarazi dituela herrialdeko sei eskualdetan.