Istripua

Errusian 28 bidaiarirekin desagerturiko hegazkinaren hondakinak aurkitu dituzte

Herrialdearen ekialdean gertatu da ezbeharra, eta, lehen informazioen arabera, inor ez da bizirik atera istriputik.

Errusiako erreskate taldeko kide batzuk, istripua izan duen hegazkinean. EPA / EFE
Berria
2021eko uztailaren 6a
13:36
Entzun

Errusiako erreskate taldeek 28 bidaiarirekin desagerturiko hegazkinaren hondakinak aurkitu dituzte, herrialdearen ekialdean dagoen Palana hiritik gertu. Abioiak lurraren kontra jo du, eta, agintariek emandako lehen informazioen arabera, inor ez da bizirik atera istriputik.

Aireko Garraioaren Agentzia Nazionalak jakinarazi duenez, hegazkina Palanako aireportuko lurreratze pistatik «lau-bost kilometrora» aurkitu dute, baina ez dute zehaztu non eta zer egoeratan atzeman duten hegazkina. Kostatik gertu izan da ezbeharra, eta horrek zaildu egin ditu erreskate lanak; itsasontziak ere bidali dituzte zeregin horretan laguntzeko.

Petropavlovsk-Kamtxatskitik atera zen abioia, Palanako aireportuan lurreratzeko, eta une horretan eten zen komunikazioa. Oraindik ez dago argi zergatik gertatu den istripua, eta agintariak bi hipotesi lantzen ari dira: segurtasun neurriak urratu dituztela edo baldintza klimatiko txarren ondorio izan dela. Izan ere, inguruan hodeiak eta behe lainoak ikusi dituzte.

Halere, Kamtxatka eskualdeko gobernadore Vladimir Solodovek eskatu du «presazko ondoriorik» ez ateratzeko. Horri begira, Errusiako lehen ministro Mikhail Mixustinek jakinarazi du ikerketa batzorde bat osatuko dutela gertaturikoa argitzeko, eta horren buru izango dela Vitali Saveliev Garraio ministroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.