Errusian ehun lagunetik gora hil dira euriteek eragindako uholdeengatik

Ordu gutxitan euriak bost hilabeteko prezipitazio maila gainditu du, Errusiako Gobernuaren arabera

Erredakzioa
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Itsaso Beltzaren kostaldean, Errusia hegoaldeko Kuban ibaiaren ertzean, 100 gorpu baino gehiago aurkitu dituzte erreskate zerbitzuek. Eurite handi batzuek eragindako uholdeek hondamendia sortu dute. Veronika Skvortsova Osasun ministroaren arabera, 90 lagun baino gehiago zauritu dira; horietatik 40 erietxeetara eraman behar izan dituzte, eta tartean hamalau adingabe daude.

Itsaso Beltzeko kairik handiena aurkitzen den Novorossiysk hirian bi pertsona itota hil dira. Eta Gelendzhikeko barrutian bederatzi izan dira zenduak. Horietatik bost, hain zuzen, euria ari zuela oinez zihoazela argindarraren kable bat erori eta elektrokutatuta hil dira. Divnomorskoye herrian, etxe bateko sotoan aurkitu dituzte gizonezko eta emakumezko baten gorpuak. Krimskin 92 gorpu topatu dituzte, tartean hamar urteko haur batena.

Gelendzhikeko barrutian, 2.000 etxebizitza inguru geratu dira urak estalita, eta Krimskin, berriz, 5.000 inguru. Bi barruti horietan, ura lau metro baino gehiagoko altuerara iritsi da, eta, NTV Errusiako telebista katearen arabera, txalupaz edo helikopteroz soilik bertaratu daiteke zenbait aldetara. Bi barrutiak argindarrik gabe daude orain, ezbeharrak saihesteko. Alexander Tkatxiov Krimskiko Krasnodar hiriko gobernadoreak esan du «kaltetu guztiei laguntzeko» mila pertsona sartzeko moduko kanpalekuak antolatu dituztela. Bitartean, erreskate zerbitzuak hiria garbitzeko lanetan «buru-belarri» ari direla adierazi du gobernatzaileak.

Kubango kostaldera Errusiako milaka turista joaten da urtero Krimski eta Gelendzhik barrutietako bainuetxeetara. Egunotan Gelendzhiken Errusiako 300.000 herritar inguru zeuden beren oporraldia pasatzera joanda. Gobernuaren arabera, bost hilabetetako prezipitazio maila gainditu dute eremu horretan izandako euriteek ordu gutxitan. Gobernuko iturriek jakitera eman dute uholdeek eragindako kalteen kostua mila milioi errublotik gorakoa izango dela —ia 25 milioi euro inguru—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.