Errusiaren aurrean bat eginda jokatzera deitu dute Europako liderrek

Europako Komunitate Politikoaren goi bilera egin dute, Kopenhagen. «Guk behartzen ez badugu, Errusia ez da geratuko», esan du Frederiksen Danimarkako lehen ministroak.

Macron, Frederiksen, Merz eta Tusk Kopenhagen, gaur. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Macron, Frederiksen, Merz eta Tusk Kopenhagen, gaur. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 2a
15:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiaren jokabidearekin kezkatuta daudela ari dira esaten Europako herrialdeetako liderrak. Izan Ukrainako gerrarengatik, izan Moskuri egozten diotelako azkeneko asteetan droneak eta gerra hegazkinak bultzatu izana NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeetako aire espazioetara. «Bigarren Mundu Gerraz geroztiko unerik arriskutsuenean dago Europako Batasuna», ohartarazi zuen Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak atzo, Kopenhagen, Europar Kontseiluak han egindako bileran. Gaur, berriz, Europako Komunitate Politikoaren goi bilera egin dute Europako liderrek Danimarkako hiriburuan, eta antzeko mezua plazaratu du Danimarkako gobernuburuak, irekiera ekitaldian: «Guk behartzen ez badugu, Errusia ez da geratuko».

Alegia, Moskuren aurrean bat eginda jokatzera deitu du. Eta elkarlan politikorako plataforma bat izan asmo duen foro horretako kideak ados daude. Areago joan da Donald Tusk Poloniako lehen ministroa, hitza hartu duenean: «Gure gerra da, eta Ukrainak galtzen badu, gureak egin du». Poloniaren aireko defentsa sistemek hiru drone erorarazi zituzten irailaren 10ean. 

EB Europako Batasunak erabakita dauka berrarmatzea, Errusiaren mehatxua horretarako argudio gisa hartuta. Eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Kopenhagen eskatu du Ukrainari aireko defentsa sistema gehiago entregatzea, baita hari droneak eta irismen luzeko misilak ematea ere. Horrekin lotuta, eta aintzat hartuta azken asteetan zer gertatu den, NATOko kide diren Europa ekialdeko herrialdeek droneen kontrako murru bat altxatu nahi dute beren ekialdeko mugetan. EBk begi onez ikusten du.

Errusiak ukatu egiten du misilak edo droneak bidali izana. Polonian sartu zirenean, aliatuek Poloniako armadari lagundu zioten droneak botatzeko lanean; orain egun batzuk, aliatuen hegazkin batzuek esku hartu zuten, Errusiaren gerra abioi batzuk Lituaniaren aire espaziotik gertu hegan egiten ari zirela argudiatuta. «Erantzun eraginkorrak behar ditugu», azpimarratu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Danimarkako hiriburuan. «Aire espazioak urratu direnean, aurreikusi bezala erreakzionatu du NATOk», erantzun du Mark Rutte aliantza militarreko idazkari nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.