Kremlinek lasai egoteko esan dio Mendebaldeari, Errusiak eta Bielorrusiak Minsketik gertu ariketa militar bateratuak egingo dituztela gaur hasi eta asteartera bitartean, baina ez direla inoren kontrakoak; Dmitri Peskov bozeramaileak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan gaur adierazi duenez, Errusia ez da ari Europa mehatxatzen. Baina Errusiaren hemeretzi dronek Poloniaren aire espazioa urratu zuten duela bi egun, eta, horrenbestez, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea atezuan dago, nahiz eta Moskuk argudiatu Zapad izeneko ariketak lau urtez behin egiten dituztela 2009az geroztik, eta bi aliatu estrategikoen arteko kooperazio militarrari jarraipena ematea dutela helburu.
Aliantza militarra atezuan dago, bai asteazkenean gertatutakoagatik, baita duela lau urteko ariketa militarrek ekarri zutenagatik ere. Ordukoak ere irailean egin zituzten, eta Errusiak iragarri zuen 12.800 soldadu parte hartzekoak zirela; geroago onartu zuen, ordea, 200.000 inguru izan zirela. Mark Milley, Zapad maniobren garaian AEBetako Estatu Nagusiko buruzagi zena, elkarrizketatu zuen Politico hedabideak 2023ko otsailean, eta nabarmendu zuen orduan jakin zutela Errusia Ukraina inbaditzear zela. «Ariketen tamaina lau urte lehenago egindakoa baino handiagoa zen». Errusiak eta Bielorrusiak ezohiko beste ariketa batzuk iragarri zituzten 2022ko otsailerako, eta, Moskuk halakorik egingo zuela ukatzen zuen arren, hil hartan bertan —otsailaren 24an— Ukrainako inbasioa hasi zuen, Bielorrusiatik lurretik sartuta Ukrainan.
Orain ere 13.000Â soldadu inguruk parte hartuko dutela jakinarazi du Bielorrusiako Defentsa Ministerioak Telegramen, baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak azken egunetan esan du bi armadek 150.000 militar inguru hedatuko dituztela Bielorrusiako lurretan.
220Zenbat drone erorarazi dituen Errusiak. Errusiako aireko defentsa sistemek Ukrainak jaurtitako 220 drone erorarazi dituzte gaur goizaldean. Hori jakinarazi du Defentsa Ministerioak, Telegramen. Moskuko alkate Sergei Sobianinek esan du, sare sozial bera erabiliz, 220 horietatik bederatzik Mosku zutela jopuntuan.
Maniobra militarrei dagokienez, jakinarazi dute Borisoveko instalazio militarretan egingo dituztela. Minsketik 70 kilometro ingurura daude; hau da, Poloniako mugatik 450 kilometrora. Errusiak eta Bielorrusiak mehatxutzat dute NATO, eta, bien arabera, ariketen asmoa zera da, horri aurre egiteko «segurtasun militarra indartzea». Maniobren artean, Bielorrusiako Estatu Gorenak jakinarazi du simulazioak egingo dituztela Errusiaren Orexnik izeneko misil balistikoarekin. Moskuk iazko azaroan erabili zuen aurrenekoz Ukrainari eraso egiteko; gai da buru nuklearrak garraiatzeko, eta 2.000 eta 5.000 kilometro arteko bidea egin dezake.
Horiek horrela, Bielorrusiarekin mendebaldean muga egiten duten herrialdeek neurriak hartu dituzte. Izan ere, Poloniak eta Letoniak behin-behinean aire espazioa itxi dute Bielorrusiako mugan —Lituaniak gauza bera egin zuen duela hiru aste—; eta Poloniak lurreko mugatik pasatzea ere debekatu du. Estoniak, bestalde, aire espazio itxi du Errusiarekin duen mugan.
«Etena» negoziazioetan
Bigarren Mundu Gerraz geroztik, inoiz baino gertuago dago gatazka militar bat gertatzeko aukera. Hori ohartarazi zuen Donald Tusk Poloniako lehen ministroak asteazkenean, Errusiaren drone batzuk Poloniaren aire espazioan sartu ondoren. Poloniak NATOren 4. artikuluari helduko diola iragarri zuen, gainera; alegia, aliatuak kontsultara deituko dituela. Aliantza militarrak, hasiera batean, ez du eraso gisa hartu Errusiaren droneek Poloniako aire espazioa urratu izana, baina Mark Rutte idazkari nagusiak azpimarratu zuen asteazkenean defendatuko dutela aliantzak hartzen dituen lurren «zentimetro bakoitza». Italiako, Herbehereetako eta Alemaniako armadek Poloniakoari lagundu zioten asteazkenean, droneak erorarazteko ahaleginean; hiru bota zituzten.
POLONIAK ERANTZUN DIO TRUMPI EZ ZELA «HUTSEGITERIK» EGON
Errusiak jaurtitako drone batzuek Poloniako aire espazioa urratu ondoren, Donald Trump AEBetako presidenteak zera esan zuen atzo Washingtonen, kazetarien aurrean, beharbada «hutsegite bat» gertatu zela. «Dena den, ez zait gustatu gertatutakoa», erantsi zuen. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak erantzun dio ez zela hutsegitea izan. «Ez zen hutsegitea izan, eta badakigu», idatzi du sare sozialetan.
NATOren jarreraren harira, kontuan hartu behar da Errusia luzerako «mehatxu gisa» hartzen duela, eta, besteak beste horregatik adostu zuten aliatuen estatuburuek eta gobernuburuek ekainean beren gastu militarra norbere BPG barne produktu gordinaren %5ekoa izatea 2035erako; hau da, portzentajea nabarmen handitu dute, 2014an %2ko helburua ezarri baitzuten.
Bien bitartean, Peskov Kremlinen bozeramaileak adierazi du «eten» egin direla Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioak, baina komunikazio bideak irekita daudela oraindik. Abuztu erdialdean, Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa Alaskan (AEB) bildu ziren, eta, egun batzuk geroago, bilera egin zuten Washingtonen, Etxe Zuriko maizterrak, Zelenskik, Europako potentzietako liderrek eta NATOko idazkari nagusiak. Trumpek esan zuen Zelenski eta Putin batzar batean biltzea zuela asmo.