Errusiaren iritziz, gatazka da bere helburuak lortzeko duen «bitarteko bakarra»

Kremlinek esan du Txinak Ukrainako auzia konponbidean jartzeko aurkeztu duen planaren alderdi batzuk «gauzaezinak» direla, «oraingoz»

Ukrainako bi polizia, aurreko asteartean, Sloviansken. MARIA SENOVILLA / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 01a
00:00
Entzun
Arma nuklear taktikoak Bielorrusiara hedatzekoa da Errusia. Hori iragarri zuen Kremlinek aurreko larunbatean. Ordutik aurrenekoz mintzatu zen atzo Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea, eta Ukrainako gerran menia bat ezarri beharko litzatekeela adierazi zuen. Baina Errusiak ez du horretarako asmorik. Dmitri Peskovek geroxeago nabarmendu zuen, egunero egin ohi duen agerraldian, beren helburuak lortzeko duten «bitarteko bakarra» gatazka dela.

Ukrainako auzia konponbidean jartzeko Txinak otsail amaieran plazaratutako planean, su eten baterako deia egin zien aldeei. Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa joan den astean batzartu ziren, Moskun, eta Kremlineko buruak azpimarratu zuen Pekinen egitasmoko «puntu asko» bateragarriak direla «Errusiaren ikuspegiarekin». Dena den, Peskovek atzo jakinarazi zuen planaren alderdi batzuk «gauzaezinak» direla, «oraingoz».

Lukaxenkoren esanetan, baina, beharrezkoa da «aurrebaldintzarik gabeko» negoziazioak abiatzea. «Ostertzean hirugarren mundu gerra agertzen da, eta sugar nuklearrak ditu», esan zuen atzo parlamentuan egindako hitzaldian. Eta arma nuklearrak aipatuta, adierazi zuen Errusiak hedatuko dituenek Bielorrusia «babesteko» balioko dutela. Izan ere, Mendebaldeak herrialdea inbaditu nahi duela iruditzen zaio. «Sinets iezadazue, inoiz ez zaituztet engainatu».

Turkiak Finlandia onartu du

Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko modua emango duen lege proiektu bat onartu zuen Turkiako Parlamentuak herenegun gauean. Hungariak aste honen hasieran eman zion oniritzia antzeko lege egitasmo bati, eta, beraz, Mendebaldeko aliantza militarreko 30 estatu kideek berretsi dute Finlandiaren bat egite eskaera. Horiek horrela, NATOren idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo esan zuen aliantza «indartsuagoa eta seguruagoa» izango dela aurrerantzean.

Finlandiak iazko ekainean egin zuen eskaera, eta Ankarahori blokeatzen aritu da ordutik. Egozten zion «terroristatzat» dituen ekintzaile kurduei babesa ematea. Suediak ere iaz egin zuen eskaera, baina Ankarak hori blokeatzen segitzen du, iritzita ez duela aurrerapausorik eman «terroristatzat» jotzen dituen taldeen jarduerak bere lurraldean eragozteko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.