Ertzain talde batek elkartasuna adierazi die mossoei eta Traperori

Mossoek "gizartearen esker ona" lortu dutela nabarmendu dute dozenaka ertzainek adierazpen batean, "eraginkortasunez, legediarekiko errespetuz eta profesionaltasunez jokatzeagatik". Era berean, Traperoren jokabidea goraipatu dute, "egoera latzetan" jarrera "ezin hobea" izan duelako, "autoritatearekiko subordinazio eta hierarkia printzipioak betez".

Bi ertzain, Kataluniako prozesu subiranistaren aldeko manifestazio baten aurrean, joan den urriaren 12an, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
2017ko urriaren 23a
10:27
Entzun

Ertzain talde batek "elkartasun, babes eta errekonozimendurik zintzoena" adierazi dio Mossos d'Esquadrari. Mossoenganako izan diren "mespretxuen aurrean" erantzun nahi izan dute, eta ziurtatu dute Kataluniako poliziaren jokabidea "txalotzekoa" izan dela "egoera konplexu eta zailetan" ere. "Kataluniaren askatasunaren babes irmoa esku onenetan dago", dio testuak.

Ertzainek gogorarazi dute polizia orok "segurtasuna bermatzea" duela helburu, eta "inpartzialtasunez" jokatzeko beharra dutela, "betiere legearen barnean, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak urratu barik". Horrez gain, indarraren erabilerak neurrikoa izan behar duela nabarmendu dute. "Indarkeriaren erabilerak, nahiz eta funtzioak eginarazteko erabilia izan, derrigorrean, proportzionaltasun osokoa izan behar du. Herritarrek, edozein direla ere, traturik onena merezi dutelako; baita zerbitzu, segurtasun, ongizate, errespetu eta bakerik errealena ere". Mossoek printzipio horiek bete dituzte, sinatzaileen arabera, "formak galdu barik, eraginkortasunez, legediarekiko errespetuz, eta profesionaltasunez".

Ertzainek mossoei babesa adierazi diete, "poliziak horrela jokatzen duen bakoitzean, errespetu eta errekonozimendurik handiena" merezi duelako. "Euskaditik, idatzi hau sinatzen dugun ertzainok jakinarazi nahi dizuegu ez zaudetela bakarrik".

Jope Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buruaren lana ere goraipatu dute sinatzaileek, "egoera latzetan jarrera ezin hobea mantendu" duelako, "autoritatearekiko subordinazio eta hierarkia printzipioak betez". Traperori "hurbiltasun eta babesik handiena" agertu diote "bokaziozko ertzain konprometituen" izenean, "Kataluniako eta Espainiako sektore jakin batzuetatik zentzugabetasunez" epaitu dutela iritzita.

"Jarraitu horrela! Kataluniak eskertuko dizue, eta kataluniarren askatasunak aitortuko zaituzte", gaineratu dute idatziaren amaieran.

Agirian zehazten dira sinatzaileen izen abizenak.

Guardia zibilak eta Espainiako poliziak, agiriaren aurka

Guardia Zibilaren AUGC sindikatua eta Espainiako Poliziako SUP sindikatua ertzainen agiriaren kontra agertu dira. AUGCren Arabako ordezkaritzak sare sozialetan zabaldu du ertzainek "lotsa" eragiten diela.

SUPek Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian duen ordezkaritzak, berriz, adierazi du "lotsa falta" eta "konstituzioarekiko desleialtasuna" Ertzaintzara iritsi direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.