ESKOZIA

Eskozia, ikastetxeetan LGTBI komunitatearen historia erakutsiko duen lehen herrialdea

Legea 2018an onartu zuten, eta 2021etik aurrera sartuko dituzte LGTBI gaiak Eskoziako ikasketa plan nazionalean. Hezkuntza inklusiboa sortzea du helburu, LGTBI komunitatearen aurkako erasoei aurre egiteko eta kolektiboari buruz ikasteko.

LGTBI bandera balkoi batean. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 7a
16:44
Entzun

Eskoziako ikastetxe publiko guztietan erakutsiko dute LGTBI komunitatearen historia 2021. urtetik aurrera. Neurri horrekin, ikastetxeetan LGTBI komunitatearen historia erakutsiko duen lehen herrialdea izango da Eskozia.

Ikasketa planaren barruan, ikasgai guztietan irakatsiko dute gai hori, horrela hezkuntza inklusiboa sustatuz. Horren helburua izango da, batetik, intolerantziari eta LGTBI komunitatearen aurkako erasoei aurre egitea, eta, bestetik, kolektiboaren historia, borrokak eta konkistak oinarri hartuz, mugimenduaren barruan dauden hainbat terminologia, kontzeptu eta korronte azaltzea.

2018ko azaroan onartu zuen legea Eskoziako Gobernuak. Orduan iragarri zuen LGTBI Hezkuntza Inklusiboko Lantaldeak egindako gomendioak bere osotasunean onartu zituela, eta LGTBI gaiak sartuko zituela ikasketa plan nazionalean. Lantaldea Hezkuntza Inklusiboaren Ordua (TIE) erakundeak sortu zuen, eta Stonewall Scotland, LGBT Youth eta TIE Kanpaina erakundeek osatzen dute, besteak beste.

John Swinney Eskoziako lehen ministrorde eta Hezkuntza idazkariaren arabera, hezkuntza sistemak «denei lagundu behar die beren potentzial gorena lortzen», eta horregatik «ezinbestekoa» da hezkuntza plana «ikastetxeetako ikasleak bezain plurala» izatea. Horrez gain, Jordan Daly TIE Kanpainaren sortzaileetako baten arabera, planaren alderdi teknikoak lantzen aritu dira, 2021. urtean hezkuntza inklusiboa «ahalik eta arinen eta eraginkorren» ezar dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.