Herbehereetako bozak

Eskuin muturra lehen aldiz gailendu da Herbehereetako bozetan

PVVk 37 eserleku eskuratu ditu Ordezkarien Ganberan, baina zaila izango du koalizio bat osatzea, beste alderdiek esan baitute ez dutela ultraeskuinarekin gobernatuko.

NETHERLANDS ELECTION
PVVko buru Geert Wilders, atzo, Scheveningenen. REMKO DE WAAL / EFE
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 23a
12:14
Entzun

Ezustean, inkestek laugarren indartzat zeukatena gailendu da Herbehereetako Ordezkarien Ganberarako bozetan. Geert Wilders buru duen eskuin muturreko PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiak 37 eserleku eskuratu ditu behe ganberan, 2021eko bozetan lortu zituenak baino hogei gehiago. «Herbehereetan boto gehien jaso duen alderdia gara; argi hitz egin dute hautesleek», esan du gaur goizean Wildersek.

Buruzagi ultraeskuindarrak inoiz baino gertuago du lehen ministro bilakatzea, baina beste erronka bat du lehenbizi: gainontzeko alderdien babesa eskuratzea. Ordezkarien Ganbera 150 diputatuk osatzen dute, eta gobernua osatu nahi duenak gutxienez haietako 76ren babesa behar du. Wilders prest dago negoziazioei ekiteko: «PVVk beste alderdi batzuekin egin nahi du lan, eta, horretarako, alderdi guztiek euren itzalaren gainetik begiratu beharko dute, baita guk ere».

Baina aukera horri dagoeneko ezetz esan dio bigarren izan den indarrak, Groenlinks/PvdA ekologisten eta Alderdi Laboristaren arteko aliantzak —25 eserleku lortu ditu Ordezkarien Ganberan, aurreko bozetan baino zortzi gehiago—. Frans Timmermans koalizioko buruak adierazi du ez dutela «inoiz» gobernurik osatuko «herbeheretarrak alde batera uzten dituen alderdi batekin».

Herbehereetako Ordezkarien Ganbera
 

Azken hamahiru urteetan lehen ministro izan da Mark Rutteren VDD Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia, baina hark izan du jaitsierarik handiena: 24 eserleku eskuratu ditu, iragan legegintzaldian baino hamar gutxiago. Halaber, behera egin dute VDDrekin batera azken koalizioaren parte izan diren beste hiru alderdiek ere: D66 Demokratak 66 —bederatzi aulki, hamabost gutxiago—, CDA Kristau-demokraten Deia —bost eserleku, hamar gutxiago— eta CU Kristauen Batasuna —lehengo hirurei eutsi die—. Denera, elkarrekin, 78 diputatu lortu zituzten 2021eko bozetan, eta atzokoetan, 41.

Beherakada hori iritsi da, hain justu, Ruttek iragan uztailean iragarri ondoren ez zela bozetara aurkeztuko. Dilan Yesilgoz-Zegerius da haren ordezko lehen ministrogaia —Herbehereetako lehenengo gobernuburu emakumea izan daiteke—. Timmermansen bide beretik mintzatu da ultraeskuinaren garaipenaren inguruan. Ez du erabat baztertu eskuin muturrarekin hitz egitea: «Haien [PVV] txanda da orain; gehiengoa osa dezakeela erakusteko betebeharra du [Wildersek]». Halere, herenegun esan zuenez, ez dago «prest» Wilders lehen ministro izango lukeen gobernu baten parte izateko.

NSC Kontratu Sozial Berria eratu berria izan da laugarren indarra, hogei eserleku lortuta. Nahiz eta inkestek aurreikusi baino emaitza kaskarragoa izan, «pozik eta harro» daudela esan du alderdiko buru Pieter Omtzigtek. Halere, bat egin du gainontzeko indarren jarrerarekin: «PVVren garaipena kolpe handi bat da».

NSCren atzetik, bederatzi eserleku lortu ditu D66k, eta zazpi BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimenduak. Eta nahiz eta indar gehien duten alderdiak izan ez, koalizioak osatzeko orduan bi talde horiek ere aintzat hartu beharko dituzte. Joan den martxoan egin zituzten Senaturako bozak—lege berriak onartzeko beharrezkoa da goi ganberako gehiengoaren baiezkoa—, eta horietan garaile izan zen BBB, botoen ia %20 lortuta; 75 eserlekuetatik hamabost. Bada, Herbehereetako NOS hedabideak kaleratu duenez, ultraeskuindarraren emaitzen harira, harekin koalizioa egiteko prest dagoela esan du BBBko buru Caroline van der Plasek. Hori bai, zenbait gaien inguruan duen jarrera «moderatzen badu».

Europako ultraeskuina, pozarren

Herbehereetako alderdi gehienen kontrara, Europako politikari ultraeskuindarrek berehala goraipatu dute Wildersen garaipena. PVVren emaitzak txalotu dituzte, besteak beste, Marine Le Pen Frantziako Batasun Nazionaleko buruak, Matteo Salvini Italiako lehen ministrorde eta Legako buruzagiak, eta Santiago Abascal Espainiako Vox alderdiko buruak. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek ere zoriondu du Herbehereetako politikari ultraeskuindarra: «Hemen dira aldaketaren ufadak».

Wildersek defendatzen dituen ideiak bat datoz eskuin muturreko politikari horiek bultzatzen dituztenekin. Besteak beste, islamaren aurkako jarrera oldarkorragatik da ezaguna 60 urteko lider ultraeskuindarra. Kanpainan aurkeztu dituen asmoetako batzuk dira, adibidez, Herbehereetan eskola islamistak, Korana eta meskitak debekatzea, asilo eskatzaileen kopurua nabarmen murriztea, eta Herbehereak Europako Batasunetik irteteko erreferendum bat egitea.

2021eko bozekin alderatuta, nabarmen aldatu da Herbehereetako panorama politikoa. Asteazkenaren aurretik egindako inkestek ere aurreratu zuten hori gertatuko zela: horien arabera, duela hiru urte botoa aldatzeko asmoa zuten hautesleen erdiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.