Bilboko kafetegi batean goxo hitz egiten ari dira bi lagunak; aspaldiko partez, haien herrialdeko egoera politikoak kilometro asko jarri baititu bien artean. Argentinatik erbesteratuta, Madrilen bizi da Luciana Peker (Buenos Aires, 1973), eta aberritik heldu da Silvina Molina (General Galarza, Argentina, 1968), besteak beste, Pikara Magazinek kazetaritza feministari buruz urrian antolatutako jardunaldietara. Ibilbide luzeko kazetari feministak baitira biak: ofizioak bizia eman diela diote, eta ez dutela besterik egin nahi. Ez dira garai onenak, ordea, lanbidearentzat Argentinan: Javier Milei presidenteak begiz joak ditu kazetariak, eta bereziki, feministak.
Nola aldatu du zuen bizitza ultraeskuinaren goraldiak?
SILVINA MOLINA: Kazetari gisa, kolpe handia izan zen. Hamahiru urtez Telam albiste agentzia publikoan lan egin nuen, eta azken lau urteetan, genero eta aniztasun editore gisa. 2018an, aurreko gobernu eskuindarra ere saiatu zen Telam ixten, eta gu gogor borrokatu ginen; irabazi genuen, eta horregatik banekien gure aurka etorriko zirela. Beraz, iazko ekainean, gau batez, erredakzioan ziren lankideek Whatsapp taldeetan esan ziguten Polizia hesiak jartzen ari zela egoitzan. Ezin izan nintzen berriro erredakzioan sartu, ezin izan nituen nire gauzak jaso.
Agentzia itxi zuten, eta behar baino askoz diru gutxiagoren truke kaleratu gintuzten. Zein inpaktu izan duen eskuinak? Nik ez dut lanik, zigortuta nago kazetari feminista izateagatik eta Argentinako hedabide publiko enblematiko batean lan egiteagatik. Ia-ia erretiratua nago sare sozialetan, burbuila batean, biziraun nahian, eta oraintxe berrindartzen. Eskuinaren mezua da ni ezabatzea, baina hor gaude, erresistentzian.
LUCIANA PEKER: Nik mehatxuak jaso nituen Mileik hauteskundeak irabazi aurretik ere. Eskuin muturrak jomugan ninduen, Thelma Fardin aktorearen kasuaren harira [Juan Darthes aktorearen aurkako salaketa jarri zuen bortxaketagatik]. 2019an mehatxuak salatu nituen, eta frogatuta geratu zen bazegoela antolakunde bat ni beldurtzeko, eta call center batetik Argentinako emakume behartsuak erabiltzen zituztela niri deitzeko, Fardinen kausa zikintzeko, diru truke testigantza faltsuak eskaintzeko... Egun batean, Mileik esan zuen armen erabilera liberatuko zuela, eta nik albiste bat idatzi nuen azalduz neurri horrek feminizidio arriskua areagotuko zuela. Instagramen zera esan zidaten: «Hurrengoa izatea merezi duzu».
Deskubritu nuen mehatxu egilearen egoitza fiskala Argentinako Aireko Indarren egoitza zela, eta loturak zituela handik erretiratutako beste batzuekin, kirchnerismoko demokratizazio prozesuarekin ados ez zeudelako. Hura ez zen broma bat: jende hark armak zeuzkan, eta lan zikinak egiten zituen. Hainbat tokitan salatu genuen publikoki; ez ziguten entzun, eta kereilak ez zuen sostengu sendorik izan. Alde egin nuen.
MOLINA: Lucianaren bidez lezio bat eman nahi izan ziguten.

Zer du gobernuak kazetari feministen aurka?
PEKER: Telam itxi aurretik, elkarrizketa batean, Silvinak zera esan zidan: «Ez digute eraso egiten gure porrotengatik, baizik eta gure garaipenengatik». Eta hala da, eraldaketa handi bat lortu dugulako: haurdunaldia borondatez eteteko legea, transentzako lan kupoa, kontzientzia oso sendo bat... Kazetari feministok eragin handia izan dugu prozesu horretan: ez dugu soilik errealitatea kontatu, Argentinan eraldaketan parte hartu dugu. Eta xalotasunez egin dugu hori, kostu pertsonalez jabetu gabe.
Arazoa da eskuin muturrak zigortu egiten dituela eraldaketa horietan giltzarri izan direnak: gizartea aldatu egiten da, baina zuk kostu erraldoiak pagatzen dituzu zure bizitza pertsonalean. Diziplinamendu bat da. Eta Argentinan ez da hainbeste ezin duzula gai bati buruz idatzi, baizik eta lanik gabe geratzen zarela, mundutik erori egiten zarela. Ez Silvinak, ez nik, ez Argentinako kazetari feminista gehienek ez dugu bizirauteko baldintzarik egun.
MOLINA: Argentinan hamalau genero editore ere izan ginen; orain lau geratzen dira, eta horietako bi ahal bezala irauten ari dira. Hasieran, gainera, dirurik eta lanik gabeko egoera hori kanpoan ulertzea asko kostatu zen. Lankidetzaren eremuan, adibidez, Argentina ez zen agertzen finantzaketa jaso zezaketen herrialdeen zerrendan; hori apurka aldatuz joan da, baina oso nekagarria izan da. Lankide batzuek erabaki zuten beste gai batzuen inguruan hitz egitea, eta hori errespetatzekoa da, baina nik trebatu naizen horretan aritu nahi dut.
«Espainian jaio izan balitz bezala kontatu da [greba feminista]. Hori kolonizazioa eta estraktibismoa da: mugimendu baten ideiak hartzen badituzu, eta eskua askatzen badiozu, mugimendu horren irabaziekin geratuko zara eta bakarrik utziko dituzu eragileak»
LUCIANA PEKER Kazetari feminista argentinarra
«Feminismoaren potentzia otzandu nahi zuten. Feminismoa baretu egin baita, indarkeria ez delako eragingabea. Gutako bat ukitzen dutenean denok erantzuten dugula dioen leloa ez da egia: indarkeriak garaitu egiten zaitu»
PEKER: Eskuina iritsi ostean, gainera, gizonezko kazetariak baino ez ziren geratu lanean, baita ezkerreko sektoreetan ere. Orain diote ez zutela eskuin muturra iristen ikusi, baina lehen haiekin liluratuta zeuden. Aldiz, gu bai izan ginen gai eskuin muturraren jardun politikoa ikusteko, eta ohartarazi genuen, baina esan ziguten esajeratzen ari ginela, eta orain erabat gutxietsiak gaude, Mileiren aurkako kazetarien artean ere gehienak gizonak direlako.
Guk ikusi genuen, gu ginelako haien arerio nagusia: feminismoaren potentzia otzandu nahi zuten. Feminismoa baretu egin baita, indarkeria ez delako eragingabea. Gutako bat ukitzen dutenean denok erantzuten dugula dioen leloa ez da egia: indarkeriak garaitu egiten zaitu. Indarkeria erabiltzen dutenean boterera iristeko eta han irauteko, botere estatala eta paraestatala dutenean, irabazi egiten dizute.
MOLINA: Interesgarria da, baita ere, aztertzea nola ultraeskuinak gure estrategia feminista asko baliatu dituen. Argiena, emakumeen erabilera. Asko borrokatu gara hauteskunde legeetan emakumeen kuotak ezartzeko, aldarrikatu dugu emakumeek boterera iritsi behar dutela, baina ez dugu zehaztu emakume feministek iritsi behar dutela. Zeren eskuinak bai jarri ditu emakumeak, baina kontserbadoreak, antifeministak, transfoboak... Argentinan haietako bat gure bozkatzeko eskubidea ere auzitan jartzen ari da!
Beste irakaspen bat da haiek oso erraz elkartzen direla, Vox Mileirekin, Milei Trumpekin, Bukele Voxekin... Elkarrekin pentsatzen dute, baliabideak dituzte eta estrategiak muntatzen dituzte. Eta, aldiz, gure estrategiez pentsatu ahal izateko babestu behar gintuztenek nahiko bakarrik utzi gaituzte.
Biek aipatu duzue bakarrik utzi zaituztetela. Nork? Zergatik?
PEKER: Iruditzen zait Espainiako lurralde osoan ardura historiko bat dagoela Latinoamerikako konkistan eta genozidioan, eta ukatu egiten dela. Gaur egun laugarren olatu feministatzat daukaguna Argentinan jaio zen, 2015eko ekainean, Latinoamerikan zabaldu zen prozesu baten barruan.
Greba feminista Polonian jaio zen, beltzezko emakumeak abortua mugatzearen aurka atera zirenean, eta 2016ko urriaren 19an izan zen lehen greba feminista Argentinan, hilketa bati erantzuteko; ondoren, emakumeen nazioarteko lehen greba, 2017ko martxoaren 8an, Argentinak eta Poloniak antolatuta. Urtebete geroago Espainian gertatu zen, mugarri bat izan zen, eta Espainian jaio izan balitz bezala kontatu da. Amerikako aurkikuntzaz hitz egitean bezala ari dira: aurrez existitzen zen zerbait hartu eta norberak asmatu izan balu bezala kontatu. Hori kolonizazioa eta estraktibismoa da: mugimendu baten ideiak hartzen badituzu, eta, beste errealitate zaurgarriago batean dagoenez eskua askatzen badiozu, mugimendu horren irabaziekin geratuko zara, eta bakarrik utziko dituzu mugimendu hori eragin zutenak.
Izan ere, Milei iritsi zenean, oro har, ez zen ia elkartasunik izan Argentinarekiko. Lankidetza agentzia publikoetan, adibidez, ez dago egitasmorik kazetari eta mugimendu feministak sostengatzeko. Hau da, hainbeste irakaspen eman dituen herrialde bati bizkarra eman zaio. Eta oker handi bat da, gainera, eskuin muturrak bat eginda daudelako.
Horregatik esana duzu Argentina alerta bat izan beharko litzatekeela Espainiarentzat?
PEKER: Bai, Espainian oso egoera konplikatua etorriko delako. Izan ere, eskuin muturraren efektua ez da eskuin klasikoarena, gobernuan txandakatzeari lotuta; eskuin muturrak suntsitu egiten du. Eta ezin zaio aurre egin gertatzen ari den bitartean: tsunamiaren erdian ezin da olatua geldiarazi, neurriak lehenago hartu behar dira. Eskuin muturrak eraso egiten duenean, jendeak ez du beti bat egiten haien kontra, pertsonak hautsi egiten baitira, eta ondoren, erakundeak. Beraz, aurrez alboratu behar dira barruko banaketak eta borrokak. Zeren, gainera, eskuin muturraren efektua hauteskundeez harago baitoa. Bozak ez irabazita ere, indarkeria arrazista areagotzen bada, haien helburua lortu dute.
«Interesgarria da aztertzea nola ultraeskuinak gure estrategia feminista asko baliatu dituen. Argiena, emakumeen erabilera. Aldarrikatu dugu emakumeek boterera iritsi behar dutela, baina ez dugu zehaztu emakume feministek iritsi behar dutela»
«Gizartean kontzientzia handi bat instalatu dugu genero indarkeriaren eta feminizidioen aurka: gai horretan ez dago polarizaziorik Argentinan. Eta haiek badakite»
SILVINA MOLINA Kazetari feminista argentinarra
MOLINA: Ultraeskuinaren kultura bat instalatzen da. Kide brasildarrek oso ondo azaltzen dute, bolsonarismoaren harira: Lula itzuli da, progresistak berriz martxan dira, baina kultura bat geratu da hor, kalean sentitzen da. Alegia, ez da bakarrik botere karguetan daudela. Izatez, Mileik ez du demokrazian sinesten, aitortua du estatua suntsitzera etorri dela. Beste zerbait interesatzen zaie: gizarte gisa sostengatzen gaituzten balioak hondatu nahi dituzte, berdintasunarekin eta giza eskubideekin lotuta. Hori da bataila kulturala deiturikoa. Eta hori egiten dute boterean egon ala ez.
Maiz esaten da feminismoak aurre egin diezaiokeela eskuin muturrari, baina aurkakotasun hori antolatzea zaila da gero.
PEKER: Nik bai uste dut mugimendu ultraeskuindar horiek dakarten neofaxismoari aurre egiteko gai den mugimendu bakarra feminismoa dela. Guk elkartzeko gaitasun itzela dugu, gure topaketa plurinazionaletan 90.000 lagun bildu izan gara; baina ez dauzkagu baliabide eta egitura nahikoak autoritarismoari aurre egiteko. Hor behar da sostengua, eta hor badago egiturazko desberdintasun bat: Europak bizkarra dauka, eta Latinoamerikak, zorra. Kazetariok babeste aldera, adibidez, Europako Batasunak baino ez dezake egin lege bat indarkeria digitala geldiarazteko.
MOLINA: Horretaz gain, uste dut kazetariok eztabaidatu behar dugula nola eraiki nahi dugun kazetaritza feminista bat gure herrietako demokraziak iraunarazten eta ultraeskuina geldiarazten lagunduko duena. Eta erantzun posibleetako bat da elkarrekin eraikitzea: sor ditzagun proiektuak, pentsa ditzagun estrategiak, muntatu ditzagun nazioarteko taldeak sarean lan egiteko.

Duela gutxi Argentinan zeresan handia eman du ama-alaba batzuen feminizidioak: gizon batek bikotekide ohia eta haren ama hil ditu, eta bere semea bahitu, Poliziak harrapatu duen arte. Gizonak lotura du eskuin muturrarekin...
PEKER: Varones Unidos izeneko talde bat dauka; Agustin Lage gonbidatua zuen, Mileiren ideologoetako bat. Las Tesis talde txiletarraren abestiak dio estatuak erantzukizuna duela indarkeria matxistan, nolabait ere, ekintzarik ezagatik; baina kasu honetan, urrats bat harago doa, ez baita soilik estatuak ez duela nahikoa egin: Emakumeen Ministerioa eta politika publiko guztiak desegin ditu, eta gainera, gobernuaren bozeramaile batek gizon bat akuilatu du hiltzera gorrotoaren izenean. Estatuari lotutako pertsonek gorrotoaren apologia egin duten lehen feminizidio kasua da.
MOLINA: Patricia Bullrich Segurtasun ministroak feministoi egotzi digu errua: «Gizonak zapaldu dituzte, eta horregatik orain kontra itzuli zaie indarkeria». Baina eskuin muturraren kultura bat badela esan dugun bezala, nik uste dut gizartean kontzientzia handi bat ere instalatu dugula genero indarkeriaren eta feminizidioen aurka: gai horretan ez dago polarizaziorik Argentinan. Eta haiek badakite; beraz, tarteka gauza batzuk esaten dituzte, baina gero erretiratu egiten dira. Ni orain kezkatzen nau biktimen bakardadeak, haiek laguntzeko politika eta baliabide publikoak desagertu egin direlako eta ez dutelako nora jo. Erakunde sozial gutxi ari dira biktimei laguntza ematen, batik bat Buenos Airestik kanpo. Baina kontzientzia hori badago, eta feministok borrokatu egin behar dugu indarkeriaren gaia eskuin muturraren kontra lantzeko.