Igandean egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Errumanian. Iazko azaroaren 24an egin zuten lehen itzulia, eta Calin Georgescuk irabazi zuen, baina, Auzitegi Konstituzionalak hauteskundeak baliogabetu, eta berriro egin beharko dituzte orain. Eskuin muturraren gorakada islatu zuen Georgescuren garaipenak, eta, Georgescuri debekatua dioten arren igandeko hauteskundeetara aurkeztea, bozen deialdi honetako faboritoa ultraeskuindarra da: George Simion; Atlas Intel etxeak argitaratutako zundaketen arabera, botoen %30 bilduko ditu. «Europako eskuin muturraren goraldiaren barruan, kasurik muturrekoena izan da Georgescurena, eta horrek kezkagarria izan beharko luke errumaniarrentzat», esan du Nahia Sanzo kazetari eta Geopolitikaz ikerketa taldeko kideak. Eskuinaren gorakada gelditzeko helburuarekin, alderdi liberalek eta sozialdemokratek koalizioa osatu dute.
Azaroaren 24ko hauteskundeen aurreko zundaketek ez zuten iragarri Georgescu gailenduko zela, baina lehenengo itzulian hark lortu zituen boto gehien, %22; bigarren postuan Elena Lasconi kontserbadorea izan zen (%19,2). Abenduaren 6an, baina, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen Errumaniako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia, eta horren ondorioz, Georgescu ezingo da aurkeztu oraingo bozetara. Errumaniako Inteligentzia Agentziak Errusiaren zibererasoak antzeman zituen hauteskunde sistemetan, eta ebatzi zuen Georgescuren sare sozialetako kanpaina Errusiaren laguntzarekin bultzatu zutela. Azaroko hauteskundeetan, Simionek babesa eman zion Georgescuri.
«Trumpek AEBetan egindako horixe bera egiten ari da Simion. Politikan konfiantza galdu dutenen eta irtenbide erradikalak nahi dituztenen botoa eskuratzea du helburu»
NAHIA SANZO Kazetaria eta soziologoa
Egindako inkesten arabera, lehen itzulian botoen %35 lortuko lituzke Simionek. Lehen itzulian hautagai bakar batek ere ez baditu botoen %50 edo gehiago lortzen, bigarren itzulia egingo dute maiatzaren 18an. «Orain, jendeak konfiantza galdu du urte askoan boterean edo oposizioan egon diren alderdietan, eta horrek bestelako irtenbideak agerrarazi ditu, alderdi berriak. Europako joera da alderdi horiek eskuin muturrekoak izatea», azaldu du Sanzok. Hain zuzen, politika populistak eta nazionalistak nabarmenduz egin du kanpaina Simionek. AUR alderdiaren buru da Simion, eta «errumaniar guztien batasuna lortzea» da haren helburua. «Trumpek AEBetan egindako horixe bera egiten ari da Simion. Politikan konfiantza galdu dutenen eta irtenbide erradikalak nahi dituztenen botoa eskuratzea du helburu». Simionek 39 urte ditu, eta 2020ko hauteskundeetan agertu zen lehen aldiz presidentetzarako lehian.
Kristautasuna, familia, nazioa eta askatasuna dira AUR alderdiko kideek nabarmentzen dituzten lau kontzeptuak. Homosexualitatearen aurkako politikak defendatzen dituzte, eta, 2022an, harrabotsa sortu zuen nazioartean Holokaustoari garrantzia kendu ziotelako. Horrez gain, Moldavia Errumaniara batzea dute helburu, hau da, Errumaniak Bigarren Mundu Gerra baino lehen zituen lurraldeak berreskuratzea. «Moldavia herrialde ahula da, eta kanpoko edozein interferentziak eragin dezake hango egoera politikoan. Simion Errumaniako presidente izatea ez da ona Moldaviarentzat».
Errusiaren «inbasioaren» aurka
EB Europako Batasuneko eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide da Errumania, eta, hain justu, Simionek gogor jo du EBren aurka. Hautagaiaren ustez, EB «diktadura bat» da egun, eta Georgescuren garaipena baliogabetzea «estatu kolpe bat» izan zen. NATOri, aldiz, babesa erakutsi dio AUR alderdiak. «Presidente aukeratzen badute ere, Simionentzat ia ezinezkoa izango da NATOtik eta EBtik irteteko proposamena egitea. Errumania oso garrantzitsua da NATOrentzat, bereziki Itsaso Beltzerako sarreragatik. Proposamen hori egingo balitz, Europak kanpaina izugarria egingo luke ideia horri indarra galarazteko».
Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkaren harira, Simionek Putinen «inbasioa» gaitzetsi du. Era berean, kritikatu egin du Errumaniak Ukrainari laguntza militarra ematea, uste baitu Errumaniak «eragile neutroa» izan beharko lukeela gatazkan. Simionek debekatua dauka Ukrainara sartzea. «Errumaniak Ukrainari ematen dion laguntza militarra ez da hainbestekoa, eta Simionek etetea erabakiko balu, ez litzateke gauza handirik aldatuko. Alabaina, laboreak esportatzeko laguntza ere ematen diote Ukrainari aleak esportatzeko, eta ondorioak nabariak izango lirateke laguntzarik ezean. Itsaso Beltzerako Errumaniaren sarrera baliatuz, esportazioak egiten ditu Ukrainak, eta kolpe gogorra izango litzateke hori galtzea».

Oposiziokoek uste dute Simion Errusiaren aldekoa dela, eta kezka dute ez ote den berriro gertatuko Georgescurekin gertatutakoa. «Ukrainak adierazi du Simionek irabaziz gero hari buruzko informazioa kaleratuko duela, Errusiarekin lotzen duen informazioa», esan du Sanzok.
Beste aldean, koalizioa
Alderdi Sozialdemokratak, Alderdi Nazional Liberalak eta Errumaniako Hungariarren Batasun Demokratikoak koalizioa osatu dute eskuin muturra gelditzeko helburuarekin. «Egun, ohiko alderdiek elkartzeko beharra dute, banatuta ez baitute ezer irabaziko. Bigarren itzulira iristea dute helburua, eta, ondoren, Europa alde duten alderdi guztien babesa jasotzea», azaldu du Sanzok. Crin Antonescu politikari liberala da koalizioaren hautagaia.
Azaroko presidentetzarako hauteskundeak baliogabetu zituzten arren, legebiltzarreko hauteskundeak egin zituzten abenduan. Horietan, sozialdemokratek bereganatu zuten boto gehien, Simion izan zen bigarren, eta liberalak hirugarren. Sozialdemokraten eta liberalen koalizioak, baina, gehiengoa galdu zuen bai Parlamentuan eta bai Senatuan, eta AUR alderdiak gorakada handia izan zuen. Orain, lehen ministroa Marcel Ciolacu sozialdemokrata da, eta Simion presidentetzara iritsi arren, ezingo luke Ciolacu kargutik kendu. Presidenteak beste lehen ministro bat aurkezteko eskubidea dauka Errumanian, baina, parlamentuaren gehiengoak ez badu onartzen, ezin du kargua lortu. Gaur-gaurkoz, Europaren alde dauden alderdien baturak dauka gehiengoa; beraz, Simioni, presidente bilakatuta ere, zaila izango zaio nahi bezala jardutea.