Eskuina faborito Perun

Bozak egingo dituzte etzi Perun, egoera politikoa guztiz nahasia dela. Kongresuak botere handia du bere esku, eta eskuineko indarrak dira nagusi inkestetan.

Keiko Fujimori faborito nagusia kanpainako ekitaldi batean Liman, martxoaren 9an. RENATO PAJUELO / EFE
Keiko Fujimori faborito nagusia kanpainako ekitaldi batean Liman, martxoaren 9an. RENATO PAJUELO / EFE
Cecilia Valdez
2026ko apirilaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde orokorrak egingo dituzte etzi Perun, eta herritarrek beste aukera bat izango dute erabakitzeko zein izango den hurrengo presidentea. Peruko politikagintza oso zatikatuta dago, baina Keiko Fujimori eskuinekoa da faborito nagusia: inkestarik garrantzitsuenen arabera, bigarren bozaldian irabaziko du, ekainaren 7an. Hamar urtean zortzi presidente izan dituzte Perun, eta orain 35 hautagai daude gobernuburu izateko. Hain zuzen, adituak bat datoz egiaz han Kongresuak gobernatzen duela, ez presidenteak: badira urte batzuk Kongresuak erabakitzen duela nork gobernatuko duen eta zenbat denboraz, barne logika eta hitzarmen batzuen arabera.

«Hemen kronikoa da ezegonkortasun politikoa, eta horretan garrantzi handia du hutsaldia esaten zaion arauak», adierazi du Ramiro Escobar kazetari eta unibertsitateko irakasleak. Presidentearen hutsaldia Peruko Konstituzioan jasotako mekanismo bat da (113. artikulua), eta ahala ematen dio Kongresuari presidentea kargutik kentzeko, normalean «ezintasun moral iraunkorragatik». Gainera, oso modu laxoan interpretatzeko bidea ematen du mekanismo horrek. Kargutik kendutako azken presidentea Jose Jeri izan zen: otsailaren 18an hura kendu, eta Jose Maria Balcazar izendatu zuten presidente, Peru Librekoa, gizarte zibilak batere kasurik egiten ez zuela.

Nueva Sociedad webgunean argitaratutako artikulu batean Omar Coronel politologoak ohartarazi duenez, urteak dira Kongresuak «botere politikoa bere eskuetan» daukala eta «interes politiko eta ekonomikoetan oinarritutako koalizio autoritario bat» duela, eta, gainera, Pedro Castilloren kolpe saioak (2022) bidea zabaldu zion presidentetzaren gaineko boterea sendotzeko. Coronelek artikulu horretan dioenez, gaur egun ez da beharrezkoa gizarteak babesa ematea kargugabetze horiei, eta, urteotan izandako aldaketaren ondorioz, Kongresuak erabat menderatzen du Peruko Estatua.

«Hauteskundeak oso garai korapilatsuan egingo dira, eta herritarrek ez diote batere kasurik egin kanpainari, salbu azken egunetan», esan du Jose Alejandro Godoy politologoak. «Atxikimendu falta oso handia da gizartearen parte batean: batetik, ezegonkortasuna handia delako; bestetik, gehienek sentitzen dutelako politikak ez duela zerikusirik eguneroko bizimoduarekin. Gainera, hautagai gehiegi ari dira lehian».

Ekonomia

Peruko ekonomian bi dibisa erabiltzen dituzte, dolarra eta sol-a, eta, datu ofizialen arabera, %3,4ko hazkunde ekonomikoa izan zuten 2025ean, egoera politiko nahasia gorabehera. 2026rako, Peruko Ekonomia Institutuak iragarri du %2,7ko hazkundea izango dela.

«Hemen kronikoa da ezegonkortasun politikoa, eta horretan garrantzi handia du 'hutsaldia' esaten zaion arauak»

RAMIRO ESCOBAR Kazetaria eta unibertsitateko irakaslea

«Legez kanpoko ekonomian eta harekin zerikusia duten jarduera debekatuetan —narkotrafikoan eta legez kanpoko meatzaritzan eta zuhaitz mozketan—, milioi asko irabazten dituzte, eta, gainera, zenbait alderdiren barruko jendea dago horren guztiaren atzean, batez ere eskuinekoak, baina ez eskuinekoak bakarrik», segurtatu du Escobarrek. «Hala, sare oso bat dago inguruan, unibertsitateak barne; Kongresuko koalizio mafioso bat da, eta alderdi aliantza bat da, hain zuzen. Alderdi horietako erreferente ia guztiek ez dute joera ideologiko bat ordezkatzen, baizik eta gehien komeni zaizkien interesak, eta komenentziaren arabera aldatzen dituzte interesok».

Horiek horrela, presidentea ez ezik, senatariak, diputatuak eta Andeetako Parlamentuko ordezkariak ere aukeratuko dituzte etzi: 10.000 hautagai dira guztira. Telebistan presidentegaien eztabaida antolatzeko, egun batzuetako saioak prestatu behar izan zituzten, eta hantxe egin zituzten hautagaiek beren mintzaldiak, hautesleak konbentzitu nahian, baina herritarrek zalantza gehiago dute segurantza baino.

«Oraingoz, Keiko Fujimori dago inkestetan aurrena». Lehen itzulian Indar Popularraren hautagaia nagusitzen bada, bigarren bozaldira iristen den laugarren aldia izango du. «Bigarren nor izango, berriz, Carlos Alvarez komikoa [Herrialdea Guztiontzat] eta Rafael Lopez Aliaga [Berrikuntza Popularra] ari dira lehian, eta biek bereganatu nahi dituzte boto emaile eskuindarrak», adierazi du Escobarrek.

(ID_15855743) PERÚ ELECCIONES
Rafael Lopez Aliaga Porky hautagaia ekitaldi batean Liman, martxoaren 2an. RAFAEL AGUILAR / EFE

Rafael Lopez Aliaga, Porky, faborito izan zen kanpainaurre guztian: lider ultrakontserbadorea da, Limako alkate izana, eta Porky txerritxoarekin identifikatzen da; gainera, Opus Deiko agregatua da, hau da, zelibatu apostolikoan bizi da. Alvarezi, berriz, Peruko Bukele deitzen diote, eta, telebistako platoetan duen esperientziari esker, jarraitzaile gehiago bildu ditu presidentegaien eztabaiden bitartez.

Inkesten arabera, hortaz, eskuina da nagusi, baina ezkerreko hautagairik sendoenak hauek dira: Alfonso Lopez Chau (Orain Nazioa) eta Roberto Sanchez (Peruren Alde Elkarrekin). Nolanahi ere, edozeinek egin dezake gora hauteskundeak iritsi arteko egunotan, handia baita zalantzatien ehunekoa: %23. «Berrikuntza gisa, Lopez Chauk Poliziako koronel ohi bat sartu du bere parlamentari zerrendan, segurtasun plan bat prestatuta daukana, eta hemen jendea oso kezkatuta dago segurtasunaz», zehaztu du Escobarrek.

Coronelen irudiko, mobilizazio sozialak bere beto indarra erabili zuen 2001etik 2021era, baina gero ahulduz joan zen, eta, harrezkero, «legeztatu gabeko sektore batzuk lanean ari dira koalizio nagusiko politikariekin batera, antolaturik, garaian garaiko beren interesen alde: legeztatu gabeko meatzarien eta arrantzaleen gremioak, erdizka legeztatutako garraiolarien federazioak, koka hostoa ekoizten duten nekazariak, eta abar».

Analista batzuen arabera, jende gehienak azken egunetan erabakiko du nori eman botoa, eta inork ez du modurik izango lehen bozaldian nagusitzeko. Boto asmoa oso banatuta dago, eta zalantzatiak asko dira; beraz, ez da baztertu behar 2021ean bezala gertatzea: orduan, Pedro Castillok irabazi zituen hauteskundeak, faboritoen artean sekula egon gabea izanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA