«Agian pentsatuko dute sexuaren arabera banatutako rolak babestea balio tradizionalak babestea dela. Nik ez dut uste euren jarduna ideologiatzat daukatenik. Baina guri bai, horixe leporatzen digute guri, generoa ideologia delakoan. Pertsonak gara, besterik ez». Portugalgo eskuineko eta eskuin muturreko alderdiez ari da hizketan Andreo Gustavo, Transparente plataformako kidea. PSD Alderdi Sozialdemokrata kontserbadoreak, CDS-PP demokristauak eta Chega ultrak lege proposamen bana aurkeztu dute genero autodeterminaziorako legea deuseztatzeko asmoz, eta hiru zuzenketak onartu dituzte, eskuinak, bloke gisa, gehiengoa baitu herrialdeko parlamentuan —230 eserlekuetatik 91 ditu kontserbadoreen eta demokristauen gobernu koalizioak, eta 60 Chegak—.
Portugalen 2018an onartu zuten lege hori, Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuen urte berean, hain zuzen ere. Baina eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek berriro patologizatu nahi dute. Besteak beste, transek diagnostiko bat aurkeztu behar izatea jaso dute, erregistroan izena eta sexua aldatu ahal izateko —horixe eskatzen zuen genero autodeterminaziorako legearen aurrekoak, 2011koak: gutxienez mediku batek eta psikologo batek «genero identitatearen nahasmendua» diagnostikatzea—.
Parlamentuko batzorde batek du lege proposamen horien edukia aztertzeko ardura ganbera horretan bigarren eta azken bozketa egin baino lehen, eta diagnostikoaren eskakizuna konstituzioaren kontrakoa ote den dago ezbaian.
Izan ere, Gustavok telefonoz azaldu du genero autodeterminazioaren legeak bereizi egin zituela, batetik, «eskubide zibila» —erregistroan izena eta sexua aldatzea—, eta, bestetik, «eskubide medikoa» —tratamenduren bat jasotzea—. Eskuineko alderdiek bi horiek lotu nahi dituzte, eta galdera bota du Transparenteko kideak: «Nork hartuko du bere gain ardura hori? Politikariek? Medikuek? Kezka sortu du horrek». Gehitu du PSDk, CDS-PPk eta Chegak ez dietela kontsultarik egin osasun arloko profesionalei: «Zera nahi dute, ez entzunarena egin dieten profesionalak eta medikuak behartzea genero disforia diagnostika dezaten, finean, transak errekonozitzeko».
Auzi horri buruz jardun du Sandra Saleiro soziologo eta Lisboako Unibertsitate Institutuko Genero Ikasketetako irakasleak. Ohartarazi du transen eskubideak berriro «egoera zeharo arbitrario batean» izango direla 2018ko legea deuseztatuz gero, eta zalantzan jarri du eskuineko alderdiek aurkeztutako lege proposamenek oztoporik ezar ote diezaioketen osasungintzari: «Badago aukera sendoa, proposamen horien alderdi batzuk onartuagatik ere, konstituzioaren kontrakotzat jotzeko», adierazi du, idatziz.
Izena eta izana
Lege proposamen horiek onartuz gero, adin txikiko transei ere eragingo liekete, eskuineko alderdiek zera jaso baitute: pubertaroa blokeatzeko terapiak eta hormona terapiak debekatzea, argudiatuta «haurtzaroa eta gaztaroa babestu» nahi izan dituztela.
Gaur egungo legearen bidez, nazionalitate portugaldarra duten 16 urtetik gorakoek alda ditzakete izena eta sexua erregistroan, inolako diagnostikorik-edo aurkeztu gabe —adingabeek gurasoen baimena eduki behar dute, eta «erabakitzeko gaitasuna» dutela frogatzen duen osasun langile batek idatzitako txostena—.
Baina, Gustavok azaldu duenez, adina edozein dela ere, trans guztiek dute eurek erabakitako izena errespetatua izateko eskubidea, eta irizten dio litekeena dela eskuinaren neurriek «bazterkeria eta diskriminazioa» hauspotzea, esaterako, eskoletan: «Imajina dezakezu 15 edo 14 urteko Mariari Manuel deituko diotela hemendik aurrera, zergatik-eta lege bat onartu dutelako?», galdetu du. Saleiro soziologoak erantsi du «babesik gabe» geratuko liratekeela, ez lukete-eta izango beren izenaren eta izanaren alde egiteko «tresna legalik» eskura.
Saleirok adierazi du eskuin muturraren gorakadak eten egin duela aurrez zegoen «patroia», ezkerreko eta eskuineko alderdien artekoa: LGTBI kolektiboak eskubideak aitor diezazkietela lortu du, ezkerreko alderdiek gehiengoa izan dutenetan; eskuinekoak Parlamentuan gailendu diren aldietan, berriz, eskubide horien aitortza ez aurrera eta ez atzera geratu da. «Eskuin muturra oraintsu heldu da lazki, eta ezin aurreikusi nola jokatuko zuen, ezta alderdi eskuindar demokratikoak direlako horiekin juntatuko zenik ere, aipaturiko patroia hautsiz».
Gustavoren hitzetan, «eraso koordinatua» egin dute, haien ideiak «lerrokatu» diren heinean. Badago, ordea, kontra egiteko modurik: Antonio Jose Seguro presidentearen betoa —zeina eskuineko alderdiek arazorik gabe gaindituko bailukete— edo auzia Auzitegi Konstituzionalera eramatea. Gustavok gogorarazi du konstituzioak berak babesten duela autodeterminaziorako eskubidea: «Ez dauka zentzurik Auzitegi Konstituzionalera joan eta egindakoa desegiteko esatea».