Europako Batasunean sartzeko beharrezko erreforma ia guztiak egin ditu Eslovakiak, Hudecen ustez. Herrialde txikia izanik, elkarlan akordioen beharra ikusten du EBn indarra izateko.
Nola ikusten duzu Eslovakia EBn sartzeko?
EBn sartuko diren beste herrialdeen antzera dago. Ia erreforma posible guztiak egin ditugu eta nahiko prest gaude EBn sartzeko. Hori da herrialdearen helburu nagusia. Nik, batez ere, egiturazko funtsen inguruan ezagutzen dut egoera eta hori izango da Eslovakia zein beste herrialdeentzat erronka handia. Gainerako gehiena eginda dago. Orain bat egin aurreko zenbait laguntza ditugu, baina ikasi behar dugu nola lan egin geroan laguntzak eskuratzeko. Uste dut jendea nahiko baikorra dela.
Zein dira Eslovakiaren zailtasun handienak?
Eslovakiaren arazo handienalangabezia izan da eta oraindik bada, baita eskulanaren prezio merkea ere. Egoera asko aldatzen da eskualdeka: Bratislava, adibidez, Viena, Budapest eta Pragatik gertu dago eta hango eta inguruko eskualdeetako egoera ekonomikoa oso ona da. Ekialdea, berriz, Ukraina, Polonia eta Hungariatik gertu dago eta langabezia oso handia da. Baina atzerriko inbertsioek garatzen laguntzea espero dugu.
Zein iritzi duzu Konbentzioak egindako konstituzio proposamenaz?
Eslovakia herrialde txikia da; soilik 5 milioi biztanle ditu. Horrek esan nahi du beste herrialde batzuekin elkarlan estrategikoa landu beharko duela. Bestetik, gaur egun herritarrak interesatuago daude barne arazoetan EBkoetan baino. Hori aldatuko da EBn sartzean. Jende asko EBn sartzeko erronkaz eta merkatu askean sartzeko erronkaz jabetzen ez direla iruditzen zait.
Hedapenaren aldeko jarrera sendoenetakoa da Eslovakiarena, hala ere.
Bai, noski. Herritar gehienek uste dute EBn sartzea oso aukera ona dela. Herrialde txikia da eta bat egiteaz profitatuko da, ekonomia lagunduko du, bai enpresena, bai herritarrena. Askok uste dute EBn sartzean laster lortuko ditugula bertako kideen bizi-baldintzak. Ez dute kontuan hartzen Europako super-merkatuko lehia.
Zein ekarpen egin diezaiokete Eslovakiak EBri eta EBk Eslovakiari?
Lehen esan dudan bezala, Eslovakia txikia da eta onura handienak Eslovakiak jasoko ditu. Eslovakiaren alde onena hezkuntza maila da, herritarrak oso gaituak daude manufakturan. Eslovakia da EBn autogintzako ekoizle handienetakoa, Volkswagenen eta Peugeoten fabrika handiak ditu. Turismoa izan daiteke beste alor emankor bat EBrentzat, herrialdearen erdia baino gehiago mendiak baitira, eta ingurunea oso ederra.
Ijitoen bazterketa arazo handia da. Zein urrats egin dituzue ?
Ijitoen egoera hobetzea ez da urte bat edo biko kontua, belaunaldietakoa bazik. Bizimodu propioa daukate eta ohitura batzuk aldatu behar dituzte. Ijito gutxiengoa EBko handienetakoa da, eta egun egoera agian duela hamar urte baino okerragoa da. Izan ere, erreforma ekonomikoekin askok lana galdu dute. Haien egoera hobetzeko programa asko daude martxan, EBk lagunduta, baina hezkuntzarekin duten harremana aldatu behar da. Ez dute beharrik ikusten seme-alabak hezteko eta hezkuntza gabe nekez hobe daitezke bizi-baldintzak. Gauza asko daude egiteko eta hezkuntzatik hasi behar dugu. Denbora luzea beharko da horretarako, 20-25 bat urte.
EUROPAKO BATASUNEKO KIDE BERRIAK
«Eslovakia prest dago EBn sartzeko; erronka egiturazko funtsak lortzea izango da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu