Migrazioak

Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Luxenburgo arduratuko dira 'Open Arms' ontziko migratzaileez

Europako Batzordeak jakinarazi du albistea. Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak atzo eman zuen ontzia atxiki eta migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko agindua, eta gauerdia baino lehen lehorreratu zen ontzia. Siziliara eramango dute gaur.

'Open Arms' ontzia, bart, Lampedusako (Italia) portuan. ELIO DESIDERIO/ EFE
2019ko abuztuaren 21a
07:14
Entzun

Ziurgabetasunez beteriko ia 20 egunen ostean, Europako Batasuneko bost herrialdetan banatuko dituzte Open Arms ontziko migratzaileak: Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Luxenburgo egingo dira migratzaileen kargu. Europako Batzordeak jakinarazi duenez, "prest" dago migratzaileen banaketa kudeatzeko. Ez du zehaztu herrialde bakoitzera joango den migratzaileen kopurua. Hasieran, Errumania ere prest agertu zen migratzaileak jasotzeko, baina, azkenean, bost herrialde horietan soilik banatuko dituzte migratzaileak, kopuruari aurre egiteko nahikoak direla argudiatuta. Lampedusatik Siziliako Empedocle portura eramango dute gaur ontzia, Patronaggio fiskalburuak aginduta.

Eusko Jaurlaritzak, kasurako, migratzaileak hartzeko prestasuna adierazi du. Hainbat aldiz adierazi duenez, migratzaileak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban banatzeko prest agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Banaketa hori tokian tokiko biztanleriaren, errentaren eta langabeziaren araberakoa izatea proposatu du. Hala ere, Espainiako Gobernuaren erantzun baten zain jarraitzen dute.

Bestalde, Europako Batzordeak ez du itsasontziak jaso dezakeen isunaren gaineko iruzkinik egin nahi izan. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak adierazi duenez, 900.000 euro arteko isun bati egin diezaioke aurre Open Arms ontziak. Presidenteordearen hitzetan, erreskateak egiteko baimenik ez izanda ere erreskateak egiten jarraitzeagatik jaso dezake zigor hori; izan ere, laguntza humanitarioa garraiatzeko baimena zuen ontziak, baina ez erreskatean aritzekoa. "Guztiok gaude legearen menpe, ez dago salbuespenik, ezta itsasontzi bat ere", adierazi du.

Gauerdia baino lehen iritsi dira lehorrera Open Arms ontzian zeuden 83 migratzaileek. Bart gauean lortu dute Italiako Lampedusa uhartera iristea —beste asko atera egin behar izan dituzte egunotan, osasun arazoengatik—, 19 egunez lehorreratzeko baimenik gabe egon ondoren. Txalo, oihu eta kantu artean ospatu dute garaipen hori: "Hemeretzi egun ontzi batean bahituta egon ondoren, lurra zapalduko dute barruan diren pertsona guztiek. Boza! –garaipena–", idatzi dute gobernuz kanpoko erakundearen sare sozialetan.

Luigi Patronaggio Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak eman zuen atzo Open Arms ontzia atxiki eta migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko agindua. Ontzian bertan izan zen aurrez, migratzaileak zer baldintzatan zeuden ikusteko, eta horren ondoren hartu zuen erabakia.

Aurrez, migratzaile ugarik itsasora jauzi egin zuten Lampedusara igerian iristeko asmoz, eta, horren ostean, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen Audaz izeneko ontzia bidaliko zuela Lampedusara, ontzian zeuden migratzaileen kargu egin eta Palmako portuan lehorreratzen laguntzeko. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak asmoa iragarri eta gutxira iritsi zen, ordea, Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuaren agindua. Gaur goizean, "gertaerei itxarongo" dietela azaldu du Espainiako Gobernuak. Bilaketa eta erreskate lanetan aritzen bada, isuna ere jar diezaioke Espainiak Open Arms gobernuz kanpoko erakundeari.

[youtube]https://youtu.be/tnt917S0E3g[/youtube]

Espainiako Gobernuaren erabakiarekin sei egun itxaron beharko zuketen migratzaileek portu batean lehorreratzeko; izan ere, hiru egun barru iritsiko zatekeen Audaz ontzi militarra Lampedusa uhartera, eta beste hiru egun beharko zituzkeen Balearretara iritsi eta Palman porturatzeko.

Matteo Salvini Barne ministroak, fiskalburuaren erabakiaren aurretik iragarri zuen hark neurriren bat har zezakeela, baina portuak itxita mantentzeko politika defendatu zuen. Senatuan egin zituen adierazpen horiek, atzo —Mario Conte lehen ministroak dimisioa eman zuen—.

'Ocean Viking', baimenaren zain

Open Arms ontziaren antzeko egoeran dago Ocean Viking ere, lehorreratzeko baimenik gabe MSF Mugarik Gabeko Medikuen eta SOS Mediterranee erakundearen ontzia da—. Abuztuaren 9 eta 12 artean 365 migratzaile erreskatatu zituzten Mediterraneo itsasoan, eta, Italiako eta Maltako agintariei porturatzeko baimena eskatu arren, ezezkoa erantzun diete orain arte.

Deshidratazioari, zorabioei eta erredurei aurre egiteko lehen arta eman ondoren, orain, migratzaileen "emergentziarik larriena psikologikoa" dela nabarmendu dute ontziko arduradunek: "Pertsona hauek trauma handi bat sufritu dute, eta sufritzen ari dira, asko torturaren eta sexu indarkeriaren biktima izan baitira Libian. Gaur, lehorreratzeko leku seguru baten zain dauden bitartean, itsasoaren erdian kontsumitzen ari dira, espazio mugatu batean; okerrera soilik egin dezakete horrela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.