Mohamed Limam. Fronte Polisarioko ordezkaria

«Espainiak traizio egin dio beste behin Saharako herriari»

Marokoren autonomia plana babestuta, Madril nazioarteko zuzenbidearen kontra lerratu da, Polisarioko ordezkariaren iritziz. Ohartarazi du krisi bat itxi nahian beste bat ireki duela.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Paulo Ostolaza - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Mohamed Limam Saharako Fronte Polisarioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria da, eta argi du Marokoren autonomia plana babesteko Espainiaren erabakia zer den: beste «traizio» bat. Ostiralean, Madrilek bat egin zuen Marokok 2007an Mendebaldeko Sahararako proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali zion eskutitzean adierazi zuenez, Madrilen iritziz, Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Limamek NBE Nazio Batuen Erakundearen erabakiak errespetatzeko eskatu du, beste behin ere. Hau da, konponbidea autodeterminazio erreferendum batean oinarritzea.

Zer ekarriko du Espainiaren erabakiak Mendebaldeko Sahararentzat?

Espainia Maroko okupatzailea defendatzen ari da bere legez kanpoko jarrerarekin, eta beste behin traizio egin die Saharako herritarrei. NBEk eskatzen duen autodeterminazio eskubidea defendatzeari utzi dio, eta orain legez kanpoko okupazio bat babesten ari da.

Zergatik hartu du erabaki hori Madrilek?

Espainiak, azken finean, ez du ezer irabazten. Ez zaio axola izan okupazio horren legezkotasuna, ezta NBEren babesik ez izatea ere, eta modu ilunean hartu du erabakia. Madrilek ez du argitaratu gutuna, eta Marokoko prentsaren bidez izan dugu haren berri. Espainiak berea ez dena emateko konpromisoa hartu du: Marokorekin ondo geratzeko, Mendebaldeko Sahara eman dio. Espainiak ezin du hori egin: Mendebaldeko Sahara hartzen duen lurraldearen kudeatzailea da.

Zergatik?

Estatuek uko egin diezaieketelako beren eskubideei, baina ez beren zereginei. Hori ez da Fronte Polisarioak dioen zerbait, NBEk dioena baizik. Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak ere gauza bera dio Auzitegi Nazionaleko epaile zenean ebatzitako epai batean. Saharan ez da ezer aldatuko; jadanik ohituta gaude.

Sanchezen gutuna nolatan argitaratu du Marokok?

Rabatek, beste behin, fideltasun txikia erakutsi du: gutuna argitaratzea erabaki du, Madrilek egin ez arren. PSOEk ez dio erabakiaren berri eman gobernu koalizioko kideari; oposizioko alderdi nagusiari ere ez, ezta Mendebaldeko Sahararen ordezkariei ere... Saltsa ederrean sartu da. Krisi bat itxi nahi izan du, baina beste bat ireki du. Mendebaldeko Saharako bake prozesuari ere arazo gehiago sortu dizkio.

Esan duzu Espainiak ez duela ezer irabaziko. Zerk bultzatu du, orduan, erabaki hori hartzera?

Gutunean, Sanchezek dio bi estatuen lurralde osotasuna errespetatuko dela, baina Marokok Espainiarenak diren lurrak aldarrikatzen ditu oraindik ere. Gainera, dirutza jasotzen du Europako Batasunetik legez kanpoko immigrazioari eta drogen trafikoari aurre egiteagatik. Hori al da Espainiak akordio horrekin irabaziko duena? Orduan, aitortzen ari da Marokok ezbaian jartzen duela Espainiaren lurralde osotasuna, eta ez zuela legez kanpoko immigrazioaren aurka lankidetzan jarduteko asmorik.

Bruselak esan du Espainiaren jarrera aldaketak hobetu egingo dituela EB Europako Batasunaren eta Marokoren arteko harremanak.

Adierazi du, batetik, aldaketak hobetu egingo dituela EBren eta Marokoren arteko harremanak. Ez dugu ezer ere horren kontra, baldin eta Saharako herria harreman horien izenean sakrifikatzen ez bada. Bestetik, NBEren bake prozesua sustatzearen alde agertu da, Maroko eta Fronte Polisarioa akordio batera bultzatzearen alde, irtenbide justu, baketsu eta iraunkor bat lortzeko, sahararren autodeterminazioa jasoko duena. Argiago ezin da esan.

Posible al da bi elementuak uztartzea?

Erabateko kontraesana da.

Txinako eta Aljeriako Atzerri ministroak elkartu ziren igandean, eta biek eskatu zuten Sahara Mendebalderako «irtenbide justu bat» eta «nazioarteko zuzenbidean oinarritua». Zenbateko garrantzia du horrek?

Aljeria herrialde laguna da; Afrikako Batasunean sekulako garrantzia du, eta nazioartean indarra berreskuratzen ari da. Orain, [Txinaren] zetaren bidea Aljeriatik pasatuko da, eta hortik Afrika osora. Txina, berriz, potentzia ekonomiko eta militar bat da, [NBEren] Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorra, eta auzi honetan zeresan handia du. Beraz, garrantzi handiko onespena da guretzat, eta frogatzen du nazioarteak ez duela babesten Espainiak esandakoa.

Zer jarrera dute AEB Amerikako Estatu Batuek?

Joan den astean AEBetako Senatuak bere jarrera berretsi zuen. Marokori ez diote dolar bakar bat ere emango ez badio Mendebaldeko Saharako gatazkari irtenbide legezko eta baketsu bat ematen, NBEren erabakiekin bat datorrena. Dolar bat bera ere ez. Egia da AEBek ez dutela baliogabetu Donald Trumpek azken orduan Israeli gustua emateko hartu zuen erabakia [Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zion Marokori], baina berretsi ere ez dute egin.

Gaur egungo testuingurua ere ez da edonolakoa, Ukrainako gerra dela eta.

Ukrainan gertatzen ari dena aztertuta, ikusten ari gara herri guztiek izan beharko luketela bakerako, elkartasunerako, garapenerako eta autodeterminaziorako eskubidea. Azken finean, hori da Saharako herriaren nahia. Kontraesan hori da orain salatzen ari garena: Sanchez ausartuko litzateke publikoki esatera ukrainarrek Errusiaren menpeko autonomia bat errespetatu beharko luketela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.