Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko inhabilitazioa ezarri dio Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiari, eta 7.200 euroren isuna ere bai, sekretuak agerrarazteagatik. Epaiketako zazpi magistratuetatik bostek bozkatu dute Garcia Ortiz zigortzearen alde; erabakia aurreratu dute, baina epaia oraindik ez dute idatzi.
Azaroaren hasieran ekin zioten fiskal nagusiaren kontrako epaiketari, Gorenean. Egozten zioten Alberto Gonzalez Amador —Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko presidentearen bikotekidea da— enpresariaren abokatuak Fiskaltzari bidalitako mezu elektroniko bat filtratzea. Faktura faltsuen bidez Ogasunari 350.000 euroren iruzurra egitea leporatzen zioten Gonzalez Amadorri, eta, mezu horren bidez, ministerio publikoarekin akordio bat lortu nahi zuen abokatuak; gainera, aitortzen zuen bezeroak bi delitu fiskal egin zituela. Iazko martxoan filtratu zen mezu elektroniko hura, El Mundo hedabideak zera kaleratu ondoren: Fiskaltzak eskaini ziola Gonzalez Amadorri akordio bat egitea.Â
Garcia Ortizek 10.000 euroko kalte ordaina ere ordaindu beharko dio enpresariari, kalte moralengatik, eta epaiketa kostuak ere bai. Ebazpena eman bezain laster hasiko da bi urteko inhabilitazioa.
Akusazio partikularrak, Gonzalez Amadorrek, eskatu zuen lau urteko espetxe zigorra eskatzeko fiskal nagusiari, lau urteko inhabilitazioa, eta 108.000 euroko isuna. Epaiketa hasi zen egunean, Garcia Ortizen defentsak esan zuen fiskal nagusiari «prozesu bidegabea» egin ziotela: «Ez dira haren eskubideak bermatu, eta ezin izan du bere burua gutxieneko baldintzetan defendatu». Akusatuak ukatu egin du egozten dioten delitua.