Espainiako Gobernuak iazko ekainean Amnistia Legea onartu zuenetik, ezbaian jarri dute hainbat epailek eta erakunde politikok eta sozialek. Haien aburuz, legea Espainiako Konstituzioaren esparrutik at dago; Auzitegi Konstituzionala, ordea, ez dator bat horrekin. Espainiako zenbait hedabidek barne iturriak aipatuta kaleratu dutenez, behin betiko sententzia eman aurretik auzitegiko epaileek egin duten ebazpen proposamenak «konstituzionaltzat» jotzen du testu gehiena, xehetasun gutxi batzuk salbu; hiru, zehazki.
Kataluniako prozesu subiranistaren ingurumarian 2014ko azaroaren 9tik 2017ko urriaren 1era bitarte Espainiako legedia urratzeagatik zigortutako eragileak eta politikariak amnistiatzeko helburuarekin onartu zuen Madrilek Amnistia Legea, iaz. PPko 270 diputatu eta senatarik, iragan irailean, helegitea jarri zioten lege horri, eta horri erantzun behar dio Auzitegi Konstituzionalak. Behin betiko epaia ekainaren 24an emango dute epaileek, ezustekorik ezean. Baina hedabideek bart argitaratu duten ebazpen proposamenak itxaropen txikia utzi die popularrei, helegitearen atal gehienak alde batera uzten baititu. Proposamena Auzitegi Konstituzionaleko zenbait kidek ondutako testua da, eta sententzia ematerakoan kontuan hartu beharreko zenbait alderdi azpimarratzea du helburu.
PPko kideek aurkeztutako helegitearen arabera, pertsona batzuei soilik aplikatuko zaien «immunitate penala» sortu du Amnistia Legeak, «eta herritar gehienek, berriz, [Espainiako] Zigor Kodearen menpe» jarraitzen dute. Auzitegi Konstituzionala bat etorri da helegitearekin. Haren ustez ere, legeak hutsune bat du amnistia eman ahal zaien pertsonei eta ekintzei dagokienez. Hori dela eta, Auzitegi Konstituzionaleko magistratuek proposatu dute Amnistia Legeak bere gain hartzen duen testuinguru horretan izandako ekintza orotara zabaltzea legearen aplikazioa; Kataluniaren independentzia eskatzeko manifestazioetan parte hartu zuten herritarrei, adibidez.
Legeak prozesu subiranista 2014ko azaroaren 9tik —aurreneko galdeketatik— eta 2017ko urriaren 1era —independentzia erreferendumera— bitarte kokatzen duen arren, amnistiatu daitezkeen ekintzak 2011ko azaroaren 1etik 2023ko azaroaren 13ra bitartekoak direla ezartzen du; eta gaineratu data horren ostekoak ere amnistian sartuko direla. Ebazpen proposamenean adierazi dutenez, amnistia «iraganeko ekintza jakinei» eman ahal zaie soilik. Horrenbestez, etorkizuneko ekintza hipotetikoei egindako aipamena kenduko lukete Auzitegi Konstituzionaleko epaileek, Amnistia Legea 2011tik 2023ra gertatutakoei mugatuta.
Ebazpen proposamenean jasotako hirugarren aldaketa delitu ekonomikoei dagokie. Amnistia Legeak Kontuen Auzitegiak abiarazitako jarduketak artxibatzea aurreikusten du; betiere «fiskaltza eta kaltetutako erakunde publikoa bat badatoz». Bada, Auzitegi Konstituzionaleko epaileen aburuz, hirugarren eragile baten iritzia ere entzun beharko litzateke auzibideak artxibatu aurretik: herri akusazioena.
PPren argudioak ezeztatu
PPko 270 ordezkariek helegitea aurkeztutakoan argudiatu zutenez, Amnistia Legea «arbitrarioa» da, eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoa, «botere banaketa hausten» baitu. Argudio horien aurka agertu dira Auzitegi Konstituzionaleko epaileak ebazpen proposamenean. Alde batetik, epaileek argudiatu dute legea ez dela arbitrarioa, «xede zehatz bat» duelako. «Hamar urteren ostean Katalunian hasitako prozesu subiranistaren ostean elkarbizitza bermatzeko oinarriak ezartzea du helburu legeak», dio Amnistia Legearen testuak, eta jarrera hori babestu dute magistratuek. Bestetik, «oinarrizko giza eskubideak urratzen ez dituen heinean» legea «konstituzionala» dela adierazi dute ebazpen proposamenean.
Gainera, popularren helegitearen argudioetako bat da Amnistia Legearen «helburu bakarra» zela Pedro Sanchezek (PSOE) Espainiako presidente izateko behar zituen Juntsen diputatuen botoak eskuratzea. Ebazpen zirriborroan jaso dutenez, arrazoi politikoen inguruko hipotesiak epaitzea ez da Auzitegi Konstituzionalaren egitekoa; eta auzitegiko epaileek legea Espainiako Konstituzioak ezartzen duen lege esparruaren barruan ote dagoen erabaki behar dutela, besterik gabe.
20Ebazteko geratzen diren helegiteak PPko 270 diputatu eta senatarik Espainiako Amnistia Legeari jarritako helegiteaz gain, beste hogei helegite heldu dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalera lege horren harira. Horietako hamalau Espainiako autonomia erkidegoetako zenbait gobernuk aurkeztu dituzte: hamahiru PPren esku daude, eta bat PSOEren esku. Bestalde, Espainiako Auzitegi Gorenak helegite bat jarri dio neurriari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak lau, eta Madrilgo Auzitegi probintzialak beste bat.