Kataluniako Parlamentuak atzo onartu zuen Erreferendum legea, urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egin ahal izateko. Espainiako Gobernuak, baina, erabakiaren kontra egin du, Espainiako konstituzioaren aurkakoa delakoan, eta helegitea aurkeztu du goizean Auzitegi Konstituzionalean.
Erreferendum Legea ez ezik, erreferenduma deitzeko dekretua, erreferenduma antolatzeko neurri osagarriak eta hauteskunde sindikatutza sortzen duen dekretuaren kontra egin du Espainiako Gobernuak, eta denak gelditu dira indargabetuta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiarekin.
Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak mila kargu politiko baino gehiagori ohartaraziko die erreferenduma antolatzeko edozein neurri eragozteko beharra dutela. Kargu horien artean daude Generalitateko 60 goi kargu eta Kataluniako 947 alkateak. Espainiako Gobernu Ordazkaritzak izango du kargu politikoei abisu emateko ardura eta "premiaz" egiteko agindu du auzitegiak.
Kargu politikoak ez dira ohartarazpena jasoko duten bakarrak. Kataluniako hedabide publikoek eta Mossos d'Esquadra poliziaren arduradunei helaraziko zaie mezua.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak berehala erantzun dio Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari. "Ez dute Katalunian demokrazioa indargabetuko, inongo ministro kontseiluk, inongo auzitegik eta inolako organo ospe-galduk".
Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ere berretsi egin du erreferenduma eginteko asmoekin aurrera egingo dutela. "Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez da albistea. Parlamentuak agindu diguna egiten jarraituko dugu".
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak goizean ziurtatu du erreferenduma ez dela egingo eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela hura eragozteko, "ezeri uko egin gabe". Rajoyren esanetan, erreferenduma legez kontrakoa da "espainiar guztiei beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea kentzen dielako". Rajoyk ukatu egin du Kataluniako Parlamentuak autodeterminazio erreferenduma antolatzeko zilegitasunik duenik. "Denok batera bizi izan gara orain arte, eta halaxe jarraituko dugu guztiok kontrakoa erabaki ezean".
Bestalde, Auzitegi konstituzionalak tramitera onartu du goizean Espainiako Gobernuak atzo helarazi zion eskaria: Erreferendum Legea parlamentuan eztabaidatzea ahalbidetu zuten erabakien kontrako epaia betearazteko intzidentea. Espainiako Gobernuaren iritziz, legez kontrako prozedurak baliatu ditu parlamentuak Erreferendum Legea eztabaidara eramateko. Gauza bera egin du arratsaldean, Trantsiziorako Legearen eztabaida dela eta Espainiako Gobernuak aurkeztu duen epai betetze intzidentearekin.
Kataluniako Parlamentuak gauean eztabaidatu eta bozkatuko du Trantsiziorako Legea.