Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak Ministro Kontseiluaren ondorengo agerraldian berretsi du Artur Masek egin asmo zuen erreferenduma ezin zela egin, eta ez dela egingo. Azaroaren 9rako Generalitateko presidenteak iragarri dituen asmoen gainean, ordea, ez du iritzirik eman: "Ez dakit Mas jaunak zer duen buruan azaroaren 9ari dagokionez; bera da herritarrei azaldu behar dien lehena". Presidenteordearen ustetan, "Generalitatea kudeatzea dagokionak ez daki zer bilatzen ari den".
Hala ere, Saenz de Santamariak adierazi du gobernuak "sendo" jarraituko duela, eta legeriara egokitzen ez den edozeren aurrean "dagokion prozedura" jarriko dutela martxan.
Espainiako Gobernuak "legea eta elkarrizketa" babestuko ditu, Saenz de Santamariaren arabera. Azaldu du Kataluniako hainbat alderdirekin elkarrizketak "zabalik" dituztela, eta hala jarraitzeko asmoa adierazi du.