munDUA

Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararentzat autodeterminazioa eskatu du

Marokok gaur berriro ukatu dio Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrari jaioterrira itzultzeko baimena. Hogei egun daramatza gose greban Espainian. Honen iritziz, sahararrek erabaki eskubidea izanda legoke "konponbide justua eta iraunkorra".

2009ko abenduaren 5a
09:34
Entzun
Marokok gaur berretsi du ez diola herrialdera itzultzeko pasaporterik emango Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrari -Lanzaroteko aireportuan (Espainia) gose greban dago-, eta Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak aitortu du auzia ez dela pertsona haren eta Marokoren artekoa soilik, baizik eta Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren artekoa, eta "irtenbide justua" eskatu. "Behar larria dago konponbidea aurkitzeko. Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak aintzat hartuta, Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatu beharko litzateke. Horrela legoke konponbide justua, iraunkorra eta bi parteek onartzeko modukoa".

Haidarrek hogei egun daramatza gose greban, eta osasun egoera larrian dago. Espainiako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, "Marokorekin bat egin duelako", berari etxera itzultzen lagundu beharrean. De la Vegak erantzun du gobernua bere esku dagoen "guztia" egiten ari dela "auzi hau bukatzeko".

Azaroaren 13an, Aaiungo aireportura (Mendebaldeko Sahara) iritsi berritan, Marokoko segurtasun indarrek atxilotu egin zuten Haidar. 24 orduz eduki zuten preso eta, ondoren, Espainiara bidali zuten, bete beharreko dokumentazioan -herritartasunaren atalean- marokoarra dela jartzeari uko egin ziolako. Handik bi egunera gose grebari ekin zion, eta bere promesari eutsi dio: "Mendebaldeko Saharara itzultzen uzten nauten arte edo hil arte eutsiko diot gose grebari".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.