Katalunia

Espainiako hainbat poliziak, Laura Borras diputatu katalanari jazarri, eta iraindu dute Kongresuaren inguruan

Jusapol sindikatuak deituriko manifestazioan gertatu dira istiluak. Ordezkari katalanek Kongresuko segurtasun arduradunen «pasibotasuna» salatu dute.

JUsapol elkarteko poliziak, gaur,Madrilgo Kongresuaen aurrean eginiko manifestazioan. FERNANDO ALVARADO / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko martxoaren 3a
17:32
Entzun

«Katalan zikina», «putakumea», eta «etorri hona, ausartzen bazara». Halakoak bota dizkiote Espainiako hainbat poliziak eta guardia zibilek Junts Per Catalunya alderdiko Laura Borras diputatuari eta taldeko prentsaburu Nerea Martiri gaur eguerdian, Madrilgo Kongresuan. Borrasek eta Martik taxi batean ihes egin behar izan dute, eta poliziek ibilgailua jo dute.

Hamabietan, eledunen bilkura zegoen Kongresuan. Ordurako, protesta egiten ari ziren poliziak legebiltzarretik gertu, baina lanean ari ziren beste poliziak hesia jarria zuten. Protestan zeuden poliziek, ordea, hesia gainditu eta Kongresua inguratu dute. Diputatua eta prentsa arduraduna atera direnean, poliziek ezagutu egin dute politikaria. «Begira, hori da Laura Borras», esaten zuten, Martik berak Vilaweb guneari kontatu dionez. «Jazarri egin zaizkigu, maskaraturik eta Espainiako banderekin», idatzi du Borrasek. Beste eraikin batean hartu dute babesa biek.

Baina Borrasek aireportura joan behar zuen, eta laguntza eskatu die Kongresuaren barruan zeuden poliziei. Ezin zutela erantzun diete, «jende faltarengatik», Martik kontatu duenez, Junts Per Catalunya eta BNG alderdietako hainbat teknikarik lagunduta atera dira, azkenean, taxira. Ibilgailuraino, ordea, bost bat metro egin behar izan dituzte oinez, eta hor berriz iraindu dituzte.

Borrasek kontatu duenez, aireporturako bidean gertaturikoaren berri eman dio Meritxell Batet Kongresuko presidenteari, eta eskatu dio ikertzeko «nola ukatu dieten babesa diputatuei polizia manifestari maskaratuek  bengalekin mehatxatu dituztenean».

Jusapoleko kideek ika-mika eragin zuten iazko apirilean Eusko Legebiltzarrean. PPk gonbidatuta joan ziren, Poliziaren biktimen legeaz egindako eztabaidara. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzaldia eragotzi zuten «oihu eta irainen artean», Maialen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak salatu zuenez Legebiltzarreko Mahaiari aurkezturiko kexa formalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.