Iparraldeko Kooperazioa erakundean, iparraldeko bost estatu eta hiru nazio biltzen dira: Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia, Faroe uharteak, Groenlandia eta Aland. Egunotan, Iparraldeko Kooperazioa kezkaz beterik dago AEBetako presidente Donald Trumpen jarrera dela kausa, Groenlandia beretu nahi duela esan eta esan ari baita. Batzuetan, erosi egin nahi duela esaten du; bestetzuetan, aditzera ematen du okupatu egingo duela indar militarrez. Vilaweb-ek Ville Vayrynen finlandiarra (1975) elkarrizketatu du, Iparraldeko Kooperazioko kide eta Iparraldeko Kontseiluko presidentea. Kontseilu horrek herrialde guztietako diputatuak biltzen ditu, Iparraldeko Kooperazioaren barruan. Vayrynen mediku lanetan aritu da hogei urte baino gehiago, eta orain Koalizio Nazionaleko Alderdiko diputatua da, gobernuan den zentro-eskuineko alderdikoa.
Zer da Iparraldeko Kontseilua?
Iparralde guztiko 87 parlamentari biltzen garen ganbera da. Esaterako, Finlandiako hemezortzi diputatu dauzkagu, Norvegiako hogei, Suediako hogei, eta beste herrialde batzuetakoak gutxixeago dira. Iparraldeko herrialdeen parlamentu handi bat da; urtean bost aldiz elkartzen gara, baina ezohiko bilkurak egiten ditugu behar den guztietan. Eskuz esku aritzen gara Ministroen Iparraldeko Kontseiluarekin, zeinean gobernuak baitaude. Bi erakundeok Iparraldeko Kooperazioa osatzen dugu.
Zer iruditu zaizue Donald Trumpek Groenlandiari buruz esandakoa?
Duela egun batzuk, nahiko kezkatuta egon nintzen, serio baino serioago hitz egiten ari baitziren militarki esku hartzeaz. Oso kezkagarria zen, kontuan harturik NATOko bi herrialderi buruz ari zirela. Orain, tonua leundu egin denez, eta finantza hitzarmen bat nahi dutela diotenez, ba, kezka ez da hain larria. Nolanahi ere, Danimarkari eta Groenlandiari dagokie erabakitzea halako hitzarmenik nahi duten. Eta, oraingoz behintzat, ez dute ezer esan. Espero dut ezertara ez behartzea, finantza hitzarmen bat egitera ere ez.
Aipatu duzun finantza hitzarmen hori zer litzateke, Trumpek Groenlandia erostea?
Tira, horretaz ari dira orain, baina kontua korapilatsuagoa da. Gaur egun bolo-bolo dabilen erretorika hori bera da, baina ez zait batere erraza iruditzen. Venezuela nola dagoen ikusita, iaz baino serioago hartu behar ditugu adierazpen horiek.
Venezuelaz mintzatuz, Trumpek hauxe esan zuen zehazki: «Hango petrolioa nahi dut». Artikotik, berriz, mineralak hartu nahi ditu. Hori al da kontua?
Uste dut gas naturala ere badagoela han. Berotze globala dela eta, baliteke meatzaritza errazagoa izatea etorkizunean. Ez dakit, ordea, benetako helburuak zein dituen —esku hartze militarra, petrolioa edo mineralak—. Bata izan zein bestea izan, inork ez du eskubiderik esateko beste estatu burujabe batek zer egin behar duen. Groenlandiak eta Danimarkak erabaki behar dute zer egin nahi duten.
Zure blogean, esan duzu indarrean dugula berriz oihaneko legea.
AEBen eta Groenlandiaren kontuaz ez ezik, Errusiaren eta Ukrainaren artekoaz ere ari nintzen. Badirudi arau berri bat dagoela orain, eta, horren arabera, lausotu daitezkeela ohiko arauen mugak: zu zenbat eta indartsuagoa izan, orduan eta gehiago lausotu ditzakezu. Eta horrek kezkatu egiten nau. Nazioarteko zuzenbidea daukagu, hitzarmenak dauzkagu, elkarrekin landu ditugun arauetan oinarritutako aliantzak dauzkagu. Ez dut ikusi nahi hori guztia paper errea den mundurik.
Artikoko herrialdeak militarki prestatzen ari dira, badaezpada ere?
Ez naiz nor hori esateko, eta oso kontuz ibili behar da gai horretan. Iparraldeko Kontseiluak ez du eginkizunik defentsa eta atzerri politikan. Orain berritu egingo dugu Helsinkiko Agiria; Iparraldeko Kontseiluaren konstituzio moduko bat da. Ez dio ezer defentsari eta atzerri politikari buruz, eta horregatik berrituko dugu.
Eta zuen esku izan nahi dituzue eginkizun militarra eta kanpo politikari buruzkoa?
Zalantzak ditut horren gainean. Badugu NATO, badugu Europako Batasuna, eta Finlandian badugu defentsarako estrategia ondo landua. Finlandia eta Errusia mugakideak dira 1.300 kilometroan, eta horixe da ekialdeko muga Europako Batasunarentzat eta NATOrentzat. Beraz, prestakuntza militarra izan beharra daukagu; gutxienez, Errusia eta Ukrainan gertatzen den guztiagatik. Iparraldeko Kontseiluko presidentea naizen aldetik, ordea, ez ditu gauzak are gehiago korapilatu behar, eta ez nuke halakorik egin nahiko.
Europako herrialdeek nola jokatuko dute?
Gure ustez, iparraldeko atzerri ministroen adierazpenak berretsi behar lituzkete, eta esan Groenlandiak eta Danimarkak erabaki behar dutela. Mundua garai aldakor batean da, baina espero dut oraindik ez dela onargarria izango indartsuek nahi dutena egitea eta besteek onenaren zain geratu beste erremediorik ez izatea.
«Mezurik garrantzizkoena zera da, iparraldeko komunitatearen parte dela Groenlandia. Inork ez dezala ahaztu hori»
Badirudi Europako Batasunak bi aukera besterik ez duela: kezkatuta dagoela esatea, edo oso kezkatuta dagoela esatea. Besterik ez baitu egiten sekula.
Eta, gainera, arrunt kezkatuta gaudela esateko, egunak behar izaten ditu Europako Batasunak. Nahiko zurruna da. Bizkor eta argi erantzutea espero dut.
Zer esango zeniokete Trumpi?
Argi eta garbi esan nahi dut Groenlandia iparraldeko eskualdearen parte banaezina dela. Groenlandiak berak eta Danimarkak erabaki behar dute zer gertatuko den, eta ez beste inork. Guk sostengua emango diegu Groenlandiari eta Danimarkari. Erabakitzen dutena erabakitzen dutela, iparraldeko komunitateak babesa emango die.
Groenlandian badago mugimendu independentista bat. Handitu egin al da Trumpen jokabidearen ondorioz?
Badago mugimendu independentista, bai, baina ez dut uste Trumpek eragin handirik izan duenik. Ez naiz horri erantzuteko aditurik aproposena. Geografikoki, oso urrun daude, eta biztanle kopurua txikitxoa da. Ez dakit esaten ikaratuta dauden edo gatazka betean dauden, baina pentsatzen dut egoera ez dela samurra. Beste arrazoi bat, beraz, haiei babesa emateko.
Beste zerbait gehitu nahiko zenuke?
Finlandiarren ikuspunturik, kontu hau ez dagokio Groenlandiari bakarrik, ezta hurrik eman ere. Errusiaz ari gara, Txinaz, mundu osoko geopolitikaz. Eta biziki kezkatzen nau munduak hartu duen bideak. Mezurik garrantzizkoena zera da, iparraldeko komunitatearen parte dela Groenlandia. Inork ez dezala ahaztu hori.