Estatu eredu bat airetik suntsitzea

AEBek bat behin baino gehiagotan egin dituzte erasoaldiak erregimen politikoak aldatzeko helburuz. Aireko kanpaina militarrek garrantzi berezia izan dute, baina beti egon da lurreko indarren bat borrokan.

a
mikel rodriguez
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi hilabeteren ondoren, AEBak eta Israel berriz ere Iran bonbardatzen ari dira. Eta orduan baino argiago, hasieratik azaldu dute helburua: errepublika islamiarra desegin nahi dute, eta bertze erregimen politiko batekin ordezkatu. Baina, iazko ekainean bezala, gerra hori airetik egiten ari dira, hegazkinekin, misilekin eta droneekin bonbardatuta, eta ez dute aurreikusten inbasiorik egitea. Badirudi, gainera, helburuetako bat lortu dutela, Ali Khamenei lider gorena hiltzea. Horrek ez du esan nahi, ordea, erregimen aldaketa gertatuko denik. Izan ere, Iranek 1,6 milioi kilometro karratuko eremua du —Frantziak halako hirukoa—, eta 86 milioi biztanle —Alemaniak baino hiru milioi gehiago—. Posible al da lurreko indarrik erabili gabe horrelako herrialde baten sistema politikoa indarrez aldatzea? Orain arte, erregimenak aldatzeko egin diren erasoaldietan azken buruan beti parte hartu behar izan dute lurreko tropek.  

Japonia (1942-1945)

 

Japoniak AEBen aitzinean amore eman zuen 1945eko abuztuaren 15ean, baldintzarik gabe. Hortik aitzinera, AEBek Japoniako Inperioa desegin zuten, eta bertze konstituzio bat inposatu zioten herrialdeari. Sistema politiko berrian, enperadoreak tronuan segitzea onartu zuten, baina ez zuen botere errealik izanen —estatu buruzagitzan rol zeremonial bat hartuko zuen—, eta Japonia desmilitarizatu eginen zen. Hori lortzeko, AEBek ez zuten Japonia inbaditu eta indarrez hartu behar izan. Hala ere, ezin da erran aireko erasoaldien bidez bakarrik azpiratu zutela Asiako herrialde hori.

Bi potentziek hiru urte egin zituzten gerran Ozeano Barean, itsasoan eta artxipelagoetan, eta gerra horrek Japoniako armada ahitu zuen. AEBek plazak konkistatu eta Japoniara hurbildu ahala, aireko eraso gero eta azkarragoak eta suntsigarriagoak egin zituzten. Ia milioi bat japoniar hil zituzten. Haietako 100.000 inguru arrats bakarrean hil zituzten, 1945eko martxoaren 9tik 10erako gauean, Tokion. Hiriburua suntsituta utzi zuten. Horrez gain, bi bonba atomiko ere jaurti zituzten, abuztuaren 6an Hiroshiman, eta 9an Nagasakin —gerra batean arma nuklearrak erabili diren aldi bakarra, orain arte—. 

Hortaz, AEBek erregimena aldatzeko Japonia inbaditu beharrik izan ez bazuten ere —Okinawa artxipelagoa izan ezik; hori bai, borroka odoltsuekin okupatu zuten—, hiru urtez historiako gerrarik handienetako batean borrokatu behar izan zuten Japoniatik kanpo, eta, azken buruan, sortu berriak zituzten arma nuklearrak ere erabili zituzten. Hortaz, aireko erasoaldien kanpaina garaipen militarrerako faktore inportantea izan bazen ere, ez zuten inondik ere horrekin bakarrik azpiratu Japoniako Inperioa.   

Libia (1986-2011)

 

1986ko apirilaren 5ean, bonba bat leherrarazi zuten Berlingo diskoteka batean, eta hiru lagun hil eta 229 zauritu zituzten. AEBetako soldaduak joan ohi ziren dantzaleku horretara, eta hildakoetako bi halaxe ziren. AEBek Libiari leporatu zioten atentatua, eta, handik hamar egunera, Ronald Reagan presidentearen aginduz, Afrika iparraldeko herrialde hori bonbardatu zuten. Reaganek aspaldian jomugan zuen Muammar Gaddafi Libiako buruzagia, bertzeak bertze hainbat talde armatu babesten zituelako Europan, Afrikan eta Asian, Israelen kontra hagitz politika aktiboa zuelako, eta, oro har, Afrikan erreferente bihurtzeko anbizioa zuelako, AEBen interesen kaltetan. 

1986ko apirilaren 15ean, AEBek dozena erdi bat toki bonbardatu zituzten Libian; tartean, Bab al-Aziziako egoitza, Tripolin. Huraxe zen Gaddafiren egoitza, baina bonbak erori baino lehentxeago alde egin zuen familiarekin. 60 lagun inguru hil zituzten erasoetan, eta Libiako aire defentsek bi militar estatubatuar hil zituzten, haien hegazkina botata. Hortik aitzinera, AEBek eta Mendebaldeko aliatuek Libia bakartu egin zuten nazioartean, baina erregimena ez zen erori.

«Ez dut lur hau utziko. Hemen hilko naiz martiri gisa», adierazi zuen Gaddafik 2011ko otsailaren 2an. Bab al-Azizian egin zituen adierazpen horiek, telebistan emandako hitzaldi batean. 1986ko bonbardaketak utzitako hondakinen ondoan zegoen. Egoera aldatua zen. Lehenik Tunisian eta ondoren Egipton piztu ziren matxinadak Libiara ere ailegatu ziren, eta Gaddafi boteretik kendu nahi zuten. Tunisian eta Egipton ez bezala, ordea, Libian matxinoak armatuta eta antolatuta zeuden. Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek esku hartu zuten orduan, eta aire erasoak egiten hasi ziren Libiako estatuko indarren kontra. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpen batek eman zien esku hartzeko baimena, eta, horren arabera, erasoen helburuak izan behar zuen zibilak babestea. Egoera agudo aldatu zen, ordea: NATOri pasatu zioten esku hartzearen ardura, eta, praktikan, matxinoei bidea ireki zieten aire erasoek. 2011ko abuztuan, Gaddafik Tripolitik ihes egin zuen; urriaren 20an, berriz, matxinoek Sirten harrapatu zuten, NATOk ihesean zen konboia bonbardatu ondotik, eta tokian bertan exekutatu zuten. 

Gaddafiren erregimen politikoa erori zen, baina ordutik ez da egon Libian herrialde osoa kontrolatu duen gobernurik. NATOren aire erasoak erabakigarriak izan ziren erregimen politikoa aldatzeko, baina erregimen horri lurreko tropa batzuek aurre egin zioten.

Irak (1991-2003)

AEBek Saddam Hussein Irakeko presidentea indarrez kendu zuten agintetik, eta Baath alderdi sozialista arabiarraren estatua desegin zuten, bertze erregimen batekin ordezkatzeko. Baina ez zuten aireko erasoaldien kanpaina soil batekin egin hori. 

1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuen, eta AEBek, nazioarteko koalizio baten buru, Iraki eraso zioten. Ez zen aireko esku hartze soila izan, gerra ireki bat baizik, lurreko bataila eta guzti. Irakeko armada Kuwaitetik bidali zuten, baina koalizioak ez zuen gerrarekin Bagdaderaino segitu, eta Husseinek boterean jarraitu zuen. Handik zazpi urtera, AEBek eta Erresuma Batuak hiru egunez bonbardatu zuten Irak, Husseinek NBEk ezarritako betebeharrekin konplitzen ez zuela iritzita. 

2003an, berriz, bi herrialde horiek Irak inbaditu zuten, sekretupean suntsipen handiko armak garatu zituela argudiatuta —gezurra zela frogatu zen ondoren—. Orduan bai, Hussein agintetik kendu zuten —2006an exekutatu zuen erregimen berriak—, baina lurreko inbasio handi bat egin zuten horretarako.

Jugoslavia (1999)

 

NATO 1999ko martxoan Jugoslavia bonbardatzen hasi zen, eta hiru hilabetez eutsi zion aireko kanpainari. Jugoslaviako mila soldadu inguru hil zituen, eta bortzehundik goiti zibil. Azpiegitura militarra ez ezik, azpiegitura zibila ere suntsitu zuen. Kosovoko gerraren ondorioz esku hartu zuen, Jugoslaviako armada Kosovoko albaniarren aurka «garbiketa etnikoa» egiten ari zela argudiatuta, estatuak eta albaniarren gerrillek zuten gatazkaren testuinguruan. 

Aireko esku hartzeak statu quo-a aldatu zuen, Jugoslaviako armada Kosovotik erretiratzera behartu baitzuen, eta probintzia autonomoa de facto Jugoslaviako estatutik bereizita gelditu baitzen, NBEren administraziopean. 2008an independentzia aldarrikatu zuen. Jugoslavian, ordea, aginte politikoa ez zen aldatu, Slobodan Milosevicek jarraitu baitzuen presidente. Hala ere, arruntean ahuldu zen haren agintea, eta hurrengo urtean dimisioa eman behar izan zuen, matxinada kutsuko protesta jendetsuen ondorioz. 

NATOk ez zuen lurretik esku hartu Jugoslaviaren aurka, baina Kosovon independentziaren alde borrokan ari ziren gerrillariak zeuden.

Venezuela (2026)

 

Ez zen izan ez gerra bat, ez aireko erasoaldien kanpaina bat; helburu zehatzeko ekintza bakarra izan zen, baina aldaketa bat eragin du herrialdean, eta, segur aski, Donald Trump AEBetako presidentea Iranen kontra ekitera animatu du Hego Amerikan egindakoak.

Aurtengo urtarrilaren 3an, AEBetako armadak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta Cilia Flores haren emaztea bahitu zituen Caracasen, ekintza odoltsu batean —ehun lagun hil zituzten; haietako bi, zibilak, eta bertze 32, militar kubatarrak—. Nahiz eta Maduro AEBetara gatibu eraman, Washingtonek ez du chavismoa agintetik kendu Venezuelan, baina chavismoa aldatu egin du, zalantzarik gabe. Delcy Rodriguez presidenteordeak hartu zuen Maduroren lekua, eta Trumpek hasiera-hasieratik mehatxu egin zion AEBen gustuko erabakiak hartu ezean Madurok bezala bukatuko zuela. 

Rodriguez aldaketa garrantzitsuak egiten hasi da Venezuelako sisteman: Hidrokarburoen Legea aldatu du, estatuaren kontrola murriztu eta atzerriko konpainiei petrolioa ahalmen handiagoz ustiatzeko bidea irekitzeko, Trumpek agindu bezala; Amnistiaren Legea onartu du Mendebaldeak preso politikotzat jotako ehunka lagun askatzeko; zerbitzu sekretuetako, armadako eta Poliziako informazioa koordinatzeko agentzia (Cesppa) desegin du —2013an sortu zuen Madurok—, eta bertan behera utzi ditu elikagaien, osasunaren, etxebizitzaren eta hezkuntzaren arloko laguntza programa batzuk. 

Okupazio birtuala deitu dute Trumpek Venezuelan egin duena: inbaditzeko edo erasoaldi luzerik egiteko beharrik gabe, mehatxu bidez bertze estatu baten politika kontrolatzea.

Iran (2025-2026)

Iazko ekainean Israelek eraso egin zion Irani, eta hamabi egunez aritu ziren elkarren aurka bonbardaketak egiten. Ekainaren 22an, AEBek Iranen instalazio nuklearrei eraso zieten, eta, 24an, Israelek eta Iranek su etena hitzartu zuten. Israelek milatik goiti lagun hil zituen Iranen, eta haien artean, indar militarren buruzagiak eta goi ofizialak —bertzeak bertze, Mohammed Bagheri armadako estatu nagusiko buruzagia eta Hossein Salami Guardia Iraultzaileko komandante burua—. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi zuen errepublika islamiarra deuseztatzea zutela helburu. Erasoaldi osoa airetik egin zuen Israelek, eta lurretik ez zion inork eraso Irani.

Iazko urte bukaeran, berriz, matxinada bat piztu zen Irango errepublika islamiarraren kontra, bizitzaren garestitzeagatik eta bizi baldintzak zailtzeagatik protestan. Hiru bat astetan borroka gogorrak izan ziren hainbat hiritan, eta Ali Khamenei aiatolak berak urtarrilaren 17an eman zuen hitzaldian aitortu zuen hildakoak «milaka» izan zirela —gobernuak, ofizialki, gutxienez 3.000 izan zirela aitortu zuen, eta atzerriko gobernuz kanpoko erakunde batzuek 30.000tik goitiko kopuruak eman dituzte—. Urtarrilaren 13an, Trumpek mezu bat idatzi zien irandarrei Truth Social sare sozialaren bidez, eta «instituzioak hartzeko» eskatu zien, «laguntza bidean» zegoelakoan. 

Orain, ez dago matxinadarik Irango karriketan. Oraingoz, AEBek eta Israelek ez dute inor Irango lurrean borrokan errepublika islamiarraren tokia hartzeko. Hortaz, zalantza: airetik eraso eginez bakarrik desagerrarazi al daiteke erregimen politiko bat?   

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.