Frantziako Iraultzaren garaian despenalizatu zen homosexualitatea aurrenekoz, 1791n. Ordutik, estatuek haien kode legalak aldatzen joan dira, pixkanaka, eta LGTBI komunitateko kideen aurkako legeak kendu dituzte, gehienbat XX. mendearen bigarren erditik aurrera. Hala ere, herrialde denek ez dute pauso hori eman, eta munduko estatuen herenek LGTBI kolektibokoen eskubideak urratzen dituzte, zigortu egiten baitituzte benetan nor diren azaleratzeagatik.
Munduan guztira 65 estatuk dituzte lesbiana, gay, bisexual, trans edota queer izatearen aurkako legeak. Maroko, Papua Ginea Berria, Guyana, Brunei, Palestina eta Indonesia dira, besteak beste, homosexualitatea eta transexualitatea zigortzen dituzten herrialdeak. LGTBI pertsonen aurkako legeak dituzten estatuen artean, hala ere, ezberdintasunak daude: ez da gauza bera gay edo lesbiana izatea Santa Luzian ala Yemenen; jazarpen legala desberdina izango da.
Izan ere, guztira zortzi estatuetako kode legalek heriotza zigorra aurreikusten dute: Afganistan, Brunei, Iran, Mauritania, Nigeria, Qatar, Saudi Arabia eta Yemen. Gainera, beste bederatzi herrialdetan bizi osorako kartzela zigorrei egin behar diete aurre LGTBI komunitateko kideek; Bangladeshen, Sierra Leonan eta Zambian, esaterako.
Homosexualitatea eta transexualitatea zigortzen duten legeen atzean bi arrazoi nagusi daudela iritzi dio Amnesty Internationaleko kide eta erakundeko LGTBI eskubideen lantaldeko Beatriz Martosek: ondare koloniala eta erlijioaren eragina. Martosek azaldu duenez, munduan LGTBIfobiak indarra hartu du azken aldian; hau da, areagotu egin da «LGTBIQ+ pertsonekiko diskriminazio soziala eta legala, estereotipoetan eta aurreiritzitan oinarritua».
Jazarpen hori nabari daiteke, besteak beste, hainbat herrialdek hartu dituzten LGTBI propagandaren aurkako legeak izeneko neurrietan. «Erlijioaren eraginean pentsatzean herrialde musulmanak datozkigu burura, baina ez da horrela, ez dira horiek soilik. Herrialde kristau eta ortodoxo askotan ere atzerapausoak ematen ari dira, edo haien legeak indartzen ari dira aurrerapausorik egon ez dadin», salatu du AIko kideak.
Emakumeak jomugan
Emakumeei aipamen gutxi egiten zaie heterosexuala ez den edozein jarrera zigortzen duten legeetan, lesbianak edo transak ez aipatzeraino batzuetan. Are gehiago, legeek, orokorrean, ez dute LGTBI komunitatekoen izaera zigortzen, harreman homosexualak izatea baizik. Hori legeetan erabiltzen den hizkuntzan ikus daiteke: besteak beste, sodomia eta naturaren aurkako ekintzak terminoak agertzen dira. Hala gertatzen da heriotza zigorra ezartzen duten herrialde gehienetan ere. Horrek ez du esan nahi, baina, lesbianek edo emakume transek haien izatea era askean plazaratu dezaketenik.
«Bizitza paralelo bat izatea edo etsitzea, ezkutatzea eta erreprimitzea dira LGTBIQ+ komunitateko kide askoren aukera bakarrak»
BEATRIZ MARTOSAmnesty Internationaleko LGTBI adarreko kidea
«[Lesbianek eta emakume transek] Ezingo lukete beren sexualitatea edo sentimendu afektiboak modu askean eta publikoan adierazi», azpimarratu du Martosek. AIko kideak nabarmendu duenez, emakumeen aurkako sexu indarkeria ohikoa da homosexualitatea zigortzen den herrialdeetan: «‘Bortxaketa zentzagarriak’ izaten dira herrialde askotan. Gizon talde batek emakume horiek bahitu eta bortxatzen ditu, emakume horiek ‘zuzentzeko’».
Horrelako herrialdeetan LGTBI komunitateko kideen aurkako bortizkeria eta jazarpena zerbait «orokorra» dela gaineratu du Martosek. Horiek horrela, bi aukera nagusi dituztela adierazi du AIko kideak: «Bizitza paralelo bat izatea edo etsitzea, ezkutatzea eta erreprimitzea dira LGTBIQ+ komunitateko kide askoren aukera bakarrak».
Legeetatik harago
LGTBIfobia, halere, ez da soilik marko legalak hura bultzatzen duen herrialdetan gertatzen. Are gehiago, Martosek argi du «munduko herrialde denetan» dagoela errotuta; eta legeak badauden arren LGTBI komunitateko kideak babesteko eta gizarteko esparru orotan barne hartzeko, jazarpena egon badagoela iritzi dio. «Transek eta bereziki emakume trans arrazializatuek pairatzen dute jazarpenik handiena. Jazarpen, diskriminazio, indarkeria fisiko, ahozko indarkeria eta sexu indarkeria gehien pairatzen dituen taldea dira».
Hainbat eratan ager daiteke LGTBIfobia; diskriminazio legala, soziala eta ekonomikoa izan baitaiteke. Hori dela eta, erresistentzia sareak «nahitaezkoak» direla azaldu du Martosek. «Elkarri laguntzeko sare horiek esparru anitz hartzen dituzte: norekin ligatu jakin, norekin segurtasun osoz hitz egin, ekonomikoki nork lagundu ahal dizun eta zaintzak nola antolatu».
«Transek eta bereziki emakume trans arrazializatuek pairatzen dute jazarpenik handiena»
BEATRIZ MARTOSAmnesty Internationaleko LGTBI adarreko kidea
Martosen ustez, sare sozialak «oso baliagarriak» izan dira erresistentziarako eta elkarlaguntzarako sare horiek ezarri eta sendotzeko. Izan ere, gay, lesbiana, bisexual eta trans izatea jazarrien dagoen lekuetan, erreferentzia izan daitezkeen LGTBI komunitateko pertsonak oso gutxi dira. Internetek ahalbidetu die haien herrialdean zein atzerrian erreferentziazko pertsona horiek topatzea.
Laguntza eta erresistentzia sare horiek LGTBI komunitateko kideak ez diren pertsonek ere osatzearen garrantzia azpimarratu du Martosek: «Denek egin behar diogu aurre LGTBIQ+fobiari. Gorroto delituak areagotzen ari dira. Eta gaur LGTBIQ+ pertsonen aurkakoak dira, baina ez dakigu zer talde izango duten jomugan bihar».
37NBEko zenbat herrialdek onartzen dituzten sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak NBE Nazio Batuen Erakundeko 193 herrialdeetatik 37tan soilik da legala sexu bereko pertsonen arteko ezkontza; horietako %41 Europan daude.