Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Haurrak defendatze aldera LGTBI komunitatearen inguruko edozein informazio edo irudi aireratzea galaraztea hainbat orduz, edota eskoletatik eta parkeetatik gertu heteroarautik at dauden istorioak dituzten liburuak saltzea zigortzea. Horiek dira, besteak beste, Hungariako 2021eko LGTBI propagandaren aurkako legeak hartutako neurriak. LGTBI komunitatearen aurkako ekintza legalak, baina, ez dira Budapesten geratzen: Hungariako mugetatik harago doaz. Azken urteetan Mendebaldeko hainbat agintarik antzeko neurriak hartu dituzte; horien artean harrabotsa eragiten azkenetarikoak AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek hartutakoak izan dira: transen sexu biologikoa onartuko da soilik, eta, ondorioz, jada trantsizioa eginda daukatenen pasaporteak ere aldatuko dira, besteak beste.
Trumpen neurri horiek «berebiziko» garrantzia dutela azpimarratu du HRW Human Rights Watcheko LGTBI eskubideen taldeko zuzendari Rasha Younesek: «Historian, AEBak indargune izan dira LGTBIQ+ eskubideentzat eta aldarrikapenentzat». Hala ere, nabarmendu du ez dela Etxe Zuriko maizterrak eragindako atzeraldi bat. Izan ere, AEBetako presidenteak «are agerikoagoa» egin du jazarpen hori, baina Trumpek hauteskundeak irabazi aurretik ere hedaturik zegoen jarrera hori herrialdeko agintarien artean: 2023an, udal mailatik maila federaleraino, LGTBI eskubideen aurkako 530 lege proiektu aurkeztu zituzten.
«Ezin ditugu LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak ziurtzat jo; haien alde borrokatu behar dugu denek»
RASHA YOUNESHuman Rights Watcheko LGTBI eskubideen taldeko zuzendaria
Younesen ustez, LGTBI pertsonen eskubideen aurkako jarrera hori Europa Ekialdean zabalduta dago gehienbat. Zenbait herrialdek, Hungariako presidente Viktor Orbanen ildotik jo, eta LGTBI propagandaren aurkako legeak onartu dituzte azken bost urteetan; Bulgariak, adibidez. LGTBIfobia olde horren atzean bi arrazoi nagusi daudela iritzi dio HRWko kideak: eskuin muturraren gorakada eta Errusiaren eragina. «Errusiak izan du azken hamarkadan jarrerarik oldarkorrena. Pertsona transei genero adierazpenerako beharrezkoa den arreta galarazten zaie bertan. Mosku zen hori debekatzen zuen bakarra 2025era arte; orain, AEBetako 26 estatuk ere badute debeku hori indarrean», adierazi du.
Polonian, bestalde, «LGTBI pertsonarik gabeko guneak» sortu zituzten, non heteroarautik at zegoen edozein jokaera gaitzetsi eta jazartzen zen. 2019an hasi ziren indarrean jartzen, eta, 2022an auzitegiek Poloniako Konstituzioa urratzen zutela ebatzi zuten arren, bere horretan jarraitu zuten askok; aurtengo apirilera arte. Izan ere, apirilaren 24an Luncateko Udalak erabaki zuen herriari «LGTBI pertsonarik gabeko gune» izaera kentzea. Izendapen hori mantentzen zuen azken herria zen.
Politikoki erabilgarri
AEBak, Hungaria, Eslovakia, Bulgaria eta Polonia dira, besteak beste, azken hamarkadan LGTBIfobia legeetara eraman duten herrialdeak. Azken urteetako legeak onartu aurretik, herrialde horiek LGTBI kolektiboaren aldeko eskubideak bermatzen zituzten zenbait neurri eta arau hartu zituzten; baita nazioarteko akordioak sinatu ere. Horiek horrela, Mendebaldea prozesu «aldakor eta azkar» batean murgilduta dagoela uste du Younesek: «Eskubideak aitortzearen eta horiek kentzearen arteko konbinazio bat dugu egun. Ezin ditugu LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak ziurtzat jo; haien alde borrokatu behar dugu denek».
Baina zergatik egiten dute Mendebaldeko agintariek LGTBI komunitatearen aurka? HRWko kideak argi du interes politikoek loturA zuzena dutela eraso horiekin: «Alderdi askok arma politiko gisa erabiltzen dute 'genero ideologia'. Oso erabilgarri egiten zaie herritarren artean beldurra eta zatiketa sortzeko».
Lesbianen, gayen, bisexualen eta transen aurkako lege eta diskurtsoek, ordea, ez dute soilik hautetsontzietan eragiten. Kalean ere eragina dute, eta, Younesen iritziz, LGTBIfobiarekin harremana duten erasoek gora egin dute Mendebaldean azken urteetan. «Paisaia politikoak eta erretorikoak talde jakin baten aurka egiten duenean, norbanakoek ulertzen dute talde horretako kideen aurka egin dezaketela inpunitate osoz», salatu du.