«Estonia da EBk agindutako erreformak azkarren ezarri dituen herrialdea»

2003ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Esloveniak bezala, Estoniak ere bitan aldatu behar izan ditu legeak: lehenengo independentzia eskuratzean eta gero EBra moldatzeko. Hala ere, arazo handirik ez duela izan dio Betikek. Gobernuen jarrera liberalak ahalbidetu du egokitze azkarra.

Zein neurri hartu dituzte Estoniako gobernuek independentziaz geroztik Europako Batasunean sartzeko?

Beno, neurri asko hartu dituzte hainbat arlotan. Ekonomikoki merkatu ekonomia ezarri, pribatizazioa, diru propioa sortu... Garapen izugarria gertatu da. Gobernuek 'shock ekonomia' deitzen dena aplikatu dute, oso jarrera liberala, eta Estonia erreformak azkarren ezarri dituen herrialdea da. Per capita errenta eta langabezia aldetik egoera ongi dago. Administrazio sistema eta sistema politikoa aldatu dira eta ustelkeriaren aurkako neurri zorrotzak hartu dira. Kide berrietatik ustelkeriaren arloan egoera onenean dagoen herrialdea da. Arlo sozialean, aldiz, arazo asko daude oraindik. Populazioaren zati handi bat txirotasunaren mailatik behera bizi baita.

Langabezia altua da, hala ere, eta per capita errenta EBren batez bestekoaren %40. EBk aurreikusi diru laguntzak nahikoak izango dira batez bestekora hurbiltzeko?

Europako Batasunaren diru laguntzak garrantzitsuak izango dira, baina garrantzitsuena da Estoniak zer egiten duen, zein garapen duen. Ezingo dugu berehala iritsi batez bestekora; 15-20 urte inguru beharko dira.

Esloveniaren kasuan bezala, legeak bi aldiz egin behar izan dituzue; independentziarekin lehenengo eta EBn sartzeko gero?

Bai, noski. Duela 12 urte lege propioak egin behar izan genituen, independentzia aldarrikatzean eta gero EBren irizpideetara moldatzeko. Baina, ez da arazo handirik izan.

Estoniarrek zer espero duzue EBtik?

Hainbat nahi daude. Eliteak Europako esparru ekonomikoan sartu nahi du; batzuek segurtasun berme handiagoak; ikasleek Mendebaldeko unibertsitateetan ikasteko aukera; langileek, bizi kalitatea handitzea; eta nekazariek, arlo horretara zuzenduriko laguntza handiei esker garapena bultzatzea.

Zein izan da Estoniarentzat oztopo handiena?

Estonia herrialde euroeszeptikoena zen eta politikariek ahalegin handiak egin behar izan dituzte komunikabideen bitartez, herritarrei azaltzeko zergatik sartu behar genuen EBn.

Herrialdeak duen arazoetako bat gutxiengo errusiarrarena da. Milaka lagun herritartasunik gabe daude. Zein da arazoaren muina eta nola konpondu?

Arrazoi nagusia Sobiet Batasunaren okupazioa izan da. Milaka errusiar etorri ziren Estoniara lanera, eta okupaziopean ez zuten inolako beharrik hizkuntza ikasi edo bertako ohituretara egokitzeko. Independentziarekin, ordea, egitura arazoak sortu ziren. Orduan, 90eko hamarkadaren amaieran, integrazio neurriak hartu zituen Gobernuak. Azken azterketen arabera, jatorri errusiarrekoen %40 dira estoniera hitz egin eta ulertzeko gai. Aurreko azterketek zioten kopurua %14koa zela, beraz, igoera handia izan da. Urratsez urrats ari dira integratzen eta belaunaldi berriek ez dute inolako arazorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.