Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Kataluniako proiektu independentista jokaleku politiko guztiz desberdin batean dago gaur egun. Izan ere, 2017ko urriaren 1a mugarri izan zen Kataluniaren historian. Egun hartan egin zuten autodeterminazio erreferenduma; auzitegiek legez kontrakotzat jo zuten hasiera-hasieratik, eta Espainiako Gobernuaren eta Polizia indarren erantzunak Espainiako Estatuan Francisco Franco diktadorea hil zenez geroztiko (1975) krisi larrienetako bat piztu zuen. Gerora etorri ziren 155. artikulua —zeinak Espainiako Estatuari bide eman zion Generalitatearen kontrola hartzeko—, politikari independentisten atxilotzeak eta erbesteratzeak, indultuak eta amnistia legea. Ia hamar urte igaro diren honetan, prozesuak jada ez dauka aurrez izan zuen indar bera. Ez Kataluniako politikarien artean, ezta herritarren egunerokoan ere. Hala ere, estatu propio bat izateko ametsak bizirik dirau herritar askorengan.
Monica Terribas kazetariak eta Nuria Franco Guillen UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Politika Zientzietako doktoreak gertutik bizi izan zuten auzia. Biek goraipatu dute mugimendu independentistak izandako indarra, eta azpimarratu dute oraindik ere bizirik dagoela independentzia nahiaren sugarra. Hala ere, azaldu dute herritarrek beste lehentasun batzuk dituztela orain; horietako asko, eskuin muturraren politikekin lotuta.
2019a eta 2020a urte ilunak izan ziren mugimendu independentistarentzat, eta biek uste dute orduan utzi ziola mugimenduak lehentasunen mahaian egoteari. 2010etik 2019ra, mobilizazioek ez zuten etenik izan, eta ugariak ziren herritarren ekintzak eta instituzioen lana. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak 2019ko urrian lider independentisten aurka emandako sententziak —bederatzi eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zien, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egotzita— eten egin zuen bidea. Terribasek azaldu du kolpe gogorra izan zela prozesuaren zaleentzat eta bultzatzaileentzat, eta denek ere «helburua lortu ez izanaren sentipena» izan zutela. Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak eta beste zenbait kontseilarik erbestera ihes egin zuten bi urte lehenago, erreferenduma egin eta hilabetera, eta hori ere kalterako izan zela azpimarratu du Terribasek: «Erbesteratzeek osagai interesgarriak dauzkate, baina herrialdearen pultsua erbestearekin oso lotuta dagoenean bakarrik funtzionatzen dute. Kataluniaren kasuan, erakundeek beren martxan jarraitu zuten, eta erbestearekiko deskonexio bat egon zen».

Gainera, COVID-19aren pandemia iritsi zen 2020ko martxoan; eta biak bat datoz beste faktore erabakigarri bat izan zela hori. «COVIDaren krisiak Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren egon zitezkeen saiakera guztiak desegin zituen kolpez, eta herritarren begirada desbideratu egin zen», adierazi du Francok.
«COVIDaren krisiak Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren egon zitezkeen saiakera guztiak desegin zituen kolpez, eta herritarren begirada desbideratu egin zen»
NURIA FRANCO GUILLEN UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Politika Zientzietako doktorea
Era berean, Francoren ustez, kolpean iritsi ziren beste zenbait auzi «garrantzitsu», eta horrek herritarren interesak desbideratu zituela uste du. Besteak beste, nazioartean abiatutako gerrak eta immigrazioaren eta LGTBI komunitatearen aurkako oldarraldiak; «bereziki transen aurkakoa», zehaztu du Francok. «Gaur egungo gazteek demokraziaren aurkako diskurtsoak entzuten dituzte egunero nazioarteko liderren ahoetatik, eta ikusten dute ezin dela demokraziaren bandera atera», gaineratu du Terribasek.
Horrekin lotu dute, gainera, Aliantza Katalana alderdi ultraren sorrera. Izan ere, Terribasek adierazi du alderdi horrek lehen lerroan dauden auzi asko erabili dituela alderdi independentisten aurka. «Ez dituzte egoera soziologiko edo ekonomiko erabakigarri horiek aztertzen. Faktore horietaz aprobetxatzen dira, eta diskurtso xenofoboa eta etnizista zabaltzen dute independentismoa aitzakia moduan erabilita».
Dirudienez, gainera, indar handiz sartuko dira Kataluniako Parlamentuan hurrengo hauteskundeetan. Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak uztailean argitaratu zuen azken barometroaren arabera, 23 eserlekutik gora eskuratuko lituzke alderdi ultra horrek, eta ERC Esquerra Republicanarekin lehiatuko litzateke bigarren postua lortzeko —JxC Junts Per Catalunyak ia hogei eserleku galduko lituzke, eta gehienez ere hemezortzirekin geldituko litzateke—. Francok azaldu du irudi horren zergatia: «Aliantza Katalana herritar dezepzionatuaren botoa jasotzen ari da; katalan asko desengainatuta sentitu da prozesuarekin, dena nola joan den ikusita, eta horien boto asko jasoko ditu protesta moduan».
Katea ez da eten
Hamaika arrazoik eraman dute Kataluniako auzia bigarren mailara, baina bi elkarrizketatuek azpimarratu dute mugimendu independentista ez dela amaitu, eta duela hamar urte kaleak hartu zituen masa sozial hori bizirik dagoela. Francok, esaterako, adierazi du kontu «ziklikoa» dela, eta nabarmendu du PSCk 2024ko maiatzean eskuratutako garaipenarekin ziklo bat amaitu zela Katalunian. «Hala ere, horrek ez du esan nahi orduan independentismoa goratu zuten faktoreek berdin-berdin jarraitzen ez dutenik, eta litekeena da biziberritze bat izatea eta herria mobilizatzen hastea», gaineratu du.
Francok aipatutakoa datuetan ere neurtu daiteke. Izan ere, CEOren uztaileko neurketaren arabera, gaur egun independentziaren alde daudenen kopurua handiena litzateke 2020az geroztik —%45 egongo lirateke independentziaren alde, eta %51 kontra—. Hala ere, Terribasek dio mugimendu independentistaren aldeko jende asko egon arren ez duela ikusten «proiektua bere gain hartzeko heldutasun demokratikorik».
«Hamar urte inbertitu ditugu mugimendu interesgarri batean, eta gure aurkari politikoak ez gaitu indartsuago ikusten; ahulago ikusten gaitu»
MONICA TERRIBAS Kazetaria
Horri dagokionez, garrantzitsuena egindako bidetik ikastea dela nabarmendu dute hala Terribasek nola Francok. «Hamar urte inbertitu ditugu oso mugimendu interesgarri batean, bere kabuz antolatutako jende ugarirekin, eta gure aurkari politikoak ez gaitu indartsuago edo arriskutsuago ikusten; ahulago ikusten gaitu. Eta horrek gogoeta bat merezi du», adierazi du Terribasek.
Francok, berriz, adierazi du alderdi independentistek berek begiratu behar dutela atzera, uste baitu haien esku dagoela mugimendu independentistaren beste olatu bat iristea, eta aurrez egindako okerrak berriz ez egitea: «Oso baikorra izatea litzateke berriro gertatuko ez dela pentsatzea, munduak erakusten baitigu gizartea kondenatuta dagoela bere okerrak behin eta berriro errepikatzera. Baina haiek pentsatu behar dute kontu horietan».

Horretarako, uste dute errelebo berri bat egin beharko litzatekeela Kataluniako alderdi independentisten lidergoetan —ERC, JxC eta CUP—. Eta biek azaldu dute orain arte ez dela hala izan. «Ez dago errelebo argirik; lidergo aldaketa argirik. Alderdiek kontuan hartu behar dute buruzagi independentistak ez dauzkatela amortizatuta, eta, beraz, herritarrei zaila egiten zaie pentsatzea lider berberek aldaketa handiak egin ditzaketenik», nabarmendu du Francok.
Bide beretik jo du Terribasek ere, eta adierazi du alderdi independentistek erabaki garrantzitsu bat hartu behar dutela epe ertain edo luzera begira: nork zuzenduko dituen datozen 30 urteetan. «Garrantzitsuena da proiektuek bizirik irautea. Eta, horretarako, proiektu horietako lidergoetan ondorengoak egon behar dira; hori ulertu beharra dago. Beste modu batera esanda, gu-ak ni-ari irabazi behar dio», azaldu du.
Izan ere, Terribasen iritziz, alderdi independentista horiek ez dira asmatzen ari beren irudia berregiten. «Agian ez diegu denbora nahikorik eman. Soilik zazpi urte pasatu dira Gorenaren epaia iritsi zenetik», azaldu du. Baina adierazi du bere kezka nagusietako bat dela alderdi independentistek ez jakitea alor politiko eta sozialean murgilduta dauden krisitik ateratzen: «Alderdi independentisten artean mendeku sentimendu bat dago; beren biziraupenean daude kontzentratuta, eta ez dute jakin indarrak batzen».
Horren harira, zera izan beharko litzateke alderdi independentisten erronka, Terribasen ustetan: 2017ko urriaren 1eko liderrek datozen belaunaldiei «50 edo 100 urtera begirako proiektu bat» transferitzea. «Horrek izan behar du helburua, eta horretarako egin behar dugu lan», azpimarratu du.