Oscar Grant, Trayvon Martin, Manuel Diaz, Kimani Gray, Eric Garner... Beltzak. Gehienak, armarik gabeak. Hilak. Deliturik egiten ari ez zirenak. Polizia zuriek edo zaindariek hilak. Bertsio kontrajarriak. Istiluak. Polizia gehienak errugabe izendatuak. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako lehen presidente beltza izendatu ostekoak dira guztiak. Atzerago joanez gero, 1991ra, beltzen kontrako polizia jazarpenaren ikurra, Rodney King: Los Angelesko Poliziak jipoitutako beltza. Eta Amadou Diallo, Abner Louima...
Izen bat gehiago: Michael Brown. 18 urteko gaztea. Beltza. Armarik gabea. Iragan larunbat eguerdian lagun batekin kalearen erditik zihoala, polizia auto bat parean geratu eta Darren Wilson poliziak hainbat tiro egin zizkion. Fergusonen gertatu da, Missourin. 21.000 biztanleko auzo pobrea. Hirutik bi, beltzak. Agintariak eta poliziak, zuriak. Zinegotzi beltz bakarra. 53 poliziatik hiru, beltzak. Darren Wilson zuria da.
Hildakoaren ingurukoen eta poliziaren bertsioak kontrajarriak dira.Dorian Johnson zihoan iragan larunbatean Brownekin, pasieran. Poliziaren auto bat parean jarri zitzaien, eta espaloira joateko oihu egin zien Darren Wilson poliziak. «Polizia atea irekitzen saiatu zen, baina guregandik hain gertu zegoenez, ateak gugan errebotatu zuen, eta haren kontra bueltatu zen», azaldu du Johnsonek komunikabideetan. «Leihotik besoa atera, nire lagunari lepotik heldu eta itotzen saiatu zen», zehaztu du. Brown ihes egiten saiatu zen. Johnsonek gehitu dupolizia Brown autoan sartzen saiatu zela, eta pistola atera zuela. «Lehen tiroa egin zuen. Michaeli odola zerion».
Biak korrika hasi ziren. Johnson ezkutatu egin zen. Brownek korrika jarraitu zuen. Darren Wilson autotik atera zen, Brownen atzetik, pistola eskuan. «Berriro tiro egin zion, eta nire lagunak [Michael Brownek], tiroa entzun zuenean, buelta eman zuen, besoak jaso, eta makurtzen hasi zen. Baina polizia harengana hurbildu zen eta hainbat tiro egin zizkion. Nire laguna hil egin zen».
Poliziak, berriz, dio Michael Brownek polizia auto barrura bultzatu zuela eta eraso egin ziola. «Ikerketaren une honetan, uste dugu autoan borroka egin zutela arma eskuratzeko», esan du aste honetan John Belmar Saint Louis konderriko poliziaburuak. Gutxienez tiro bat egin zutela autoaren barruan. Gero polizia autotik atera zela eta tiroketa bat «gertatu» zela. Saint Louisko poliziaren esanetan, Wilson ospitale batean artatu zuten tiroketa izan eta gero, buruan kolpeak jaso zituelako.
Informazio nahasia
Belmar poliziaburuari galdetu zioten ea zenbat tiro eman zizkioten Browni. Ez zuen zehaztu, azalpen nahasiak emanez: «Zaila da jakitea, baina bi baino gehiago izan ziren; baina ez dut uste bi baino askoz gehiago izan zirenik». Informazio falta da, hain zuzen, poliziari leporatu dioten akats nagusietakoa. Herritarrek Brown hil zuen poliziaren izena nahi zuten. Herenegun jakinarazi zuten Wilson izan zela.
Bi ikerketa daude abian. Bata, Saint Louiseko poliziarena; bestea, FBIrena. Agintari guztiek herritarrei lasaitasuna eskatu diete, ikerketaren emaitzak jakin arte. Jon Belmar Saint Louis konderriko poliziaburuak, dena den, adierazi du beren ikerketa nondik nora doan: auto barruan borroka egin zutela arma eskuratzeko.
Informazio falta leporatu diote Saint Louisko Poliziari, baina kasuarekin lotura zuzenik ez duen informazioa zabaldu du, bai Darren Wilsonen tiroak zuritzeko, bai Dorian Johnsonen sinesgarritasuna ahultzeko. Alde batetik, tiroketaren aurretik Michael Brownek denda batean egindako ustezko lapurreta baten irudiak eskaini zituen ostiralean, susmagarria zela esanez, eta Poliziak lapurretaren deiari erantzun ziola gehituz. Gero, egun berean Thomas Jackson Fergusongo poliziaburuak aitortu zuen Darren Wilson poliziak ez zuela ustezko liskarraren edo lapurretaren berririk. Bestetik, zabaldu dute Johnson lekukoak 2011n ustez bizkar zorro bat lapurtu zuela eta Poliziari gezurrezko izen-abizenak eta adina eman zizkiela.
AEBetan ohikoa da Poliziak beltzak zuriak baino gehiago geraraztea. Fergusonen beltzak dira hiru gidaritik bi baino gutxiago; poliziek gerarazitako gidarien %86, ordea, beltzak dira. DWB Driving while black deitzen diote beltzak izateagatik geratzeko jokaerari. Miatzen dituzten beltzen portzentajea zurien bikoitza da. Hala ere, zurien portzentaje handiago bati aurkitzen diote legez kanpoko substantziaren bat. Iaz 36 zuri atxilotu zituzten Fergusonen; 483 beltz.
Brownen hilketak protestak eragin ditu. Hainbat herritar atera dira kalera, azalpen, justizia eta konponbide eske. Istiluak eta arpilatzeak izan dira. Poliziak gogor erantzun die protestei. Guztiei. Poliziak tanke arinak, negar gasak, gomazko balak, frankotiratzaileak eta beste erabili ditu. Kazetariak atxilotu ditu. Eta politikariek eta komunikabideek eztabaidaren fokua, beltzekiko jazarpenean baino gehiago, Poliziaren militarizazioan jarri dute. Fergusongo istiluez arduratu diren poliziek, poliziak baino gehiago, soldaduak baitirudite. Irakera eta Afganistanera bidalitako soldaduak. Iraken eta Afganistanen erabilitako armekin. Segurtasun Departamenduaren datuen arabera, 2002tik 35.000 milioi dolar baino gehiago gastatu dituzte polizia lokala indartzen (26.000 milioi euro inguru). AEBek AEBetatik kanpo erabili ez dituzten arma asko polizia lokaletara iritsi dira.
«Aitzakiarik ez»
Demokratek eta errepublikanoek kritikatu dute poliziaren gehiegizko militarizazioa. Obamak berak onartu du Fergusongo istiluak ez dituztela ondo kudeatu. Orain, ardura Saint Louisko Poliziari kendu eta Missouriko autobideetako Poliziari eman diote, eta aurpegi adeitsuago bat jarri dute, Ronald S. Johnson, Fergusonen hazitakoa, beltza. Etxera bidali ditu SWAT polizia berezien ibilgailuak. Istiluak ez dira eten.
Michael Brown ez da poliziek hildako azken beltza. Ezzel Ford hil dute aste honetan bertan, Los Angelesen. John Crawford III hil zuten iragan astean, denda batean salgai zegoen aire eskopeta bat eskuetan zeukalako.
Brownena ez da kasu bakana. Hainbat analisitan nabarmendu dute beltzak hezkuntzan bertan hasten direla bazterketa jasaten, sistemak erraztu egiten duela beltzek ikasteari uko egitea, eta hezkuntza uzten dutenetako askok kalean, epaitegietan eta kartzeletan amaitzen dutela. Brownek astelehenean hasi behar zuen ikasturtea Vatterott College-n. Normandy High Schoolen ikasi zuen. Beltzak eta pobreak dira bertako ikasle gehienak. Kostata graduatu zen, amonaren eta gurasoen bultzadarekin. «Ikasi egingo dut, ez dut kalean amaituko», esan zion Brownek lagun bati.
Horregatik, amak gertatua ulertu ezinik hitz egin die agintariei eta zuriei, telebistan: «Badakizu zeinen gogorra zen niretzat semeak eskolan segitzea eta graduatzea? Badakizu zenbat gizon beltz graduatzen diren? Ez asko. Zuek maila honetara jaisten dituzuelako, non sentitzen duten ez dutela bizitzeko heldulekurik».
Eta Michael Brown ez da zerrendako azkena
Polizia batek Michael Brown gazte beltza hil zuen iragan astean AEBetako Fergusonen, eta herritarrak kalera atera dira, beltzen kontrako jazarpena salatzera. Poliziak gogor erantzun die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu