Zuzenbide Publiko Konparatuko katedraduna

Anna Mastromarino: «Etorkinak ez ditugu gizaki gisa ikusi nahi, arazo gisa baizik»

Etorkinen nortasuna lekuekin eta memoriarekin lotuta dago, Mastromarinoren arabera. Uste du zuzenbidea «indartsuenaren legearen tresna» bilakatu dela.

Anna Mastromarino. MAIALEN ANDRES / FOKU
Anna Mastromarino. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anna Mastromarino (Turin, 1975) Zuzenbide Publiko Konparatuko katedraduna da Turingo Unibertsitatean. Konstituzionalismoaren eta memoriaren inguruko hainbat lan egin ditu. Uztailean, hitzaldi bat eman zuen Migrazio eta Asilo Itun berria aztertzen EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroan: Migrazioa eta nortasun prozesuak. Memoria lekuak, lekuen memoria.

Zer lotura dute nortasunak eta migrazioak lekuekin eta memoriarekin? Zergatik erabaki zenuen zure ikerketak kontzeptu horietan oinarritzea?

Nire ama espainiarra da, eta frankismoaren garaian Italiara migratu zuen. Beraz, migrazioaren gaia familiako gaia izan da beti. Txikitatik, nolabait, gu existitzen ginen, baina han ez geunden leku urrun bat zegoela sentitzen nuen. Horren harira, amak esaten zidan une batetik aurrera immigranteak jada ez direla jatorrizko herrialdekoak sentitzen, baina ez direla inoiz dauden lekukoak guztiz izango. 

Ideia horietatik hasi nintzen lekua eta migrazioa lantzen, eta pentsatzen: zer egin dezake lekuak norbaiten presentzia benetako existentzia bihurtzeko? Eta, noski, hori guztia memoriarekin lotuta dago. Orduan, nire esperientzia familiarrak eta prestakuntza juridikoak topo egin zuten, eta memoria lantzen hasi nintzen, nik egin nezakeen modu bakarrean: juridikoki. 

Nola eraikitzen du etorkin batek bere nortasuna bere jatorrizko eta harrerako herrialdeen kulturek topo egiten duten testuinguru batean?

Etorkina, Georg Simmelen arabera, «geratzeko iristen dena da». Orduan, migrazioa pertsona batzuen baldintza gisa ulertzen badugu, eta ez bizitzaren etapa gisa, etorkinak deshumanizatzen ditugu. Gainera, immigranteekiko dugun ikuspegi baztertzaileak, eta ideia nazionalizatzaileak, etorkinei halakoak esatera eramaten gaitu: «Geratu nahi baduzu, ni naizena bihurtu behar duzu». 

«Migrazioa pertsona batzuen baldintza gisa ulertzen badugu, eta ez bizitzaren etapa gisa, etorkinak deshumanizatzen ditugu»

Memoria erabiltzen al da pertsona jakin batzuk, batez ere etorkinak, nortasun kolektibo batetik bereizteko?

Bai, hori da; memoria bidezko populismoa deitzen diot nik. Memoria tresna gisa erabiltzen badugu, biktimen ondorengoek biktima gisa ikusiko dute beren burua. Bestalde, borreroen ondorengoak beti izango dira etsai. Argi bereizten dira taldeak, eta berez populismoa da hori, etsai bat sortzen baita, «gu eta zuek» bat. 

Hitzaldian «memoria lekuen» kontzeptua aipatu duzu. Zer esan nahi du? 

Memoria lekuak nortasuna osatzen duten lekuak dira, eta norberaren parte dira. Leku horietan, herritar guztiak kolektibitate handi baten parte sentitzen dira. Bertan, memoria kolektibo bat dago, norbanakoa gainerakoekin konektatzen duena. 

Zer eragin dute etorkinek beren harrera herrialdeetan sortzen dituzten memoria lekuek, bereziki haien ondorengoengan?

Migranteek eta, batez ere, haien ondorengoek hainbat modutan ulertu ditzakete leku horiek. Adibidez, gizarteak bere kultura eta familia erabat gaitzesten baditu, bi erreakzio izan ditzake. Alde batetik, bere familia gorrotatu dezake, eta haien tradizioekin inolako harremanik ez izaten saiatu daiteke. Beste alde batetik, gizartearekiko gorrotoa garatu dezake. Bi erreakzio horietan gorrotoa da nagusi, ezagutu duten bakarra delako; kontua da gorrotoa norengana zuzenduko duen. 

Etorkinek jasotzen duten mespretxuaz hitz egin duzu. Zure ustez, nola eragiten du oraingo diskurtso arrazisten gorakadak etorkinen nortasunean?

Horretarako ere ez dago araurik, baina etorkinak, lehen esan dudan bezala, iritsi eta bertan geratu nahi dutenak dira; beraz, integratzeko grina dute. Adibidez, etorkinek beren seme-alabek bertako hizkuntza eta arauak ikastea nahi dute, eta eskolan ez diskriminatzea. Lehenengo interesa ez da eskolak bere jatorrizko hizkuntzan hitz egiten uztea, baizik eta eskolak umeei bertako hizkuntza erakustea eta integratzen laguntzea. Hau da, etorkinek iritsitako herrialdeko kulturan integratu nahi dute. Horrek ez du esan nahi berea galdu nahi dutenik, baina bestea ez dute baztertzen.

«Etorkinek iritsitako herrialdeko kulturan integratu nahi dute. Horrek ez du esan nahi berea galdu nahi duenik, baina bestea ez dute baztertzen»


Udako Ikastaroan, Europako Batasuneko Migrazio eta Asilo Itun berria aztertu duzue. Zer iritzi duzu horren inguruan? 

Nire ustez, Europako Batasunak etorkinekiko duen jarrerak ez du zerikusirik nortasunarekin, boterearen kontzeptu zaharrarekin baizik. Hau da, guk uste dugu munduarekiko ditugun pribilegioak kosta ahala kosta gorde behar ditugula, eta, etorkinek gure lasaitasuna arriskuan jar dezaketela uste dugunez —egia esan, ez dakigu—, haien kontra egiten dugu. Badakigu guk haiek behar ditugula, baina, gero, migrazioaren kontra dagoela eta denak kanpoan utzi beharko genituzkeela esaten du jendeak.

Beraz, giza prozesuak deshumanizatzen ari gara, eta, horretarako, zuzenbidea tresna tekniko gisa erabiltzen dugu. Inoiz ez gara arduratzen etorkinen nortasunaz. Guk etorkinez hitz egiten dugu, oro har, baina iristen diren ontzi horietan denetarik dago: Afrikatik datozenak, Asiatik datozenak, Alarengan sinisten dutenak, Budarengan sinisten dutenak, sinisten ez dutenak, baina guri ez zaigu axola.

Ez dago inolako erreferentziarik haiei buruz, etorkinak ez ditugulako gizaki gisa ikusi nahi, arazo gisa baizik. Eta, jakina, alderdi politiko batzuei asko gustatzen zaie hori, horren bidez arrakasta politikoa lortzen dutelako. 

Indartsuenaren legean gaude berriro. Horretara ez itzultzeko asmatu genuen zuzenbidea, baina badirudi orain indartsuenaren legearen tresna bilakatu dela. Legea jada ez dago babesgabearen alde. Egunen batean zuzenbidea berezko ideietara itzuliko dela espero dut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.