Etorkizuneko hamaika Gaza

Bi urte igaro dira Israelek Gazako erasoaldia hasi zuenetik, eta ez dago argi noiz amaituko duen. Halere, AEBak, Israel eta beste estatu batzuk hasi dira sarraskia bukatu ondorengo irtenbide posibleei erreparatzen; hainbat aukera daude mahai gainean.

Bi emakume beren etxeak utzita beste norabaitera bidean doazen gazatarrei begira, aurreko astean, kostaldeko Al-Raxid errepidearen alboan. HAITHAM IMAD / EFE
Bi emakume beren etxeak utzita beste norabaitera bidean doazen gazatarrei begira, aurreko astean, kostaldeko Al-Raxid errepidearen alboan. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urriaren 6a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohikoa izaten da ataza bat bukatu aurretik horren ondoren egin beharreko zereginei erreparatzea; egiteko zer gelditzen den ezin burutik kentzea. Horretan dabiltza nazioarteko hainbat herrialde eta gobernu talde: Gazaren etorkizuneko gobernabidearen eta kudeaketaren inguruko planak egiten. Mahai gainean dago, besteak beste, gazatarrak beren sorterritik kanporatzea eta ia bi milioi pertsona beste herrialde batzuetara bidaltzea; turismorako luxuzko «Riviera bat» eraikitzea; eta nazioarteko agintaritza talde batek behin-behinean zerrendan agintzea. Proposamen horietako batzuk hasi dira bidea egiten, nahiz eta ezin den jakin Israelek noiz utziko dion Gazari eraso egiteari. 

Ekialde Hurbileko Riviera

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu aldamenean zuela egin zuen iragarpena AEBetako presidente Donald Trumpek, Washingtonen, iragan otsailaren 5ean: Tel Avivek erasoaldia amaitutzat eman ondoren, «Ekialde Hurbileko Riviera bat» eraiki liteke Gazan. Etxe Zuriko maizterraren arabera, «mundiala» litzateke, nahiz eta horretarako zerrendan bizi diren ia bi milioi gazatarrak Egiptora edo Jordaniara bidali beharko lituzketen. 

Proposamenak haserrea eragin zuen nazioartean, eta sare sozialetan bolo-bolo zabaldu ziren adimen artifizialarekin sortutako bideoak, lehenik Trumpek sustatutako bat, eta segidan Trump eta Netanyahu Riviera horren itsasertzean odoletan blai agertzen zirenak ere bai. Egiptoko eta Jordaniako agintariek aho batez gaitzetsi zuten burutazioa. Ordutik, Trumpek ez du plan hori berriro ere aipatu.

Desplazamendua

Gaza inguruko herrialdeek argi utzi dute ez dutela, inondik inora ere, zerrendatik indarrez kanporatutako palestinarrik beren lurraldeetan hartuko, iritzita gazatarrek eskubidea dutela beren sorterrian bizitzeko. Hala, beste norabide batzuetara begira jarri dira AEBak eta Israel. Nazioarteko hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, Washingtonek eta Tel Avivek lau lurralde dituzte begiz joak: Libia, Somalia, Somalilandia eta Sudan. Are, desplazamendu masibo hori kudeatzeko, «migraziorako sail handi bat» sortu dute Israelgo Defentsa Ministerioaren barruan, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek joan den martxoan jakinarazi zuenez.

Ez dago argi, dena den, Israelek eta AEBek beren asmoak beteko ote dituzten. AFP France-Press albiste agentziaren arabera, Sudango Gobernuak dagoeneko eman dio ezezkoa gazatarrak hartzeko proposamenari; nahiz eta, iturri ofizialak aipatuz agentzia horrek zabaldu zuenez, AEBek trukean eskaini zioten RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren aurkako borrokan militarki laguntzea. Hain justu, Sudango Gobernua gerran dago talde horrekin 2023ko apirilaz geroztik.

Times of Israel egunkariaren arabera, bestalde, Israelgo Atzerri ministro Eli Cohenek egin ditu Somalia eta Somalilandia limurtzeko lanak. Edonola ere, bi lurralde horietako agintariek gezurtatu egin dute palestinarrak hartzeko prest leudekeela. Egunkari horrek kaleratu zuenez, Somaliari hitzeman zioten trukean Al-Xabab talde jihadistaren aurkako borrokan laguntzea; Somalilandiari, berriz, herrialdea burujabe eta independente gisa aitortzea. 

Ate guztiak ez daude itxita, ordea. Libiako Gobernuko bi iturri ofizial aipatuz Middle East Eye hedabideak aurreratu zuenez, Libiako ordezkaritza bat Israelgo agintari batzuekin bildu zen joan den abuztuan, palestinarren desplazamenduaz hitz egiteko. Informazio horren arabera, AEBek duela hamalau urte blokeatutako diru saldo bat emango liokete Libiari; hots, 25.000 milioi euro inguru.

Trumpen azken proposamena

Ekialde Hurbilean «Riviera bat» eraikitzeko asmoa alboratuta, Washingtonek beste plan bat ondu du. Asteon plazaratu dituzte AEBek proposamen horren xehetasunak, Trump Netanyahurekin Etxe Zurian bilduta zegoela. Egitasmoak hogei puntu hartzen ditu barne, eta horien artean dago zehaztuta, besteak beste, Israelgo tropak zerrendatik aterako liratekeela, Hamasek akordioa onartu ondorengo 72 orduetan bahitu guztiak itzuliko lituzkeela —hilik zein bizirik—, Hamaseko kideek «bizikidetza baketsurako konpromisoa» hartuko luketela, eta armak entregatzean «amnistiatuak» izango liratekeela. Horrez gain, planean aipatzen da herrialde musulmanek beren tropak Gazara bidaltzea, eta laguntza humanitarioa sartzea; hots, GHF Gazako Fundazio Humanitarioa talde mertzenarioaren ardura izan beharrean, NBEren eta haren organoen ardura izango litzateke laguntza banatzea.

Zerrendako gobernabideari dagokionez, behin-behineko nazioarteko agintaritza talde bat ezartzea jasotzen du Trumpen proposamenak, zeina gehienez ere bost urte egongo litzatekeen indarrean. Plan hori betetzen bada, batzorde «apolitiko eta teknokrata palestinar bat» arduratuko da egunerokoan zerbitzu publikoak kudeatzeaz: talde hori palestinar gaituek eta nazioarteko adituek osatuko dute, eta trantsiziorako nazioarteko organo berri batek gainbegiratu, «Bake Batzordeak». Trump izango da batzorde horren burua, eta beste estatuburu batzuk ere izango ditu ondoan; tartean, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohia (1997-2007).

Azken proposamen horrek ez ditu aurrekoek bezainbeste kritika eragin; are, nazioarteak, oro har, ondo hartu du, baita Palestinako Estatua aitortu dutenek ere. Halere, mesfidantza sortu du horren atzean Blair egoteak. Izan ere, George W. Bush AEBetako presidente ohiak (2001-2009) babestu zuen 2003an, hark Irak inbaditzeko asmoa azaldu zuenean. 

Bi estaturen konponbidea

Trumpek eta Netanyahuk zokoratua duten irtenbide bat proposatu dute Saudi Arabiak eta Frantziak: 1947an NBEk onetsitako plana berreskuratzea, eta bi estaturen konponbidea gauzatzeko bide orriari ekitea. Horretarako, goi bilera bat antolatu zuten duela bi aste, New Yorken, NBEren Batzar Nagusia hasi aurretik. Hurrengo egunean kaleratutako oharrean, nabarmendu zuten zer urrats egin beharko liratekeen Gazako sarraskia amaitu ondoren; kasurako, «egonkortasuna» bermatzeko behin-behineko nazioarteko misio bat hedatzea. Hori bai, zehaztu zuten NBEren Segurtasun Kontseiluak eman beharko lukeela agindu hori. Bestalde, azpimarratu zuten Hamasek ezingo lukeela Gazan agindu eta armagabetu egin beharko lukeela.

Riadek eta Parisek ondutako planak bat egin dezake PAN Palestinako Aginte Nazionalaren asmoekin. Mahmud Abbasek, PANeko presidenteak, telematikoki hartu zuen parte NBEren Batzar Nagusian, eta esan zuen PAN prest dagoela Gaza gobernatzeko. Are, hitzeman zuen gerra bukatu eta urtebetera egingo lituzketela hauteskundeak; bozak egin bitartean PANeko ministro batek gidatutako administrazio talde bat eratzea ere proposatu zuen, besteak beste, zerrenda Zisjordaniarekin batzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.