Munduko «lekurik ederrenetako batean» dago apartamentua, «Itsaso Hilaren eta Judeako mendien artean»; bestea etxebizitza bat da, desertuaren alboan dagoena, «Jerusalemera begira»; eta hirugarrenak jacuzzi pribatu bat du, eta sorbaldan eta ipurmasailetan masajeak ematen dituen aulki bat. Pisu turistikoak dira, eta Airbnb enpresaren webgunearen bidez alokatu daitezke. Jabeek iragarkietan egindako deskribapenen arabera, paraje ezin hobeak dira familian edo lagun artean estresik gabeko denboraldi bat igarotzeko, eta horixe bera adierazi dute jada etxebizitza horietan atseden hartu duten ehunka erabiltzailek, webgunean idatzitako oharretan. Ez dute iritzi bera izango, ziur aski, lur horietatik kanporatuak izan ziren palestinarrek; izan ere, kolono juduek indarrez eta legez kanpo okupatutako eremuetan daude orain pisu turistiko horiek guztiak, Zisjordanian.
Aipatutako lehenengo etxebizitza Ovnat izeneko kokagune judu batean dago, Zisjordania hego-ekialdean, Itsaso Hilaren atarian; kolono israeldarrek 1983an okupatu zuten lurralde hori. Bigarrena Kfar Adumim kokagune juduan dago, Zisjordania mendebaldean; 1979an eraiki zuten tokia. Hirugarrena, berriz, Kfar Eldad kokagune juduan dago, Zisjordania hego-mendebaldean, eta 1982an okupatu zuten. Herbehereetako SOMO GKE gobernuz kanpoko erakundean egiten du lan Lydia de Leeuwk, eta gaitzetsi egin du eremu horietan eraikitako negozioa: «Kolonia judu guztiak legez kanpokoak dira, hortaz, ez dago modurik haiekin bidezko transakzio ekonomikorik egiteko».
De Leeuwk hamar urte daramatza SOMOn lanean; ikertzailea da, eta, azaldu duenez, zera da elkartearen helburua: argitzea multinazionalek eta enpresa handiek zer jokabide duten eta zer ondorio dituzten beren negozioek. Haren lantaldeak ez du Airbnb konpainiaren jarduna aztertu, baina ongi ezagutzen du turismoaren sektoreko beste enpresa erraldoi bat: Booking. Konpainia horren webgunean ere aise aurki daitezke legez kanpo sortutako kokagune juduetan eraikitako pisu turistikoak. «Urteak daramatzagu turismoaren esparruko konpainiek kolonoen mugimenduarekin duten harremana ikertzen, eta, azkenean, horien aurka egiteko tresna juridikoak baliatzea erabaki genuen».
SOMOk Bookingen aurkako salaketa bat aurkeztu zuen 2023ko azaroan, Herbehereetako Fiskaltzan, konpainiari dirua zuritzea egotzita. De Leeuwk kontatu du zergatik erabaki zuten delitu hori leporatzea: «Booking ez da palestinarrak beren lurraldeetatik botatzen ari, ez da eremu horietan kokagune juduak eta etxebizitzak eraikitzen ari, baina etekin bat lortzen du ekintza horiei esker; hortaz, eredu ekonomiko jakin bat sortzen ari da okupazioaren bidez». Gainera, De Leeuwk nabarmendu duenez, salaketa Herbehereetako Fiskaltzan jarri ahal izateko ezinbestekoa zen egiaztatzea Bookingek operazio horien bidez lortutako dirua herrialdeko banku batera sartzen zela.
«Booking ez da palestinarrak beren lurraldeetatik botatzen ari, baina etekin bat lortzen du ekintza horri esker»
LYDIA DE LEEUW SOMO GKEko ikertzailea
NBE Nazio Batuen Erakundeak zerrenda bat kaleratu zuen duela bost urte, 2020an, zeinean Zisjordanian eraikitako legez kanpoko kolonia juduekin harremana duten enpresak izendatzen baitira. Horietako bat da Booking. SOMOk iaz egin zuen publiko salaketa; izan ere, De Leeuwk azaldu du pauso hori eman baino lehen beren ekintzak justifikatzeko aukera ematen dietela ikertutako konpainiei. Bookingek sei hilabete beranduago erantzun zien akusazioei, iazko maiatzaren 15ean. De Leeuwk BERRIAri bideodei bidez bidalitako estekan, argi irakur daiteke orduko hartan Bookingek emandako erantzuna: «Gure bezeroek eskubidea izan behar dute beren kabuz erabakitzeko zer leku bisitatu nahi duten».
Dokumentu horretan aipatzen da, besteak beste, herrialde bakoitzean indarrean dauden legeen arabera jarduten duela konpainiak. «Hau da, kasu honetan, okupatzaileak legezkotzat jotzen dituenez palestinarrei hartutako lurraldeak, ez dago arazorik», esan du SOMOko ikertzaileak. Hain justu, ebazpen ez lotesle bat kaleratu zuen iazko uztailean Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Horren arabera, nazioarteko herrialdeek betebeharra dute Zisjordanian legez kanpo eraikitako kokaguneak ez babesteko, baita horiekin lotura izan dezakeen negozio oro ekiditeko eta zigortzeko ere. «Ebazpena oso argia da, ezin da zalantzan jarri», dio De Leeuwk.
Gora doan negozioa
Israelek 1967an okupatu zuen Zisjordania; ordutik, Israelgo Gobernuak geroz eta baimen gehiago eman ditu legez kanpoko kokagune juduak eraikitzeko. Kasurako, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek asteon bertan iragarri du ontzat eman dutela Jerusalem ekialdean zenbait lurraldetan etxebizitzak eraikitzeko plan bat. Egitasmo horren aurka agertu dira hogei herrialde baino gehiago, hala nola Europako Batasunekoak, Australia eta Japonia. Halere, Tel Avivek kostata egingo du atzera.
Egoera penagarria dela uste duen arren, De Leeuwk nabarmendu du norbanako bakoitzak baduela «eragiteko gaitasuna». «Herritar asko ari dira Israelen aurkako ekintzetan parte hartzen, batzuk bizitza osoa daramagu borroka horretan, eta badakit oso etsigarria dela guztiak berdin jarraitzen duela ikustea, baina ezin dugu amore eman. Konpainiek gu behar gaituzte dirua irabazteko, eta haiei dirurik ez ematea erabaki dezakegu guk».
«Konpainiek gu behar gaituzte dirua irabazteko, eta haiei dirurik ez ematea erabaki dezakegu guk»
LYDIA DE LEEUW SOMO GKEko ikertzailea
Munduko «lekurik ederrenetako batean» dago apartamentua, Itsaso Hilaren alboan. Ovnat kokagunean dagoen etxebizitza horretan 851 euroren truke igaro dezakete astea bi pertsonak. Dagoeneko han izan diren erabiltzaileek idatzitako iruzkinen arabera, «oso eremu lasaia da», «atseden hartzeko, primerakoa». Bookingen aurkitu daiteke iragarkia; hura, eta mota bereko beste hainbeste. Eta, halere, borrokari eustearen beharra aldarrikatu du De Leeuwk: «Bestela, hamabost urte barru posible izango da Gazako kostan oporretarako pisu turistiko bat alokatzea».