Etxeratzea, merkeago

Pakistanek NATOko konboiei berriz ere Afganistanerako bidea ireki izanak tropen erretiratzea erraztuko du 2014rakoAEBen arabera, debekuak 81 milioi euroko kostu gehigarria eragin dio NATOri

Etxeratzea, merkeago.
mikel rodriguez
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Zazpi hilabeteren ondoren,NATOko lehen konboiak atzo hasi ziren Pakistango bideak gurutzatzen Afganistanen sartzeko. Mugako postuetako bat Pakistanen menpeko Balutxistango zatian dago, Chaman hirian. Sharfraz Gul mugako guardiak jakinarazi duenez, kamioiak pasabidea gurutzatzen hasi ziren baimena jaso eta 24 ordura. Geo telebistaren arabera, berriz, Karachiko portutik 135 kamioi atera ziren herrialde osoa gurutzatzeko helburuz. Denbora tarte honetan, NATOk Asia erdialdeko aire bidean topatu du Afganistanen dituen tropak hornitzeko alternatiba, baina bide zaharrak berreskuratuta arnasa lasai hartu dute okupazioaren arduradunek, bertzeak bertze, 2014rako iragarritako tropen etxeratzea merkeago aterako baitzaie.

Intendentziak, tropen hornitzeak, berebiziko garrantzia du gerran. Zazpi hilabeteko parentesi hau garesti atera zaio NATOri. Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariaren arabera, Pakistanen debekuak 100 milioi dolarreko kostu gehigarria eragin dio aliantzari (81 milioi euro). ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrarentzat bideratutako gaiek Baltiko itsasoan hasten zuten bidea, eta Asia erdialdeko errepubliketan aireportuak, baseak edo garraiorako baimena edukitzea ezinbertzeko baldintza zen. Horrek harreman diplomatikoak lantzea eta zaintzea eskatzen zuen gehiengo musulmana duten herrialdeetan, eta tradizioz Errusiaren eraginpeko eremuan.

Errusiako aireportua

Kostu handiarekin bada ere, bide horrek funtzionatu dioNATOri. Duela egun batzuk, gainera, lorpen diplomatiko handia erdietsi zuen, Errusiak Ulianovsk hirian (Moskutik 900 kilometro ekialdera) aireportu bat erabiltzeko baimena eman baitzion.

Hala ere, hornitzeaz gain, bi urte barrurako tropak etxeratu nahi ditu NATOk, eta milaka soldadu, ibilgailu, eta bertzelako materialak eta azpiegiturak ateratzeko bide zuzenena Pakistan gurutzatzea da. Soilik Asia erdialdeko bidea edukitzeak etxeratzea gibelatu eta garestituko zukeen. Frantziak, adibidez, urte amaierarako atera nahi ditu tropak, eta Washingtonek Islamabadekin lortutako akordioak helburu hori erraztuko dio.

Hitzarmena, ordea, ez zaie doan atera AEBei. Zergak 2011ko iraileko bera izaten segituko du: 200 euro inguru kamioi bakoitzeko —Mendebaldeko iturrien arabera, iragan maiatzean Chicagon (AEBak) izandako elkarrizketetan, Pakistanek 4.000 euro eskatu zituen kamioi bakoitzeko—. Trukean, AEBek blokeatutako 968 milioi euroak helaraziko dizkio Pakistango armadari. Afganistanekiko muga elkarlanean zaintzeagatik AEBek ordaindu beharreko kopurua da hori.

Pakistango bidea zuzenena den arren, Asia erdialdekotik ez zuen arrisku bati aurre egin beharko dio NATOk, talibanek konboiei erasotzeko mehatxua egin baitute bideak ireki direla jakin eta berehala. Pakistango ipar-mendebaldean dute presentzia talibanek, beraz, litekeena da hango pasabideak bihurtzea punturikarriskutsuena. «Ez diegu soilik kamioiei erasoko. Gidariak ere hil eginen ditugu», ohartarazi du Ehsanullah Ehsan talibanen bozeramaileak.

«Sentitzen dugu»

NATOk iazko azaroan aire eraso batean Pakistango 24 soldadu hil ondoren erabaki zuen Islamabadek horniketa bideak ixtea. Eraso hori, ordea, tentsio aldi luze baten azken adibidea izan zen. Barack Obama presidenteak «doluminak» agertu zituen ekintzagatik, baina Pakistanek AEBen barkamena exijitu zuen. Pentagonoak, ordea, ez zuen horretarako asmorik. Azkenean, Hillary Clinton Estatu idazkariaren ahotik etorri da pausoa. Barkamen eskaera ofizial bat egin beharrean, ordea, «sentitzen dugu» formula erabili du, Pentagonoaren oniritziarekin. Islamabadentzat nahikoa izan da, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.