Indar nuklearra

Euren saio nuklearrak NBEren Segurtasun Kontseilura eramanez gero "bide diplomatikoa agortu" egingo litzatekeela oharrarazi du Iranek

Iraneko saio eta ikerketa nuklearrak atzera abian jartzea erabaki duela eta, auzi hori NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilura eramatea deliberatu dute bart goizaldean erakunde horretako bost kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— Europako Batasunaren eta Alemaniaren babesarekin. Ekimen hori gauzatuko balitz "bide diplomatikoa agortutzat" joko lukeela oharrarazi du Irango Gobernuak.

2006ko urtarrilaren 31
11:41
Entzun
EB Europako Batasunarekin negoziatzen jarraiteko prest dagoela agertu du Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko zuzendariak, baina euren saio nuklearren inguruko auzia Nazio Batuen Segurtasun Kontseilura eramanez gero, bide hori agortutzat emango dutela nabarmendu du.

Gholamreza Aghazade Irango lehendakariorde eta Energia Atomikoaren Erakundeko burua, berriz, Segurtasun Kontseiluaren inguruko ekimen horrek ez duela "oinarri legalik" salatu du. "Mendebaldearen arazo nagusia da ezin dutela lege justifikaziorik aurkitu Iran Segurtasun Kontseilura eramateko", adierazi du.

Hala ere, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari Iran Segurtasun Kontseilura eramateko eskaria egitea erabaki zuten atzo AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak; hau da, Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek.Gainera, Europako Batasunaren eta Alemaniaren babesa izan dute. Dena den, Segurtasun Kontseiluak erabaki bat hartzeko martxo arte itxarotea onartu zuten, IAEAren azken txostenaren berri izan arte.

Iranek harreman diplomatikoak landu ditu Errusiarekin eta Txinarekin neurri horren aurka ager zitezen, baina, azkenean, AEBek bultzatutako ekimenarekin bat egin dute bi herrialde horiek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.