ASIAKO LURRIKARA

Euriteak eta luizien arriskua laguntza eragozten ari dira

Iturri ofizialen arabera, Pakistanen eta Kaxmirren gutxienez 34.300 pertsona hil dira lurrikararen ondorioz

2005eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Gora doa hilen kopurua, larunbatean Pakistan, Kaxmir (Pakistanen eta Indiaren menpe) eta Indian lurrikara gertatu zenetik agintariek emandako lehen kopuruetatik. 7,6 graduko seismoak hil zituenak hondakinetatik atera ahala handitzen da hondamendiaren tamaina. Orain arte Pakistango Gobernuak esan bazuen hilak 21.000 baino gutxiago zirela, atzo adierazi zuen gutxienez 33.000 direla (gehienak Pakistanen kontrolpeko Kaxmirren). Indiaren menpeko Kaxmirren, aldiz, gutxienez 1.300 hil direla (herenegun 700 inguruko kopurua ematen zuten) zabaldu zuen atzo Manmohan Singh lehen ministroak. Afganistani dagokionez, NBEk zehaztu zuen gutxienez hiru hil zirela. Halere, askok negar egiteko motiboak zituzten bitartean, pozerako tarterik ere izan zen, esaterako Balakot herrian (Pakistan) eskola baten hondakinetatik 40 ume bizirik atera zituztenean.

Bitartean, Pakistango zein Indiako gobernuak eta nazioartea erakunde ofizial zein gobernuz kanpokoen bidez giza laguntza bidaltzen segitzen zuten, baina zenbait lekutan euriteek eta luizi gehiagoren arriskuak banaketa eragotzi zuten atzo.Hondamendiaren tamaina ikusirik, estatu askok hasieran eskainitako diru laguntza bikoiztu dute, bereziki Persiako Golkokoek, non bi milioi pakistandar inguru bizi diren.Pakistango Barne ministro Aftab Ahmed Sherpaok esan arren bere gobernuaren kontrolpeko eremuan Kaxmir izan da gogorren astindua hilak gutxienez 33.000 direla, beste kalkulu ez ofizial batzuek kopuru hori 50.000 inguruan jartzen zuten.Indiako lehen ministroak, berriz, bere gobernuaren menpeko gunea, bisitatu ondotik «zoritxar nazional» iritzi zion hondamendiari, eta 116 milioi dolarreko laguntza agindu zuen. Azaldu zuenez, 30.000 etxebizitza inguru birrinduta edota kaltetuta daude eta milaka pertsonak oraindik aterpe eta elikagaien beharra du. «Uste dut lehentasuna dendak eta negurako arropa egokia hornitzea dela», esan zuen. Haatik, lurrikararen ondorioei aurre egiteko AEBek eskainitako diru laguntza errefusatu baina eskertu zuen Indiak. «Barne baliabideekin» moldatuko dela argudiatu zuen , Defentsa ministro Pranab Mukherjeek. Eskaintza AEBetako Defentsa idazkari Donald Rumsfeldek egin zion astelehenean bere kargukideari, telefonoz. Honek, ordea, esan zuen bere gobernuak egoera «kontrolpean» duela. Kanpoko laguntza errefusatzeaz gain, betiko etsaiari, Pakistango Gobernuari, laguntza igorri dio New Delhik.

Herritarren haserrea

Nolanahi ere, lurrikaratik bizirik ateratakoentzako kanpamendu bat bisitatu zuenean, Kaxmir zatitzen duen Kontrol Lerroaren ondoko Uri hirian, herritar askok aurre egin zioten Singhi, laguntzaren banaketa «okerraz» kexu.

Hainbat herritar haserre daude, laguntza ez delako oraindik iritsi. Askok beren esku hutsez indusi dute hondakinetan, gorpuak eskuratzeko. Zenbait tokitan ez dute laguntza taldeen berririk. «Oraingoz ez zaigu deus eta inor ere iritsi. Hotzak eta goseak jota hiltzen ari gara», kexatu zen Ryaz Ahmad Uri ondoko Garkote herriko bizilaguna. Salbamendu taldeetako kide asko luiziei eta lurralde pikoei aurre egin behar diete mendietan gora bakartuta geratu den jendearengana iristeko. Nayeem Akhter goi funtzionarioak jakitera eman zuen 12.000 pertsona baino gehiago bizi da oraindik laguntzarik jaso ez duten herri eta herrixketan. «Ez dakigu deus haien gainean», esan zuen.NBEren arabera, lurrikarak mila ospitale inguru «erabat suntsitu» ditu Pakistango estatuan (Islamabadeko gobernuak kontrolatzen duen Kaxmirren zatia barne). Horrek zauritutako milaka pertsonaren larrialdiko artatzea «izugarri» oztopatu duela zehaztu dute NBEk zein OME Osasunerako Munduko Erakundeak.

Larrialdiko eskaera

Pakistanek premiazko deia egin dio nazioarteari, behin-behineko ospitaleak, antibiotikoak, tifusaren kontrako botikak, hausturak artatzeko gaiak eta tresneria kirurgikoa, besteak beste, bidal dezan. Horrez gain, eta negua gainean dagoela kontuan hartuta, babes eta aterperako ekipoak eskatu ditu, hala nola dendak, plastikozko estalkiak eta burusiak, «aterpe beharrean dauden lau milioi inguru pertsonarentzat», NBEk giza laguntza koordinatzeko duen bulegoak (OCHA) atzo azaldu zuenez.

Erietxeen suntsiketari mediku, erizain eta osasun arloko bestelako hainbat langileren heriotza erantsi behar zaio. Hainbat erakundek OME, MSF Mugarik Gabeko Medikuak eta Oxfam International, haien artean ohartarazi dute neurri bizkorrak hartu ezean litekeena dela ur kutsatuak gaixotasunak (baita izurriteak ere) agertzea eragitea. Gainera, edateko uraren eta komunen premia handia dagoela jakinarazi dute egunotan. Atzo OMEk zehaztu zuenez, umeentzako elgorriaren kontrako txertoak behar dira. «Osasun laguntza eginahal handia koordinatzeko beharra dago, jendeak larrialdiko artatzea jasotzen duela ziurtatzeko eta egoera txarra are okerrago bihurtzea eragozteko», gaineratu zuen OMEko ordezkari Ala Alwanek. Erakundea 1.000 ebakuntza egiteko materiala eta botikak eta hilabete batez 210.000 pertsona laguntzeko adina elikagai eta oinarrizko botika bidaltzen ari da lurrikarak kaltetutako eskualdeetara. Hondamendiak aurreikusteko NBEko adituek esan zuten Himalaiako mendikatea lurrikarak gertatzeko arrisku handiko eremua dela eta Pakistanen, Afganistanen, Kaxmirren eta Indian gertatutako «ezohiko» lurrikarak erakusten duela eskualdean egitura sendoko ospitale eta ikastetxeak eraikitzeko beharra. Bestalde, Indiako Armadak esan zuen balitekeela Pakistanen menpeko Kaxmirren gerrillari independentistek dituzten hainbat kanpamendu suntsituta geratu izana, lurrikarak jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.