Israel Palestina bonbardatzen hasi zenetik, milaka pertsona bizi dira kalean Gazan. Haien etxeak suntsituta, hala moduzko txabola edo kanpadendetan biziraun dute orain arte. Asteburu honetan, ordea, lehen euriteak eta hotza iritsi dira, eta agerian geratu da zein hauskorrak diren babesleku horiek. Asko urez bete dira, eta beste hainbat hegan atera dira ekaitzaren eta haizearen ondorioz. Hori dela eta, bertan bizi diren hainbat herritarri goitik behera busti zaizkie ondasun gutxiak, eta kalean pasatu behar izan dute eguna, denboraleari aurre egiteko modurik gabe. Bitartean, laguntza humanitarioak Gazan sartu ezinda jarraitzen du.
Palestinako kanaletan zabaldutako bideoetan, etsita ikusten dira hainbat herritar, haizeak eta ekaitzak etxea suntsitu dielako. Israelek, azkeneko bi urteetan egiten ari den erasoaldiarekin, Gazako zerrendan zeuden etxebizitzen %92 suntsitu ditu, gaur-gaurkoz. Horrek herritarrak karpetan babestera behartu ditu, baina karpa horiek ezer gutxi lagun dezakete udako beroteei eta neguko ekaitzei aurre egiteko. Agintariek jakinarazi dutenaren arabera, oraingoan gehien kaltetutako eremuak Tunel, Al-Daraj, Al-Jarmuk, Al-Zaitun eta Gaza Hiriko Al-Xati kanpamentua izan dira, herrialdearen iparraldean.
NBE Nazio Batuen Erakundearen bozeramaile Stephane Dujarric, ostiralean egindako agerraldi batean, kezkatuta agertu zen hango herritarren osasunagatik, «milaka familia eguraldi gogorraren menpe» daudelako. NBEren bozeramaileak gaineratu zuen laguntza humanitarioa Gazan sartzeko hogei eskaera baino gehiago baztertu dituela Israelek urriaren 10az geroztik —Gazan su-etena hasi zenetik—, eta laguntza eskaintzeko materialak blokeatuta utzi dituela. «Euren burua babesteko Gazan premiaz behar dituzten materialak Jordanian, Egipton eta Israelen harrapatuta daude oraindik ere, Gazara sartzea noiz onartuko zain.
Egoera zein larria den ikusita, PAN Palestinako Aginte Nazionalak Israeli eskatu dio bertan behera utz ditzala kanpadenda berriak eta etxe mugikorrak Gazan sartu ez daitezen jarritako «murrizketak eta oztopoak». Eta AEB Ameriketako Estatu Batuei eta gainerako bitartekariei zuzenean eskatu die Israeli «presio egiteko» laguntza humanitarioa Gazan sar dadin. Wafa albiste agentziaren bidez zabaldutako oharrean, PANek gogorarazi du «egoera oso zaila» dela, eta «arriskuan» jartzen duela «haurren, emakumeen eta adinduen bizitza».
Urriaren 10ean sinatutako su etenak «behartu» egiten du Israel laguntza humanitarioa bermatzera eta sarbidea azkartzera, lehenengo fasean behintzat. Gaur-gaurkoz, baina, Benjamin Netanyahuren gobernuak «murrizketa gogorrak» ezarri ditu, eta, kontrol luzeen bitartez, janaria, sendagaiak eta aterpeak daramatzaten kamioien sarrera atzeratzen ari da.
Bonbardaketek etenik ez
Su etenaren akordioa sinatuta badago ere, Wafa albiste agentziak jakinarazi duenez Israelek Gaza Hiria bonbardatu du berriro gaur goizean. Hango hedabideek adierazi dutenez, Gazako Xujaiya auzoan izan da bonbardaketa. Eta, horrez gain, beste bi eraso ere egin ditu Israelek: drone batek Jabaliako errefuxiatuen esparrua tirokatu du, eta, hegoaldean, itsasontzi batek Rafahko kostaldearen aurka egin du tiro.
Bestalde, Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi du Israelek bahitutako palestinarren beste hamabost gorpu eman dizkiola Palestinari, Hamasek gatibu baten gorpua Israeli eman ostean. Sinatutako akordioaren arabera, Israelek palestinarren hamabost gorpu itzuli behar dizkio Palestinari, Hamasek bahituta zeukan israeldar baten gorpua Israeli ematearen truke. Guztira 28 pertsona zituen bahituak Hamasek, eta hiru besterik ez dira geratzen Hamasen menpe.